Edukira joan

Sanjoan kantaita

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Juanen kantaita, 2014

Sanjoan kantaita Urdiaingo kanta bat da, Donibane jaian neska gazteek abesten dutena. San Joan baselizara joaten dira eta herriko neska gazteek abesten dute, belarretik garira joango dela ospatuz. Bazkalostean elkartu, eta azken entsaioak egin ondoren, jantzi eta San Joango ermitara abiatzen dira, bertan, meza ostean dantzatu eta kantatzeko.

Besteak beste Resurrección Maria de Azkuek, Francisco Arraras eta Jose Maria Satrustegik bildu zituzten Urdaingo San Juan Kantaitaren hitzak, eta azken honek jasotako aldaera da abesten dena[1][2].

Kanta luze baten ostean, gari soroetara joan eta Orain arte belar, hemendik aurrera gari! esan ohi zen.

Tradizio kristaua eta paganoa biltzen dituen kanta da, eta bere jatorria ez da argia. Lurra bedeinkatzeko kanta bat dela argi dago, eta suaren tradizioarekin partekatzen da.

1922an, Resurrecion Maria Azkuek Cancionero Popular Vasco liburuan Goazen San Juanera izenburupean Maria Martina Goikoetxearengandik jasotako 11 bertso bildu zituen[3][4].

«

Goazen San Juanera gaur arratsean,
etorriko gerala bihar goizean.

Goazen San Juanera berduratara
berduratara eta an egoitera.

Egungo egun onek San Juan dirudi,
ezta San Juan, baia ala lombra bedi.

San Juango iturriaren ondo-ondotik
zazpi iturri urre-kañoetatik.

Zortzigarrena ere metal zurietatik
......................................................

Lenbiziko eskuak ta gero musua
San Juanen iturriko uraren freskua!

»


Espainiako Gerra Zibilean galdu zen tradizioa, edo etenaldia izan zuen[5].

1966an, Jose Maria Satrustegik gaur egun kantatzen den 28 bertsotako Kantaita jaso zuen Lucia Zufiaurrerengandik. Bost urte geroago, 1971an, argitaratu zuen, P.Ondarra eta Fco. Arrasen transkripzio musikalarekin[4].

Bertan parte hartzen duten emakumeek bi gona janzten dituzte, bigarrena burura lotuta, aurpegia soilik bistan utzita. Eskuetatik heldu eta borobila osatzen dute, eta une horretan 29 bertsoz osatutako San Juan gaueko kantua abesten dute, eskuekin erritmoa jarraitzen duten bitartean.

«

Egu bai egun honek San Juan diruri
Ez da San Juan bañan hala alunbra bedi.

Guazen San Juanera gaur arratsian
Etorriko gerala biar goizian.

Guazen San Juanera berduratara
Berduratara eta han egotera.

Juan nintzan Fraintziara etorri maiatzian
Zalditxo urdinian astuaren gainian.

San Juango iturriaren ondotik
Zazpi iturri urre kainuetatik,
Zortzigarrena metal zurietatik
Zortzigarrena metal zurietatik.

San Juango iturrien dago ura berde
Amurraitxo freskuak hantxen dirade,
Lernizko eskuak eta gero musua
San Juango iturriaren freskua!

Jesukristoren lengusua da
Aita San Juan Bautista,
Aingeruak dantzan dabiltza,
Dabiltza baia dabiltza
San Juanen pozian dabiltza!

Andra mutur maketsa
Aingeruak dantzan dabiltza,
Dabiltza baia dabiltza
San Juanen pozian dabiltza.

San Juan garagarrilian
Denbora galantian!
Maizik eta garik ez dagonian etxian!

Orain arte belar
hemendik aurrera gari!

»


Beste herri batzuetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenterian, urtero, Iraultza Dantza Taldeak ere abesten du Sanjoan bezperan[6]. Hernanin ere 2001etik aurrera egiten da[5]. Bilboko konpartsek bertsio eraldatu bat abestu izan dute, letra aldatuta[7].

Alex Sarduiren 1999ko Txulufrina eta arrosa diskan abestiaren bertsio bat dago[8].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Urdiain: San Juan Kantaita 2014. (kontsulta data: 2020-01-25).
  2. «"San Juan Kantaita egitea ohore bat da" - Urdiain» Guaixe.eus (kontsulta data: 2020-01-25).
  3. «Goazen San Juanera - Euskal kantutegia» Eusko Ikaskuntza (kontsulta data: 2025-01-19).
  4. a b (Gaztelaniaz) Satrústegui, José María. (1971-08-31). «Pregón festivo de San Juan» Fontes Linguae Vasconum (8): 171–179.  doi:10.35462/flv8.5. ISSN 2530-5832. (kontsulta data: 2025-01-19).
  5. a b «Hamazazpi urtez San Joan sua besarkatzen -» Kronika.eus (kontsulta data: 2020-01-25).
  6. «Belarra gari bihurtzera datoz» Oarsoaldeko Hitza 2018-06-20 (kontsulta data: 2020-01-25).
  7. «Orain arte belar, hemendik aurrera gari - Uriola.eus» uriola.eus (kontsulta data: 2020-01-25).
  8. (Ingelesez) Txulufrina Eta Arrosa. (kontsulta data: 2020-01-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]