Sortzez Garbiaren komentua (Segura)

Koordenatuak: 43°00′25″N 2°15′14″W / 43.00691°N 2.25379°W / 43.00691; -2.25379
Wikipedia, Entziklopedia askea
Sortzez Garbiaren komentua (Segura)
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Alde Zaharra
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaSegura
Koordenatuak43°00′25″N 2°15′14″W / 43.00691°N 2.25379°W / 43.00691; -2.25379
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVII. mendea
Arkitektura
Estiloaarkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea63

Sortzez Garbiaren komentua edo Sorkundetar komentua Seguran dagoen komentua da, 1519an sortua. Antzina Santa Isabel komentua zuen izena. Bertan XV. mendeko Kristo gurutziltzatu gotiko bat dago, Gipuzkoako zurlan baliotsuenetakoa. Elizako oinplanoa gurutze latindarrekoa da eta korua bi zatitan bereizia dago, atzealdean kokatua.

Bertako elizako erretaula XVIII. mendeko barrokoa da, monumentu izendatua.

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rokoko estiloko erretaula nagusi hau 1742-1745 bitartean burutu zen Fray Jacinto de la Sierraren trazaerari jarraiki eta sierratarren lantegiko eskulturekin. Oin zuzeneko erretaula hau zizeiluaz, gorputz bakarrak eta atiko erdizirkularraz osatzen da, eta hiru kaletan banatuta dago kapitel konposatua duten lau zutabe erraldoien bidez. Zutabeek azpiko herena apainduta duten fusteak dituzte eta goiko aldea, ildaskatuta eta itsatsitako apaingarriz hornituta dute. Apaingarriz osatutako mentsuletan bermatzen dira, eta mentsula hauek, aldi berean, zizeiluan zurkaiztuta daude. Era berean, hegal-itxurako apalez hornitutako zutabeen gainean aurreratutako taulamenduari eusten diote. Erdiko kalean, albokoak baino handiagoa, Andre Mariaren ezaugarriekin apaindutako taulamendua duten zutabeez inguratutako horma-konka handi bat agertzen da. Honen gainean, erremate aurreratuan eta mentsula handi baten gainean, Koroapenaren irudi bat agertzen da, Gloria baten bidez itxia.

Alboko kaleetan irudiak apaindutako mentsulen gainean agertzen dira eta itxuraz erdi-puntukoak diren eta taulamenduan bermatutako arkitekturen gainean. Hauen gainean ebakera zirkularreko mentsulatxoak eusten dira, eta mentsulatxo horien barruan irudiak kokatzen dira. Zizeiluaren erdiko kalean santutegi txiki bat agertzen da, eta alboko kaleetan, berriz, erliebez landutako panelak. Erretaulak rokoko estiloko ohiko apaindura du: arrokaiak, zintzilikariak, oihalak eta girlandak, eta goiko aldeko alboko muturretan saindu frantziskotarren taila bana agertzen da.

Erretaula honetako gai garrantzitsuena Ama Birjina dugu, eta berak da erdiko kaleko protagonista nagusia, Andre Maria Sortzez Garbiaren eta Andre Mariaren Koroapenaren irudietan ikus daitekeenez. Zizeiluan, erliebeetako eszenetan Familia Santua agertzen zaigu batetik, eta San Joakin, Santa Ana eta Andre Maria haurretan, bestetik. Alboko kaleetan, Santa Isabel Hungariakoaren eskultura agertzen da albo batean, eta San Joan Sahagungoaren eskultura txikiagoa haren gainean, eta beste aldean, berriz, Santa Isabel Portugalgoaren eta Santa Klararen irudiak ikus ditzakegu. Erremateetako eskulturek, azkenik, San Joan Capistranokoa eta San Paskual Bailonen irudikatzen dituzte.

Erretaulak polikromia berantiarra du eta urreztatuta dago gorputza, taila eta erliebe urriko kromatismo batez.

Erretaula hau aipagarria dugu arrazoi ugarirengatik. Batetik, eredu berri baten lehen arrastoak dakarzkigulako, bestetik, sierratarrek Gipuzkoan egindako lehenbiziko erretaula dugu, eta horrez gain, ikono-sorta interesgarriaz osatzen da, eta azkenik, erretaula osatzen duten eskulturetako batzuk oso maila artistiko handikoak dira, hala nola, Andre Maria Sortzez Garbiaren eta Santa Isabel Hungariakoaren irudiak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]