Santa Barbara baseliza (Urretxu)

Koordenatuak: 43°05′32″N 2°20′03″W / 43.09222°N 2.33417°W / 43.09222; -2.33417
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Gipuzkoako Urretxu udalerriko baselizari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Santa Barbara baseliza».
Santa Barbara baseliza
Santa Barbara baseliza 2009ko abenduaren 28an.
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaUrretxu
Koordenatuak43°05′32″N 2°20′03″W / 43.09222°N 2.33417°W / 43.09222; -2.33417
Map

Santa Barbara baseliza Gipuzkoako Urola Garaia eskualdean dagoen Urretxu udalerriko lursailetan kokatzen den baseliza da. Irimo mendiaren magalean dago, Urretxuko herrigunetik hiru kilometrotara. Bertan, baselizaz gain taberna, aparkalekua eta atsedenlekua daude, azken hau mahai, iturri eta erretegiz ongi horniturik dagoelarik. Atsedenlekuan Irimo mendira igotzeko bidea hasten da. Horretaz gain, aipatzekoa da baseliza honetatik hurbil dagoen Ipeñarrieta jauregia ikus daitekela.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da zehatza noiztik dagoen Santa Barbarako elizatxoa, baina bai aspaldikoa dela eta lehenengo aipamenak XVI. mendearen erdialdean agertzen direla, baina apenas gelditzen da ezer jatorrizko elizatxotik.

Barrualdea ageriko harriarekin egina dago, eta azkeneko berrikuntzaren ondoren, erdi-erliebean landutako erretaula nagusia mantendu da. Beheko predelan eszena hauek ikus ditzakegu: “Baratzeko otoitzaldia”, “Veronika Jesukristoren aurrean” eta “Jesusen harrapaketa, erromatar bati belarria mozteko prest dagoen San Pedrorekin”.

Hurrengo maila batean, Santa Barbararen zigortze-eszena bat ikus dezakegu. Erretaularen erdian, berriz, XVIII. mendeko santuaren irudia dago. Mendiaraz egilearen obrak dira biak (1580). Goialdean, Jesusen bi tailu ikus daitezke, Ama Birjinaren eta San Juanen artean, eta, hori guztia osatzeko, triangelu formako frontoia. Burdina forjatuzko korua eta pulpitua ditu.

Gipuzkoako Batzar Orokorrek Urretxuri baselizaraino iristen zen bide bat egiteko agindu zioten 1522an, Errege Bide bihurtu zena gero.

1982-83 urteetan, Urretxuko Udalak zaharberritze sakona egin zion. Baselizaren mantentze-lanak Mendizabal baserrikoek egin izan dituzte beti, oinordetzari jarraiki.

Abenduaren lauan egiten da ospakizuna. Meza bakarrik ematen da, eta han gordetako santuaren erlikiari musu ematen zaio. Ospakizunak ekainaren 24ra aldatu dira, eta egun horretan, herri-prozesioa, meza eta ospakizun herrikoiak egoten dira.

Santa Barbara betidanik izan da eta da urretxuarrentzat enblematikoa eta elkargune berezia. Bere historian zehar aipagarria da pasa den mendearen erdialdean egin zen errepide berria, Nekoaldetik abiatzen dena eta 1954an inauguratu zena. Honi esker egin ahal izan ziren Irimo mendiko gurutzea eta Santa Barbarako harrizko mahaiak. [1]

2009ko udazkenean zehar baselizaren eta aterpetxearen zaharberritze lanak burutu ziren.

Instalazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizatxoaren ondoan izen berbera duen taberna/jatetxea dago kokatuta, baita goiko pisuko aterpetxea ere. Santa Barbarako naturguneaz bete-betean gozatzeko erosotasun guztiak eskaintzen dituena.

Honez gain, Irimo mendiaren magalean kokatuta dagoenez, belardi handi bat dago mahaiez beteta bertan denbora pasatzeko, bai eta hainbat barbakoa ere. Gainera, 2022an berritu den umeentzako soka parke bat dago, tirolina txiki batekin.

Jaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Joan egunean, Ekainaren 24an, Santa Barbarako ermita inguruan erromeria izaten da. 1893. urteaz geroztik ospatzen da Urretxun San Joan eguneko erromeria, urte horretan Santa Barbarako ermitaren berrikuntza garrantzitsua egin baitzen. Alde batetik, elizatxoa erortzear zegoelako eta bide batez, ondoko eraikina egin eta bertan auzoko umeentzako eskola jartzeko aprobetxatu zuten.

1893. urteko berrikuntza auzolanean egin zuten herritarrek eta inaugurazioa San Joan egun batez izan zen. Orduko Udalak urteroko herri-erromeria eta lagun asteko jai egun bat finkatzeko erabakia hartu zuen. Baita baselizan San Joanen omenezko erretaula jartzea ere, Domingo de Mendiarazek egin zuena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Urretxuko Udala - San Juan 2019» urretxu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]