Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Segura)
Andre Mariaren Jasokundearen eliza | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Segura |
Koordenatuak | 43°01′N 2°15′W / 43.01°N 2.25°W |
Historia eta erabilera | |
Izenaren jatorria | Mariaren Jasokunde |
Erlijioa | katolizismoa |
Arkitektura | |
Andre Mariaren Jasokundearen eliza edo Ama Jasokundearen eliza Seguran dagoen eliza nagusia da, XVI. mendeko euskal gotikoko adierazgarria. Areto eliza edo hallenkirche motakoa da, garaiera bereko hiru nabez osatua baitago. Errestaburu, Armendia eta Juan Lizarazu maisuak izan ziren bertako lan garrantzitsuenak gauzatu zituztenak[1].
Eliza eta erretaula nagusia monumentu izendatuak daude. Gipuzkoako kultura ondasuna izendatua dago.
Erretaula nagusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rokoko estiloko erretaula da, oin kurboduna, eta zizeiluaz, bost kaleko atal bakarrez eta oskol itxurako errematez osatua. Miguel Irazustarena da trazaera eta Luis Salvador Carmonarenak irudiak. 1747an amaitu zen erretaula eta 1749an, berriz, urreztadura.
Erretaula honek ildaskaz landutako fusteez eta itsatsitako dekorazioz jantzitako zutabe handiak ditu kaleen banaketa osatzeko. Zutabeak dekorazio oparoz apaindutako mentsuletan bermatzen dira, eta profil hautsi konplexuko eta hegalkin moduko idulki batez osatutako taulamenduari eusten diote. Erdiko kalea zabalagoa da gainerakoak baino eta rokoko estiloko dekorazio ikusgarria du. Bertan santutegiaren erakus-horma aberats-aberatsa agertzen da zizeiluaren erdigunea eta gorputz bakarreko erdiko kalearen zati handi bat hartuz, eta alboetara zutabe apainduak eta eskulturaz osatutako errematea duen horma-hilobi bat osatuz. Tabernakuluko horma-hilobi honen gainean, argia sartzen uzten duen pieza gardenaz osatutako Jasokundearen ganbaratxoa kokatuta dago. Ganbaratxoak gorputzaren solairua gainditzen du eta hautsi egiten du taulamendua, oskoleraino helduta. Alboko kaleetan irudiak agertzen zaizkigu mentsula batzuen gainean erdiko kaletakoak, eta muturreko kaleetakoak, berriz, gorago, eta erdi-puntuko eta atzealde lauko horma-konketan. Zizeilua profil lerronahasiz osatua dago, eta dekorazio oparoz jantzitako idulkiak ditu. Oskolak ere dekorazio oparoa du, eta goiko aldean, aingeruen irudiak agertzen dira, uso baten irudiarekin batera. Usoa, Izpiritu Santuaren ikurra dugu, eta apaingarri ugariz hornitutako izpiez osatutako eguzki baten barruan agertzen zaigu.
Erretaula honen ikonografian Andre Mariaren Jasokundea irudikatzen duen multzo ikusgarria nabarmentzen da, erretaula osoaren erdigunea osatzen baitu, gainerako irudi guztiak irudi nagusi honen mende agertzen direlarik. Piramide-itxurako eskema gisa taxutua dago erretaula, eta osaketak efektismo eta dinamikotasun handia lortzen ditu. Bertan, hamabi apostoluak agertzen dira hilobiaren inguruan, eta haien gainean "Andre Mariaren Jasokundea" hodei eta aingeruen artean. Multzo honen gainean, Jainko Aita eta Jesukristo ageri dira, aingeruez inguratuta. Multzo nagusiaren azpian, gorputz bakarreko alboko kaleetan, San Joan Bataiatzailea eta San Joseren irudiak ikus ditzakegu, eta gorago, alboko kaleetan San Joakin eta Santa Anaren irudiak.
Erretaula honetako urreztadura Manuel Alkizaletek egina da 1749an, eta tailen polikromia ere eskultore honen lantegian egingo zen ziurrenik. Biak ere maila on-onekoak dira, eta hala arkitektura eta eskultura bikaineko altzari bat osatzen dute denen artean.
Erretaula nagusi hau penintsulako barrokoan gehien aipatzen direnetakoa dugu. Lan bikaina, ikusgarria eta egikera ezin hobekoa dugu, garaiko maisu onenek egina. Eszenografia handi baten modura itxuratu zen, eta modu bikainean uztartzen ditu muina eta itxura, formak, osaketa eta argia maisutasun handiz uztartzen dituen trazaera bikain bati esker. Gainera, punta-puntako eskultura-lanek osatzen dute erretaula hau, horien artean Luis Salvador Carmonaren 42 irudiak nabarmentzen direlarik, eta irudion artean, Andre Mariaren Jasokundeari dagozkionak bereziki, euskal erretaulagintza barrokoko multzo bikainenetakoa osatzen baitute euren ereduzko osaketari esker.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erretaula: Kultura Ondasun izendapena EHAAn
- Ama Jasokundea eliza, Segurako Udalaren webgunean.