Donibane jaia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Donibane jaia[1] —edo, zenbait tokitako euskaran, San Joan festa edo sanjoanak— antzinako jatorria duen jai garrantzitsua da, ipar hemisferioan udako solstizioaren hasiera dela-eta ekainaren 24an ospatzen dena, bereziki Europan. Hala ere, udako benetako solstizioa, urte osoko egunik luzeena, ekainaren 21a edo 22a izaten da. Jatorri paganoa duen antzina-antzinako tradizioa da, birsorkuntza-errituak biltzen dituena; Erdi Aroaz geroztik, San Joan Bataiatzailea kristau santuaren izena darama.

Donibane jaiko ekitaldi ezagunena Donibane sua da, hainbat aldaerekin, Donibane eguneko bezperako gauean piztu ohi dena, baina bestelako erritu eta ohiturak ere biltzen ditu. Euskal Herrian, esaterako, egun horretan iturri, putzu eta erreka batzuetako urez garbitzea, haietako ura edatea nahiz Donibane eguneko goizeko ihintza zapaltzea osasungarria dela sinetsi izan da.[2] Ohikoa da, halaber, etxeko atarian lizarraren, erramuaren eta elorri zuriaren adarrak jartzea, tximistatik babesteko.

Donibane izenaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibane jaiko errituek jatorri jentil edo paganoa dute. Gerora, Erdi Aroan, kristautasunak bereganatu egin zituen, sinkretismoaren bidez, eta San Joan Bataiatzaileari eskaini zion jaia. Santu haren izena, Erdi Aroko euskaran, Done Ibane zen; hortik dator Donibane izena.

Eskaintza horren arrazoia da San Joan Bataiatzailea Jesukristoren aitzindaritzat jotzen dutela kristauek. Hartara, Jesukristoren jaiotza neguko solstizioko jaian ospatzen zen, Eguberrian, eta San Joan Bataiatzailearena, berriz, udako solstiziokoan ospatzen hasi ziren. Egutegiko ziklo horrek ebanjelioen kontakizunean du jatorri: Elisabeth San Joan Bataiatzailearen ama haurdunaldiko seigarren hilabetean bisitatu zuen Ama Birjinak.[3] Hain zuzen, kristau tradizioan San Joan da jaioteguna ospatzen zaion santu bakarra. Horrela, Donibane jaia Eguberriekin parekatzen da: biek jaiotza eta birsorkuntza ospatzen dute. Bestalde, Donibane jaiko ur-errituak orobat loturik daude ebanjelioan kontatzen denarekin, kontakizun horren arabera San Joan Bataiatzailea izan baitzen Jesukristo urez Jordan ibaian bataiatu zuena. Suari buruzko erreferentziak ere badira: «fruitu onik ematen ez duen zuhaitz oro moztu eta sutara botako da» predikatu omen zuen San Joan Bataiatzaileak.[4]

Jaiaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibane jaietan ospatzen diren su eta landare errituek antzinatik Europako hainbat tokitan —bereziki, zelta tradizioa duten herrialdeetan— egiten diren ospakizunetan du jatorri. Irlandan, maiatzaren 1ean, Bealtaine suak pizteko ohitura dute, esaterako. Egun berean Europan egiten den Walpurgis gaueko ospakizunetan ere sua pizteko ohitura dute. Jai horiek paganoak dira, eta antzinaroan dute jatorri.

Mitologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal jainkoak.png

Mitoa aspaldian gertatu omen ziren gertakariak narratzen dituen kontaketa fantastikoa da. Kontakizun hauek miragarriak dira eta naturaz gaindiko botereak dituzten pertsonaiak dira nagusi, hala nola, jainkoak, heroiak, munstroak... Bestalde mitoak jatorri ezezaguneko kondaira sakratuak eta gizakiari ulergaitzak egiten zaizkion gertakariei buruzko sinesteak islatzen dituzte.

Mitoek gizarte jakin baten ondarea osatzen dute; denboran zehar, belaunaldiz belaunaldiz, zeinu eta singulartasun bereizgarriak transmititzen dituen ondarea.

Euskal mitologiak ikuspuntu historiko eta kulturaletik oso aberatsak dira. Europak, nolabait, bere nortasunaren gakoak bilatzen ditu bere sustraietan.

Jose Miguel Barandiaranek esan zuen: "hainbat iberiar, galiar, latino eta iparraldeko herrien mitoen bilketetan, gure kondaira eta istorio ezagun batzuk gogora ekartzen dizkigun berriak aurkituko ditugu". Baina "honek ez du euskal mitologiaren originaltasuna islatzen ez duenik, ez dugu ahaztu behar originaltasuna ez dela hain zuzen ere bat bere substantzia propioa ateratzen duenik, baizik eta gauza arruntek bere baitan bereizten dutela".[5]

Donibaneren inguruko sinesmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kea, sua eta sorginkerietarako unea da San Juan eguna Euskal Herrian. Ura, senda belarrak eta sua protagonista bilakatzen den unea da San Juan.

Donibane, Jondoni, Joane edo San Joan ekainaren 24ean ospatzen da, udako solstiziotik (ekainaren 21ean, normalean) gertu. San Joan bezperako gauean erritual franko ospatzen dira Euskal Herrian. Etxeetako ate eta leiho askotan lizarraren edo elorri zuriaren adaxkak ageri dira, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan. Herrietako plaza nagusietan lizar edo haritz handi bat jartzen da eta herriko dantzariek dantza erritualak egiten dituzte zuhaitzaren inguruan. Askotan lizar horietatik zintzilik San Joan gereziak ipintzen dituzte.

Herri, auzo, baserri ugaritan sua pizten da. Suak, lehen esan bezala,eguzki berria indartzen du eta gizakion bekatuak garbitzen ditu. Zenbait herritan patatak erretzen dituzte Jondoni Joaneren gaueko suan eta gero bertara hurbildu direnen artean banatzen dituzte denek jan ditzaten. Lehen, eta duela oso gutxi arte, oroitzapen txarrak ekartzen zituzten arropak edota objektuak surtara botatzen zituzten, eguzki berriak zorte hobea ekarriko zielakoan.

Gau magiko horren inguruan hamaika sinesmen daude gure geografiaren luze-zabalean:[6]

  • Euskal Herriko ibai eta erreketako urak indar berezia dutela diote hainbat mitok.
  • Gauerdian, hamabiak jotzen duen unean, errekako ura ardo bihurtzen da eta harriak, ogi. Une horretan erreka bazterretan izanez gero, bizitza osorako zoriontasuna lor daiteke.
  • Nafarroan, bainua hartzeko ohitura zegoen Donibane gauean erreka edo iturrietan, urte osoz katarro eta gripea uxatzeko.
  • Beste zenbait tokitan ekainaren 24ean eguna esnatzearekin batera lehen ihintza hartzeko ohitura zuten. Osasunentzat ona omen da. Horregatik asko ziren larru gorritan belarretan etzanda ihintzaren zain izaten zirenak, katarroa sendatzeko erremediorik onena zelakoan.
  • Ekainaren 24eko goizaldean, Donibane egunaren lehen orduekin batera asko ziren landare bila abiatzen zirenak, udako solstizioarekin batera landareak indartu egiten zirela baitzion ohiturak.
  • Luzaiden, berriz, hildakoak bidaia ona egin zezan, hil kutxan Donibane egunean bedeinkaturiko landareez beteriko buru oihala jartzen zen.
  • Itsasoan biluzik, bizkarra emanez eta ilargiari begira sartzen denak gauza handiak egiteko aukera izanen du.
  • Pikondo baten azpian musika-tresna batekin jartzen dena, berehala ikasiko du tresna jotzen.
  • Ekainaren 24a hasten delarik, euren bizitzako maitasuna nolakoa izanen den ezagutuko dute leihotik begiratzen duten ezkongaiek.

Bezperako ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekaina: eki (eguzki) gaina, eguzki gorena, egunik luzeenak alegia.

Ekainak Euskal Herriko beste zonaldeetan beste izen batzuk ditu: bagila, garagarrila, garagarzaroa, arramaiatza, errearoa... Euskara batuan “Ekaina” deritzogu; honek gogoratzen digu gure arbasoek zerura begira bizi zirela. Eki ‘eguzkia’ + gain(a) ‘gainean’. Eguzkia gain-gainean daukagu hilabete honetan; udako solstizioa, alegia. Urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena... Orain egunak laburragoak dira eta eguzkiari indarra emateko suak pizten dira. Gerora ospakizun hau San Juan-i lotu zitzaion.

23 gauean suaren inguruan honako hauek kantatzen dira:

'San Juan dala, sugea ta zapoa kanpora, artoa ta garie barrura ' esanaz[7]º

Herrietako jaiak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donibane jaia Oreretan: soka-dantza lizarraren inguruan.

Euskal Herriko herri gehienetan ospatu ohi da San Joan eguna. Horretaz gain, sanjoanak herriko jai nagusiak dira hainbat herri eta auzotan:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia, 66. araua («Santutegiko izen ohikoenak»): «Toponimian eta jaieguna izendatzeko, Donibane izena hobesten da: Donibane Garazi, Pasai Donibane, Donibane sua, Donibane jaia, tokian tokiko erabilerak baztertu gabe».
  2. Antxon Aguirre Sorondo: «San Joan gaua», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. Lukas, 1,5–2,52, www.biblija.net, 2012-05-07an kontsultatua.
  4. Lukas, 3-9, www.biblija.net, 2012-05-07an kontsultatua.
  5.   «Mitologia - hiru» www.hiru.eus https://www.hiru.eus/eu/cultura-vasca/mitologiia. Noiz kontsultatua: 2018-05-16 .
  6.   «Donibane gaua euskaldunon sinesmenetan» elinberri 2016-06-22 http://www.elinberri.eus/2016/06/22/donibane-gaua-euskaldunon-sinesmenetan/. Noiz kontsultatua: 2018-04-24 .
  7.   «San Joan bezpera» Euskara eta natura, paisaiaren bi alderdi 2008-06-23 http://euskara-eta-natura.blogspot.com.es/2008/06/san-joan-bezpera.html. Noiz kontsultatua: 2018-04-24 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Donibane jaia

Euskal Herriko ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Josu Larrañaga: «San Joan bezpera».
  • «San Joan jaia», Hiru.com webgunean.
  • Joseba Aurkenerena: Jondoni Joane, ekibegia zeru gorenean [1]
  • Joseba Aurkenerena: Jondoni Joane eta udaburua. [2]
  • Joseba Aurkenerena: Donibane gaua euskaldunen sinesmenetan. [3]
  • Joseba Aurkenerena: Donibane gaua, sinesmenak eta atsotizak. [4]

Europako ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]