Edukira joan

Farorantz

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
To the Lighthouse» orritik birbideratua)

Farorantz
Datuak
IdazleaVirginia Woolf
Argitaratze-data1927
GeneroaLiteratura modernista
Jatorrizko izenburuaTo the Lighthouse
HerrialdeaErresuma Batua
Euskaraz
IzenburuaFarorantz
ItzultzaileaAnton Garikano
Argitaratze-data1993
BildumaLiteratura Unibertsala
Orrialdeak240
ISBN9788490273975

Farorantz (ingelesez: To the Lighthouse) Virginia Woolfek 1927an idatzitako nobela da. Bertan, Ramsay familiak Eskoziako Skye Uhartean 1910 eta 1920 urteen bitartean bizitako abenturak kontatzen dira.

Marcel Proust eta James Joyce bezalako nobelagile modernisten tradizioari jarraiki, Farorantz nobelaren argumentua bigarren mailakoa da, horren gainetik introspekzio filosofikoa gailentzen baita. Hala, fokalizazio anizkoitza deituriko teknika literarioaren oinarrizko adibide gisa aipatu ohi da. Izan ere, nobelan ez da ia ekintzarik ageri, eta elkarrizketak ere laburrak dira: lanaren gehiengoa pentsamendu eta ohar bezala idatzita dago. Nobelak gogora ekartzen ditu haurtzaroko emozioak, eta garrantzi handia ematen die helduen arteko harremanei. Liburuak tropo eta gai ugari lantzen ditu, besteak beste, galera, subjektibotasuna, pertzepzioaren arazoa eta artearen izaera.

1998an, Modern Library argitaletxeak XX. mendeko ingeles hizkuntzako 100 nobelarik onenen zerrendan[1] kokatu zuen Farorantz, 15. postuan, hain zuzen ere. 2005ean TIME aldizkariak 1923tik geroztikako ingeles hizkuntzako ehun nobela onenen artean kokatu zuen.[2]

Lehenengo atala: Leihotik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nobela Ramsay familiaren oporlekuan gertatzen da, Hebridak uhartediko Skye uhartean. Pasartea Ramsay andrea eta James semearekin hasten da, non amak semeari ziurtatzen dion hurrengo egunean farora joan ahal izango direla. Ramsay jaunak, ordea, ezetz dio, ziur baitago eguraldia ez dela aproposa izango. Horrek senar-emazteen artean tentsioa sortzen du, eta baita aita-semeen artean ere. Gertakari zehatz hori behin baino gehiagotan aipatuko da atalean zehar, senar-emazteen arteko harremanari dagokionean batik bat.

Ramsay senar-emazteak eta beren zortzi seme-alabak zenbait lagunekin eta lankiderekin elkartu dira etxean. Nobelaren hasieran, haietako bat, Lily Briscoe izeneko margolari afizionatu gaztea, Ramsay andrearen eta Jamesen erretratua egiten saiatzen da. Nobela guztian zehar, Briscoe zalantzaz josita dago, neurri handi batean, Charles Tansley gonbidatuak sorrarazitakoak; izan ere, haren iritziz, emakumeek ezin dute ez margotu, ez idatzi. Tansleyk berak Ramsay jauna (filosofiako irakaslea) ete haren tratatu akademikoak miresten ditu. Afari handi batek ematen dio atalari amaiera. Augustus Carmichaelek, bisitan joan den poeta batek, zopa errepikatzea eskatzen du, eta Ramsay jauna erantzun txar bat ematear dago. Ramsay andrea ere muturtu egiten da haren bi ezagun, Paul Rayley eta Minta Doyle, zeinak hari esker ezkondu baitziren, afarira berandu iristen direnean. Mintak amonaren paparrekoa hondartzan galdu duelako iristen dira berandu.

Bigarren atala: Denborak aurrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren atalak, «denborak aurrera», denboraren joana, gabezia eta heriotza sentiarazten ditu. Hamar urte igaro dira, eta, tarte horretan, Lehen Mundu Gerra hasi eta amaitu da. Ramsay andrea eta bi seme-alaba hil dira: erditzean izandako zailtasunengatik hiltzen da Prue, eta, Andrew, gerran. Ramsay jauna noraezean gelditu da, emazteak jada ez du goretsiko, ezta lasaituko ere, ibilbide filosofiko luzeak eragiten dizkion beldur eta estutasun krisialdietan. Atala narratzaile orojakile baten ikuspuntutik kontatzen da, eta, kasu batzuetan, baita McNab andrearen ikuspegitik ere. McNab andreak hasieratik egin du lan Ramsay familiaren etxean, eta, beraz, ikuspuntu argi batetik azaltzen du etxea hutsik egon den bitartean gauzak nola aldatu diren.

Hirugarren atala: Faroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Faroa» delako azken atalean, lehenengo ataleko gertakarietatik hamar urte igaro dira, eta bizirik dauden Ramsay familiako hainbat kide eta gonbidatu udako etxera itzultzen dira. Ramsay jaunak, azkenean, farora txangoa luzaroan atzeratu ondoren, Cam(illa) eta James seme-alabekin  bertara joateko planak egiten ditu (gainontzeko ahaideak oso gutxitan aipatzen dira azken atalean). Ia ez dute txangoa egiten, seme-alabak ez daudelako joateko prest, baina azkenean farora abiatzen dira. Aitak farora joatera behartu izanagatik, seme-alabek txangoa isilik egiten dute. Hala ere, Jamesek tinko eusten du ontzia, eta aitarengandik espero dituen hitz gogorrak jaso beharrean, gorespenak jasotzen ditu. Hala, aita eta semearen artean ezohiko enpatia momentu bat sortzen da. Camek aitarekiko duen jarrera ere aldatzen du, eta erresumina mirespen bilakatzen da. Macalister marinelarekin eta haren semearekin egiten dute txangoa, eta azken hori arrantzan ibiltzen da. Arrantzatutako arrain bati kendutako haragi zatia erabiltzen du beita gisa, eta zaurituriko arraina itsasora botatzen du berriro ere.

Farora nabigatzen duten bitartean,  nobelaren hasieratik buruan izandako margolana behingoz amaitzen saiatzen da Lily. Ramsay senar-emazteekiko zuen irudia zalantzan jarri, eta duela hamar urte zituen inpresio horiekin guztiekin alderatzen du, Ramsay jaunaren eta bizitzaren beraren inguruko egia objektiboa lortzen saiatzeko.

Ontzia farora iritsi bezain laster, margolana amaitzen du. Hari esker bere burua asetuta ikusten du, eta konturatzen da berarentzat garrantzitsuagoa dela bere ikuspena egikaritzea, lanean legaturen bat uzteko ideia baino.

Esperientzia konplexutasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Woolfen nobelaren zati handi bat ez da ikus daitezkeen objektuetan zentratzen; aitzitik,  pertsonek begiratzeko duten moduaren arabera, pertzepzio bideak ikertzen ditu, hau da, pertsonak ulertzen saiatzen da.[3]

Pentsamendua ulertu ahal izateko, Woolfen egunerokoek ezagutzera ematen dutenez, autoreak denbora luzea ematen zuen bere pentsamenduak entzuten. Horrela, ikusten zuenaren aurrean, bururatzen zitzaizkion hitz nahiz emozioak zein ziren eta nola suertatzen zitzaizkion aztertzen zuen.

Giza harremanen konplexutasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dena den, pertzepzioaren azterketa ez da barne-elkarrizketa isolatuetara mugatzen; izan ere, giza harremanen eta beste pertsona bat benetan ezagutzeko zeharkatu behar diren espazio emozional arazotsuak ere aztertzen dira Woolfen lanean.

Zeharkatze horren saiakera traketsa liburuko bi ataletan agertzen da batik bat: lehenengo atalaren amaiera, Ramsay jaun-andreek bakardadean baina elkarrekin igarotzen baitute denbora; eta nobelaren amaiera, Lily Briscoek Ramsay jaunaren enpatia (eta atentzio) nahia asebetetzeko ahalegina egiten duenean.

Narrazioa eta ikuspegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nobelak, «Denborak aurrera» deituriko bigarren atalean izan ezik, ez du narratzaile orojakilerik. Horren ordez, nobelaren argumentua pertsonaien kontzientzia ezberdinen ikuspuntuetatik kontatzen du. Aldaketak ere gerta daitezke esaldi erdian, eta, nolabait, faroaren argi birakaria irudikatzen dute. James Joycen barne-elkarrizketaren teknika ez bezala, Woolfek ez du ohiturarik bat-bateko aldaketak egiteko pertsonaien pentsamenduak azaltzerako orduan. Woolfen teknika gehiago da parafrasi lirikoarena. Nobelan zehar narratzaile orojakin baten faltak irakurlearentzako gidari zehatzik ez egotea eragiten du. Horrela, irakurleek pertsonaien garapenaren bitartez soilik sor ditzakete haien iritzi eta ikuspegi propioak, gehiengoa anbiguoa baita. Lehenengo atalean, pertsonaiek eta esperientzia errealek ingurunearekin duten harremana aurkezten du nobelak. Bigarren atalean, «Denborak aurrera» deiturikoan, berriz, gertaerak modu desberdinean kontatzen ditu, ez dagoelako norberak bere burua identifikatzeko pertsonaiarik. Woolfek istorioz kanpo dagoen narratzaile baten ikuspegitik idatzi zuen bigarren atala; narratzaileak inolako pertsonaiarekin harremanik ez duenez, gertaerak denborarekin erlazionatu behar dituzte irakurleek. Horregatik, narratzailearen ahotsa desenfokatuta eta desitxuratuta dago, Wolfek bizitzarekiko zuen ikuspuntua islatuz, hots, «bizitza, bertan parte hartzen ez dugunean den bezala».[4] [5]Ramsay andrearen, Prueren eta Andrewren heriotzak bezalako gertaera garrantzitsuak elkarren artean erlazionatuta daude, eta, ondorioz, narrazioa eguneroko baten sarrera moduko bat da. Posible da, halaber, etxea bera gertakari horien narratzaile bizigabea izatea.

Autobiografiari eta egungo geografiari buruzko aipamenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Godvreyko faroa ilunabarrean

Nolabait, gurasoekin konpondu gabeko arazoak ulertu eta jorratzeko hasi zen Woolf Farorantz idazten, eta, egia esan, argumentuaren eta bere bizitzaren artean antzekotasun asko antzeman daitezke. Beharbada, Woolfen bizitzako unerik zoriontsuenak guraso eta familiarekin batera St Ivesera (Kornualles) egindako bisitak izan ziren, hots, bere aitak etxe bat alokatu zuen hirira. Baina hamahiru urte zituenean ama hil zen, eta, Ramsay jauna bezalaxe, aita (Leslie Stephen) ezkortasunean eta bere buruarekiko errukian murgildu zen. Woolfen ahizpak, Vanessa Bellek, idatzi zuenez, Ramsay andrea deskribatzen duten nobelaren pasarteak irakurtzea, beren ama hildakoen artetik berpizten ikustea bezalakoa zen. Beren anaia Adrianek ezin izan zen Godrevyko farora espedizio batera joan, eta gauza bera gertatzen zaio Jamesi nobelan; izan ere, faroa bisitatzeko irrikan dago, eta, txangoa bertan behera geratzen denean, etsita geratzen da. Lily Briscoek pinturari buruz egindako meditazioen bidez, Woolfek bere sormen prozesu propioa esploratzen du, eta baita bere ahizpa margolariarena ere. Izan ere, Lilyk pinturari buruz pentsatzen zuen era berean pentsatzen zuen Woolfek idazkerari buruz.

1882an, Woolf jaio eta gutxira, haren aita St. Iveseko Talland House etxea alokatzen hasi zen. Etxea familiaren udako oporleku gisa erabili zuten ondorengo hamar urteetan. Farorantz nobelako istorio nagusiaren kokapena, alegia, Hebridak uharteetako etxea, Talland etxearen imitazio gisa sortu zuen Woolfek. Istorioan St Iveseko badiako benetako ezaugarri asko aipatzen dira, besteak beste, itsasora daramaten lorategiak, itsasoa bera eta faroa.Nobelan Ramsay familia gerra bukatutakoan Skyeko etxera itzultzeko gai den arren, Stephendarrek utzia zuten, ordurako, Talland etxea. Gerra ondoren, Virginia Woolf, Vanessa ahizparekin batera, jabe berriak zituen Talland etxera itzuli zen bisitan. Woolfek bidaia errepikatu zuen gurasoak hil eta denbora luze bat igaro ostean.

Argitalpenaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wolfek bere lanik autobiografikoena den nobela honen zirriborroa bukatzean, honela deskribatu zuen: «nire liburuen artean onena, zalantzarik gabe», eta Leonard senarrak «maisulantzat» jo zuen, «poema psikologiko guztiz berri bat».[6] Elkarrekin argitaratu zuten beren Londreseko Hogarth Press argitaletxean, 1927an. Lehenengo inprimaketa, 320 orrialdeko 3000 kopia (191 X 127 mm), oihal urdinez estalita atera zen. Liburuak Woolfen lehenagoko nobela guztien salmentak gainditu zituen, eta, horri esker, Woolftarrek auto bat erosi ahal izan zuten.

Godrevyko faroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Godrevyko faroa 1858-1859an eraiki zen, St Ives badiako Godrevy uhartean, Kornuallesen. Godrevy Headetik 300 metro ingurura dago kokatuta eta Stones uharria non dagoen erakusten du, zeina mendeetan zehar itsas garraiorako arriskutsua izan den.

Itsasontzi askok The Stones uharriaren kontra talka egiteak eta hondoratzeak faroa eraikitzea eragin zuen. Hala ere, 1854ko azaroaren 30eko ekaitzak SS Nile burdinazko lurrunontzia hondoratu zuen arte ez zen erabakirik hartu. Istripu horretan, bidaiari eta tripulatzaile guztiak desagertu ziren, guztira 40 lagun.[7]

Horrela, zorigaitzak faro bat eraikitzeko eskaera berriak ekarri zituen. Richard Shortek, St Iveseko marinel aditu batek, hondoratzearen berri izan eta biharamunean honela idatzi zuen Merkataritzako eta itsasontzietako egunkarian: «Herriko biztanleek askotan eskatutako argia egon izan balitz, zorigaiztoko itsasontziak geroz eta hurbilago zituen harkaitz arriskutsuak ikusiko lituzke, zalantzarik gabe. Hainbat eskaera egin dira argi bat eraikitzeko, itsasgizonak uharri arriskutsuaz kontura daitezen, baina inoiz ez zaio eskaerari jaramonik egin. Axolagabekeria horri ehunka bizitza eta jabetza ugariren suntsipena egotzi dakioke. Neguko denboraldian hilabete eskas egoten gara ontziren batek arroka horien kontra jo gabe. Hala, ehunka mutil gizajo hil dira bertan, gau ilun eta tristeetan, istorioa kontatzeko bakar bat ere geratu gabe.»

Istripu gehiago egon ziren, nahiz biktima gutxiago eragin zituzten, eta herriko elizgizon batek ekimen bat jarri zuen martxan. Hayleko J.W. Murray apaiza izan zen, hain zuzen ere, Trinity House korporazioari uhartean faro bat eraikitzeko eskaera egin ziona. Eskaera egin zutenei 1856ko urrian jakinarazi zitzaien Trinity Housek Godrevyko faroa eraikitzea erabaki zuela.

1857ko abenduan, James Sutcliffe izendatu zuten proiektuko ingeniari eta faroa diseinatzeko James Walker kontratatu zuten. Urtebete inguru behar izan zuten faroa eraikitzeko, 7.082 liberako kostua izan zuen, eta argia lehen aldiz 1859ko martxoaren 1ean hasi ziren erabiltzen. 

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. www.modernlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  2. (Ingelesez) Lacayo, Richard. (2010-01-06). «All-TIME 100 Novels: How We Picked the List» Time ISSN 0040-781X. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  3. Davies, Stevie. (1989). Virginia Woolf To the Lighthouse. Penguin Books ISBN 0-14-077177-8..
  4. (Ingelesez) Woolf, Virginia. (1926). «The Cinema» The Nation and Athenaeum (British Periodicals, Ltd).
  5. Raitt, Suzanne. (1990). Virginia Woolf's To the Lighthouse. Harvester Wheatsheaf ISBN ISBN 0-7450-0823-2..
  6. Woolf, Virginia. (1980). The Diary of Virginia Woolf, Volume III: 1925–1930. Hogarth ISBN 0-7012-0466-4...
  7. Denton, Tony. (2011). Lighthouses of England: The South West: The Lighthouses of Cornwall, North Devon, Somerset and the Bristol Channel.. Foxglove Publishing, 52 or. ISBN 978-0-9564560-3-8..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]