Telomero

Telomeroa (grezieratik telos "amaiera" eta meros "atala") kromosomen muturretan dagoen egitura bat da, DNAren sekuentzia errepikakorrez osatua. Telomeroak eukarioten kromosometan besterik ez daude, bizidun prokarioten kromosomek muturrak ez baitituzte (haien kromosoma zirkularra da). Egitura hauek funtsezko zeregina burutzen dute informazio genetikoaren galera gerta ez dadin kromosomaren erreplikazioan.
Herrialde Katalanetako Maria Blasco biologo molekularrak era honetan irudikatu du telomero bat: «Zapaten lokarrien muturretan plastikotxo batzuk egoten dira; bada, horien antzeko zerbait direla esaten da, baina kromosometan daude».[1]
Zelula zatitu ahala telomeroen luzera gutxitzen da. Zahartu ahala, laburtu egiten dira, eta hori gaitz askoren sorburua izaten da.[1] Aitzitik, telomerasa izeneko entzimari esker, telomeroen elongazioa burutzen da, eta modu horretan telomeroen egitura mantentzen da. Oreka horretan datza zelularen bideragarritasuna: telomerasak zuzen funtzionatzen ez duenean, zatiketa zelularrek telomeroen luzera etengabe gutxitzen dute, harik eta gutxieneko luzera batera iritsi arte (hau gertatzen denean, mitosia edo zelularen zatiketa gelditu egiten da, ehunak ez dira birsortzen eta zelulen zahartze prozesua areagotu eta azkartzen da); aitzitik, telomerasa oso aktiboa dagoenean, zelulak azkarregi zatitzen dira eta tumore gaiztoak ager daitezke.
Horrenbestez, kromosomen telomeroek zer ikusi handia dute zelula eta organismoaren zahartze prozesuekin eta hainbat minbizi moten agerpenekin. Hori kontuan hartuta, hainbat laborategik telomeroen azterketa egiten dute (haien luzera eta egitura),adin biologiko zehazte aldera.
Gizakiarengan telomeroek DNAren sekuentzia errepikakorrak dituzte, batez ere 6 nukleotido honena: TTAGGG. Sekuentzia hori oso ohikoa da giza telomeroetan.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ a b Iraola, Arantxa. ««Minbizia izateko arrisku faktorerik handiena adina da»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-18).