Suitzako ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Zürich suitzar finantzen zentroa da.

2018an Suitzako ekonomia munduko 20. handiena izan zen.

Ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suitzako ekonomia modernoa, oparoa eta egonkorra da, eta biztanleko BPG Europako Mendebaldeko herrialdeetakoa baino % 15-20 handiagoa da. Ekonomia oso industrializatua dago, eta suitzarren bizi maila munduko garaiena da. 1994an barne produktu gordina 257.300 milioi dolarrekoa zen. 1998an, esportazioetan oinarriturik, ekonomiak gora egin zuen (esportazio horietan, finantza zerbitzuak, bioteknologia, farmazia gaiak eta makina espezializatuak aipatu behar dira); baina ekonomia globalaren beheraldiak moteldu egin du Suitzako esportazioen gorakada. Ez du, ordea, eten handirik zertan gertatu behar suitzar ekonomian, kontsumoaren eta kapitalaren gastuek ekonomiaren abiadari eutsi baitiote. 1999an BPGren hazkundea % 1,4 ingurukoa izatea espero zen. Bestalde, Europaren batasun ekonomiko eta politiko gero eta estuagoak badirudi zaharkitu egin duela Suitzak tradizioz inguruko herriekiko duen distantzia. Hala, zenbait europar estatu euroari lotu zitzaienean (1999ko urtarrila), estatu haietako enpresek suitzar esportatzaileak eta inportatzaileak beren tratuetan euroak erabiltzera bultzatu zituzten.

Gaur egun, suitzar ekonomiaren alor nagusiak merkataritza, zerbitzuak (bankuak eta finantzak batez ere) eta turismoa dira, eta enplegu osoaren % 61 osatzen dute. Alor horien atzetik daude industria, energia, meatzaritza eta eraikuntza (% 33), basogintza eta arrantza (% 6). 1993ko urteko nazio aurrekontuan, sarrerak 28.900 milioi dolar ziren, eta gastuak 31.300 milioi dolar.

Suitza beregaina den arren haragiki eta laboreetan, ez lurra ez klima ez dira nekazaritzarako egokiak, eta, hortaz, inportatuak dira kontsumitzen diren elikagai gehienak, eta nekazariek diru laguntza handien beharra dute. Lursail gehienak txikiak dira, familia enpresetan antolatuak. Nekazaritza gai nagusiak azukre-erremolatxa, garia, patatak, sagarrak, mahatsa, esne]]a eta ardo]]a dira. 117.000 tona bat ardo egiten da gaur egun.

1990eko hamarraldiaren hasieran urteko m3ko 6,7 milioi egur produzitzen zen Suitzan, baina industria horrek arazoak ditu haizearen kutsadura dela-eta, Suitzako basoen % 35 kaltetuak baitaude. Egur gehiena zerrategietan erabiltzen da, eta parpergintzan. Meatzaritzak ez du garrantzi handirik; aipagarriak dira gatzarriaren produkzioa (gutxi gorabehera, urteko 400.000 tona) eta zementuarena (4,4 milioi tona).

Industrian dihardu Suitzako biztanle aktiboen heren bat. Ekoizpen nagusiak doitasun makinak, makina-tresna, farmazia gaiak eta erlojuak dira (gaur egun, urteko 28 milioi bat erloju esportatzen da). Aipagarriak dira orobat ehungintza, jantzigintza, oinetakoak, kimika gaiak, metal finduak, elikagaiak (txokolatea batez ere), zurezko gaiak eta papera. Asko estimatzen da suitzar eskulangintza: musika kutxak, brodatuak, zur landua, etab.

Dirua eta bankuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suitzako diru banakoa suitzar frankoa da, 100 zentimotan banatua (1995. urtean, Estatu Batuetako dolar bat 1,27 suitzar franko zen). Suitza nazioarteko finantza gune guztiz garrantzitsua da; bertako bankuek mundu osoko dirua erakartzen dute, politikaren eta finantzen egonkortasuna dela-eta, eta banku eragiketen sekretua bermatzen delako. Banku pribatuak dira sarrera iturri nagusietako bat. Zürich da bankuen zentro garrantzitsuena. Bestalde, Züricheko Burtsa Europako handienetako bat da, eta Zürich da gainera urrearen merkataritza gune nagusia.

Kanpo merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990eko hamarraldiaren hasieran, Suitzako inportazioak urteko 74.000 miloi bat dolar ziren, eta esportazioak, berriz, 70.000 miloi bat dolar. Inportatzen diren gai nagusiak hauek dira: makineria, garraio hornigaiak, petrolio gordina eta findua, metal preziatuak, elikagaiak, burdina, altzairua eta kimika gaiak. Esportazio aipagarrienak, berriz, makineria, farmazia gaiak, jantziak, erlojuak eta metal preziatuak dira. Merkataritza harreman ohikoenak Alemania, Frantzia, Italia, Britainia Handia, Estatu Batuak eta Japoniarekin ditu. Merkataritzaren balantza kontrako hori “esportazio ikusezin” deritzanekin orekatzen da: finantza zerbitzuak eta turismoa. Turismoa da, izan ere, dibisa sarreren eta enplegu sorreraren iturburu nagusia. Ordainketa balantzak (barnean hartzen ditu turismoa eta finantza sarrerak) urteko ia 1.000 milioi dolarreko soberakina izan zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran.

Garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioetan, famatuak dira Alpeak gurutzatzen dituzten tunelak, bereziki San Gotardokoa (16,32 kilometro), munduko errepide tunel luzeena. Badira bestalde Alpeak gurutzatzen dituzten burdinbide tunel handiak, eta berriak egiten ari dira autobideak arintzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]