Edukira joan

Tham Luang leizeko erreskate operazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tham Luang leizeko erreskate operazioa
Map
Motacaving incident (en) Itzuli
rescue operation (en) Itzuli
Denbora-tarte2018ko ekainaren 23a - 2018ko uztailaren 10a
Data2018ko uztailaren 10a
KokalekuTham Luang (en) Itzuli
HerrialdeaThailandia
Parte-hartzaileak
Pertsona hilak1
Bizirik irten direnen kopurua13
Hashtag#ThaiCaveRescue


2018ko ekainaren 23an, 11-16 urte bitarteko hamabi mutil nerabeko talde bat, eta beraien begiralea (25 urtekoa), Tham Luang Nang Non leizean (laburrago, Tham Luang) sartu ziren txango batean, Chiang Rai probintzian, Thailandian. Barruan zirela eurite handiak hasi, eta leizearen parte asko urak hartuta geratu ziren[1]. Taldea irteten ez zela ikusirik, erreskate operazio handia hasi zen berehala, eta bederatzi egunen buruan, espeleolaguntza taldeek sarreratik 4 kilometrora dagoen toki batean aurkitu zituzten 13 pertsona galduak. Jarraian, taldea handik ateratzeko operazio konplexu bati ekin zioten, eta uztailaren 8aren eta 10aren artean, barruko guztiak ateratzea lortu zuten: bi aste pasa igaro zituzten guztiek barruan.

Txangoaren hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainaren 23an barneratu ziren mutilak leizean. Txangoko hamabi mutilak eta begiralea Moo Pa (thaieraz, basurdea) futbol taldekoak dira, thailandiarrak denak[1]. Sartu ziren leizea Chiang Rai Parke Nazionalean dago. 10 kilometro luze diren galeriak dituen sistema bat da, eta arriskutsua da eurite sasoian bertan ibiltzea. Uztailetik azarora arriskuaz ohartarazten duen kartela dago sarreran.

Bilaketa eta aurkikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreskate talde lokala berehala handitu zen nazioarteko laguntzarekin. Thailandiako armadako kideez gain, herrialde hauetako profesional eta boluntarioak gehitu ziren: Erresuma Batua, Txina, Myanmar, Laos, Australia, Suedia eta Estatu Batuak.

Erreskate operazioaren aurrerapena oso zaila izan zen, eta urpekarien bidez egin behar izan da, guztiz urpean zeuden uneak gaindituz, eta galeria lehorrak inspekzionatuz. Azkenean, sarreratik 4 kilometrora zegoen puntu batean aurkitu zituzten, Pattaya Beach izeneko galeria zabal batetik 400 metrora[1].

Erreskate planak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamahiru laguneko taldea aurkitu ondoren, espeleologia adituen arabera[2], lehentasunak izan behar ziren leizeko mutilak elikatzea, bibak bat antolatzea zeuden une lehorrean, eta erreskate operazioko urpekarien segurtasuna bermatzea, arrisku handiak gainditu behar baitziren mutilak dauden tokiraino iristeko.

Hortik aurrera, erreskatea asko luzatu zitekeela ohartarazi zuten agintariek. Gazteak urpekaritzan trebatzea izan zitekeen bideetako bat[3], baina aipatu zen halaber mendiaren zulaketa operazioak egin daitezkeela[4], Txileko 2010eko meatzarien erreskate operazioan bezala.

Lehen uneko epe luze posibleak moztu egin behar izan zituzten zenbait konplikaziogatik: batez ere, monzoi erako euriteak zetoztela, eta leizean oxigeno mailak behera egin zezakeela. Hori dela-eta, hipotesi errealista eta azkarrena, urpekariekin mutilak banan banan ateratzea erabaki zen.

Urpekari militar baten heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreskateko konplikazioetan erreskatatzaile baten heriotza ere gertatu zen. Sanan Kuman Thailandiako itsas-armadako urpekari ohia zen, eta boluntario aurkezturik parte hartu zuen erreskate operazioetan. Leizeko galerietan oxigeno tankeak jartzeko lanean, ur azpiko tarte batean konortea galdu zuen eta itota hil zen[5].

Erreskate operazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egunetan zehar mutilak zeuden punturaino bidea errazten saiatu ziren erreskate taldeak. Ura dragatu ondoren, zenbait galeriatan ur maila jaistea lortu zuten: era berean, pasarte batzuk zabaldu zituzten, eta kable bidezko lotura egin zen leize barruraino. Era berean, tarteko puntuetan laguntza unitateak eta oxigeno botilak jarri zituzten. Mutilentzako, halaber, aurpegi osorako arnasteko maskarak eskuratu zituzten, ez zezaten arnasik hartu behar ahoko aparailutik.

Uztailaren 8an nazioarteko talde bat prest zela jakinarazi zuten agintariek, eta prentsa guztia leizeko sarreratik urrundu zuten. Taldea hainbat herrialdetako 13 urpekarik, eta Thailandiako itsas armadako 5 lagunek osatzen zuten[6]. Mutil bakoitzarekin bi urpekari ziren egitekoak bidearen zati bakoitza, tartekako galerietan urpekari eta oxigeno aldaketa eginez. Mutilak urperatu aurretik, lasaigarriekin tratatu zituzten. Lehen egunean 4 irten ziren, bigarrenean (uztailaren 9an) beste lau, eta 10ean azken lauak eta baita futbol taldeko entrenatzaile begiralea ere[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Ingelesez) «Missing Thai boys found alive in caves» BBC News 2018-07-02 (Noiz kontsultatua: 2018-07-03).
  2. «Oier Gorosabel on Twitter» Twitter (Noiz kontsultatua: 2018-07-03).
  3. «Thailandiako leizean harrapatutako haurrek hilabeteak egin ditzakete bertan» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-03).
  4. (Ingelesez) Luckhurst, Toby. (2018-07-03). «How will rescuers free the Thai boys?» BBC News (Noiz kontsultatua: 2018-07-03).
  5. (Ingelesez) Busby, Mattha. (2018-07-06). «Thai navy Seals pay tribute to diver who died in cave rescue» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2018-07-10).
  6. CNN, Steve George,. «Thailand rescue: Divers start mission to free boys trapped in cave» CNN (Noiz kontsultatua: 2018-07-10).
  7. (Ingelesez) «All boys and coach rescued from Thai cave» BBC News (Noiz kontsultatua: 2018-07-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]