Edukira joan

Marcel Proust

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Marcel Proust

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakValentin Louis Georges Eugène Marcel Proust
JaiotzaParisko 16. barrutia1871ko uztailaren 10a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParisko 16. barrutia1922ko azaroaren 18a (51 urte)
Hobiratze lekuaPère Lachaise hilerria
Marcel Proust's tomb (en) Itzuli 
Heriotza moduaberezko heriotza: pneumonia
Familia
AitaAdrien Proust
AmaJeanne-Clémence Proust
Ezkontidea(k)ezkongabea
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaÉcole Libre des Sciences Politiques (en) Itzuli
Sorbonne Parisko Unibertsitatea
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakeleberrigilea, saiakeragilea, idazlea, literatura-kritikaria, olerkaria eta prosalaria
Lantokia(k)Paris eta Dordrecht
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Genero artistikoaeleberri sekuentzia
pastichea
saiakera

IMDB: nm0698969 IBDB: 79602
Facebook: MarcelProustAuthor Musicbrainz: 90c1a0cf-6822-46c7-8bc6-5a158e8a0d13 Discogs: 1371481 Find a Grave: 841 Edit the value on Wikidata

Valentin Louis Georges Eugène Marcel ProustMarcel Proust izen-deiturez ezagunagoa– (Paris, Frantzia, 1871ko uztailaren 10a1922ko azaroaren 18a) frantses idazlea izan zen, zazpi eleberriz osatutako Denbora galduaren bila (À la recherche du temps perdu) sailaren egilea, XX. mendeko lanik nagusietarikoa. Bere eleberri zabalak eragin handia izan zuen, bai literaturan, bai filosofia eta artearen teorian. Bigarren zatiarekin, Goncourt saria irabazi zuen 1919an.

Bertan, frantziar idazleak introspekzio lan bat egin zuen, non, bere iragan guztia gogoratuz eta oroitzapen garbiak eta sentsazioak berreskuratuz, bere bizitza narrazio batean erretratatzea lortu zuen. Liburuan, bere idazkera autobiografikoaren narratzaile ahalguztidun bezala kokatu zen estilo oniriko berezi bat sortuz, non usain batek, zapore batek, berebiziko garrantzia har dezaketen eta beste memoria batera salto egin dezaketen.

Proust familia aberats eta landu batean jaio zen (bere aita nazioartean ezaguna zen medikua, eta bere ama judu oso ikasia), eta, bere bizitza labur osoan, beren premia materialak beti izan zituen beteak. Osasun-hauskortasun nabarmena zela medio, haur hiperbabestua izan zen, bizitza osoan pairatuko zuen egoera (batez ere asma-krisiengatik) bere azken urteak arte; berrogeita hamaika urterekin hil zen.

Gazte zelarik hasi zen aristokrazia aretoetara joaten, eta horrek mota guztietako literato eta artistak ezagutzeko aukera eman zion, baita, aldi berean, esnob-fama ere. Hori dela eta, André Gide, Nouvelle Revue Françaiseko (NRF) idazle eta editorea, geroago, horretaz baliatu zen Denbora galduaren bilaren eskuizkribua baztertzeko... ia irakurri gabe. Familiaren aberastasunaz baliatu zen lanik egin gabe bizitzeko eta idazteari ekiteko, baina arrakastarik gabe ia hogei urte baino gehiagoz. Denbora horretan, inoiz amaitu ez zuen ez eta argitaratu ere, eleberri bat idaztea baino ez zuen lortu, arreta handiegirik jaso ez zuten artikulu eta itzulpenez gain.

1907an hasi zuen bere nobela handiaren lehen zatia izan zena, Swann-enetik (Du côté de chez Swann), 1913an egilearen kontura argitaratu zena. Bigarren zatiak, Neska loretsuen itzalean (À l'ombre des jeunes filles en fleur), Goncourt saria lortu zuen 1919an, Proustek jaso zuen ospe handi samarreko lehen saria, hiru urte besterik geratzen ez zitzaizkionean. Oso gaixorik, azken etapa hori bere maisu-lan handia amaitzeko bakarrik erabili zuen, bere etxean sartuta eta ia inor ikusi gabe. 1922ko azaroan hil zen, lana bukatu gabe, gaizki sendatutako bronkitis batek jota. Anaiak hartu zuen bere gain eskuizkribuen argitalpena. Liburukiak banan-banan agertzen joan ziren 1927an zazpigarren eta azken liburukia, Berreskuratutako denbora (Le temps retrouvé), argitaratu zen arte.

Denbora galduaren bila denborari, oroitzapenari, arteari, grinei eta giza harremanei buruzko gogoeta handi bat da. Porrotaren eta existentziaren hutsunearen sentimendu batek zeharkatua, berrehun pertsonaiak baino gehiagok animatuta –Proustek, kontu handiz, bizitzan zehar ezagututako pertsona ezberdinen trazuak uztartu zituenak– eta, batez ere narratzaileak oroitzapen luze eta zehatzean garamatza tean bustitako madalena batek ustekabean iragan urrun eta ahaztu baten oroitzapenaren ateak berriro ireki dizkion egunetik; apurka-apurka, kontakizunean zehar praktikan jarritako era guztietako baliabide imajinagarrien bidez, lurpetik ateratzen hasten dira: poesia-deskribapenak, konparazioak eta metaforak, gogoeta filosofikoak eta teoria metafisikoen literatura-erakusketak, askotariko pertsonaiak askotariko lekuetan gurutzatzen dituzten pasadizoak, eztabaidak eta elkarrizketak.

Zenbait ardatzek egituratzen dute obra, eta, horien artean, hauek nabarmentzen dira:

  • Maitasuna eta jeloskortasuna, bereziki Swann eta Odetteren arteko harremanean azalduak, baita narratzaileak Albertinarekin duen harremanean ere.
  • Artea bere forma guztietan: pintura, eskultura, musika, literatura, antzerkia eta arkitektura.
  • Baldintza existentziala eta izaera hori osatzen duen funtsezko subjektibotasuna.
  • Denboraren eta memoriaren arteko erlazioak.
  • Elkarren artean kontrastatzen duten esparru eta esfera sozial desberdinak, hala nola familia eta lagunak, hiria eta herria, areto burgesak eta aristokratikoak.
  • Homosexualitatea, Roberto de Saint-Loup, Charlus baroia eta Carlos Morelen pertsonaietan jorratutako gaia[1]

Proustek XIX. mendearen amaierako Frantziako nobleziaren gainbeheraren ikuspegi zabala eskaintzen du, baina, bizimodu hori, etorkizunerako ere gordetzen du bere oroimenaren irudimenezko aberastasunaren bidez.

Obra nagusi hau alde batera utzita, Les Plaisirs et les Jours (Plazerak eta egunak), Jean Santeuil (amaitu gabeko eleberria eta hil ostean argitaratua, 1952an) eta prentsa-artikulu batzuk (batez ere literatur kritikakoak eta Contra Saint-Beuve eta Parodiak eta miszelaneaken bilduak), baita karta kopuru ikaragarria ere –ehun mila baino gehiago– 1993an argitaratu zen, eta Correspondanceko hogeita bat liburuki betetzen ditu guztira[2].​ John Ruskin itzuli zuen (The Bible of Amiens, Sesame and Lilies) bere amaren laguntzaz, ingelesa bikaina baitzuen, hizkuntza hori menderatzeko ariketa gisa.

Marcel Proust XVI. barrutiko Auteuil auzoan (Paris) jaio zen 1871ko uztailaren 10ean. Aita, Adrien, medikua zuen, eta, ama, Jeanne Weil, familia judu aberats batean hazia. Bederatzi urte zituela, asma eraso gogorra izan zuen, eta, harrezkero, gaixotasunak ez zion bakerik eman bizitza osoan. Condorcet Lizeoan oinarrizko ikasketak egin zituen denboran (1882-1889), eskola aldizkarietan idatzi zuen, eta sariak irabazi zituen frantses erretorikan eta filosofia gaietako mintzaldietan.

Gero, urtebeteko soldadutza egin zuen Orleansen (1889-1990), eta, soldadutzaren ondoren, goi mailako ikasketak egin zituen Politika Zientzietako Eskolan, eta zuzenbideko eta literaturako lizentziak lortu zituen 1893. eta 1895. urteetan, hurrenez hurren.

Prousten ama eskandalizatu zuen argazkia: Marcel Proust (eserita), Robert de Flers (ezkerrean) eta Lucien Daudet (eskuinean; Prousten maitaleetako bat izan zen), 1894 inguruan.

Gaztaroko urte horietan, eragin handia izan zuten haren pentsamoldean Henri Bergson eta Paul Desjardins filosofoek eta Albert Sorel historialariak. Bien bitartean, goi mailako gizarteko aretoetako giroa ezagutu zuen. 1896an, Le Banquet eta La Revue Blanche aldizkarietan argitaratu zizkioten istorio laburren bilduma bat kaleratu zuen: Les Plaisirs et les Jours (Plazerak eta egunak).

1895etik 1899ra, Jean Santetuil eleberri autobiografikoa idatzi zuen, bere edozertarako gaitasunak agerian utzi zituena. Gero, osasun makalaldi batek eta Frantzia guztia bi taldetan banatu zuen Dreyfus aferan (1897-1899) parte hartzeak goi mailako gizarteko girotik urrunarazi zuten pixkana.

Proustek Dreyfusen alde egin zuen gizartetik baztertua izateko arriskuarekin. Egia esatera, ez zuten baztertu, baina gertaera hark gizarte aristokratikoarekiko lilura galarazi zion, handik aurrera bere eleberrietan islatuta geratu den moduan. 1899an, John Ruskinen arte kritikaren ezagutzak hartaraturik, bertan behera utzi zuen Jean Santeuil eleberria, eta errebelazio berri baten bila murgildu zen izadiaren edertasunean eta arte gotikoan. Bilatze horretan, Venezian izan zen (1900), eta Ruskinen lanak itzuli zituen.

1903an, aita hil zitzaion, eta, 1905ean, ama.

Guztiz atsekabeturik eta bakarrik geratu zen, baina beregain bizitzeko moduan eta libre bere eleberri handiari ekiteko. Zenbait bertsio prestatu bitartean (1905-1906 urteetan aurrena eta 1907-1908 bitartean gero), bere idazle kutunenei buruzko parodia sail bat idatzi zuen, L'Affaire Lemoine, eta Le Figaro egunkarian argitaratu zuen. Orduan, artean ez zuen filosofia oinarria ezarri nahirik bere lanari, saiakera lan bat idatzi zuen, Contre Sainte-Beuve: oso gogor eraso zien Frantziako literatura kritikariei literatura jende ikasiaren denbora pasa gisa hartzen zutelako.

Lan horretan azaldu zuen artistak ahalegina egin behar zuela oharkabeko memoriaren azpiko mundutik azalera ateratzeko errealitate betierekoa, ohituraren ohituraz ez baitugu ikusi ere egiten. 1909ko urtarrilean, tea hartzen ari zela, tean bustitzen ari zen gailetaren ahogozoak bere haurtzaroko oroitzapen bat ekarri zion gogora oharkabean, eta, oroitzapen horrek eraginda eta behin obraren egitura tankeratu ondoren, Denbora galduaren bila idazten hasi zen uztailean. Proust homosexuala zen, ezkutuan,[3] eta, obra horren barruan, Charlusko baroiari dagozkion pasarteekin, homosexualtasunaren azalpen ageriko eta luzea egin zuten Europako lehen eleberrigileetako bat izan zen. 1912ko irailean bukatu zuen lehenengo liburua, baina ez zuen berehala argitaratu, atzera bota baitzioten, bai Fasquelle eta Ollendorff argitaratzaileek, bai Andre Gide idazlea zuzendari zuen La Nouvelle Revue Française aldizkariak. Azkenik, 1913ko azaroan, argitaratzaile gazte batek, Bernard Grassetek, argitaratu zion, gastu guztiak berak bere poltsikotik ordaindu behar izan bazituen ere. Proustek beste bi liburu gehiago bakarrik egiteko asmoa zuen; hala ere, haren idazkari Alfred Agostinelliren heriotzak («horixe da amaren ondoren gehien maite dudan pertsona»; hegazkin istripu batean hil zen) eta Lehen Mundu Gerra pizteak eragin zuten etenaren ondoren, beste sei idatzi zituen.

Marcel Prousten hilobia, Père Lachaise hilerrian (Paris).

Izan ere, gerra bitartean, lehenengo eleberritik geratu zitzaizkion hondarrak hartu, eta bigarrena idazteari ekin zion, zeukan materiala elementu errealistaz eta satirikoz hornituz, sentipenetan sakonduz eta haren egitura aberastuz, eta uste baino hiru aldiz handiagoa atera zitzaion lana. 1914an, Gide damutuaren ekimenez, La Nouvelle Revue Françaisek argitaratzeko eskaintza egin zion, baina, oraingoan, berak baztertu zuen eskaintza. Hala ere, noizbait, ados jarri ziren bi aldeak, eta 1919ko ekainean argitara eman zen À l'ombre des jeunes filles en fleur (Neska gazte loratuen itzalpean). 1919ko abenduan, Leon Daudet kazetari eta idazlearen gomendioz, Goncourt Akademiaren literatura sari ospetsua eman zioten, eta, bat-batean, mundu osora zabaldu zen haren izena eta ospea. Hurrengo hiru urteen barruan, bere obra handiaren beste bi liburu argitaratu ziren –Le Côté de Guermantes (Guermantes-ko aldea, 1920-1921) eta Sodome et Gomorrhe (Sodoma eta Gomorra, 1921-1922)–, eta, hil ondoren, azken zuzenketak egiteko gutxi falta zutela, gainerako hirurak: La Prisonnière (Gatibua, 1923), Albertine disparue (Albertina desagertua, 1925) eta Le Temps retrouvé (Denbora berreskuratua, 1927).

Marcel Proust 1922ko azaroaren 18an hil zen biriketako gaitzaz, Parisen.

Idazketa goiztiarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proust txikitatik inplikatu zen idazten eta argitaratzen. Eskola-urteetan kolaboratu eta argitaratu zituen literatura-aldizkariez gain (La Revue verte eta La Revue lilas), 1890etik 1891ra gizarteari buruzko zutabe bat argitaratu zuen Le Mensuel aldizkarian[4]. 1892an, Le Banquet (Platonen Symposium liburuaren frantses izenburua) izeneko literatur aldizkariaren sorreran parte hartu zuen, eta, hurrengo urteetan, Proustek, erregularki, pieza txikiak argitaratu zituen aldizkari horretan eta La Revue Blanche ospetsuan.

1896an, Les Plaisirs et les Jours (Plazerak eta egunak) argitaratu zen, hasierako lan horietako askoren bilduma bat. Liburuak Anatole Franceren hitzaurrea eta Mme Lemaireren marrazkiak zituen, zeinaren egongelan maiz zen gonbidatua Proust eta Mme Verdurin inspiratu zuen. Madeleine Lemairek Proust eta Reynaldo Hahn gonbidatu zituen bere Réveillon gaztelura (Mme Verdurin-en La Raspelière-ren modeloa) 1894ko udan, eta, 1895ean, hiru astez. Liburuaren edukia ondo hartu bazen ere, liburua gaizki saldu zen zuen prezio altuagatik, zeina erruz geratu baitzen barregarri[5]. Prezioa liburua oparoki ekoitzita zegoelako izan zen[erreferentzia behar].

Urte hartan, Proust eleberri bat lantzen hasi zen; azkenean, 1952an argitaratu, eta bera hil osteko editoreak Jean Santeuil izenburupean argitaratu zuten. Geroago, Denbora galduaren bila lanean garatu ziren gai asko lehen artikulazioa amaitu gabeko lan honetan aurkitu zuten, besteak beste, memoriaren enigma eta hausnarketaren beharra; Denbora galduaren bila lanean, hainbat atal irakur daitezke Jean Santeuilen lehen zirriborroan. Jean Santeuilen gurasoen erretratua nahiko gogorra da Prousten maisulanean gurasoak margotzen diren adorazioarekin alderatuta. Les Plaisirs et les Joursen harrera txarraren eta trama konpontzeko barne arazoen ondoren, Proustek pixkanaka utzi zuen Jean Santeuil 1897an, eta 1899rako erabat utzi zuen lana.

1895etik aurrera, Proustek hainbat urte eman zituen Thomas Carlyle, Ralph Waldo Emerson eta John Ruskin irakurtzen. Irakurketa horien bidez, artearen teoriak eta artistak gizartean duen rola findu zituen. Halaber, Denbora berreskuratuan, Prousten protagonista unibertsalak gogoratzen du Ruskinen Sesamo eta Liliak itzuli zuela. Artistaren ardura da naturaren itxurari aurre egitea, bere esentzia ondorioztatzea eta esentzia hori artelanean berriro kontatzea edo azaltzea. Ruskinen ekoizpen artistikoaren ikuspegia kontzepzio horren erdigunea zen, eta Ruskinen lana hain zen garrantzitsua Proustentzat, ezen Ruskinen hainbat liburu buruz ezagutzen zituela esan baitzuen, besteak beste, Arkitekturaren zazpi lanparak, Amienseko Biblia eta Praeterita[4].

Proustek Ruskinen bi lan frantsesera itzultzeari ekin zion, baina ingelesaren ezagutza ez oso ona izateak oztopatu zuen. Hori konpentsatzeko, itzulpenak talde-lanean egin zituen: bere amak zirriborratuta, zirriborroak lehenik Proustek berrikusi zituen; gero, Marie Nordlingerrek, Prousten lagun eta maitalea zen Reynaldo Hahnen lehengusu ingelesak[6], eta, azkenik, Proustek leundu zituen. Editore batek metodoari buruz galdetu zionean, Proustek erantzun zuen: «Ez dut ingelesez dakidala esaten; Ruskin ezagutzen dudala esaten dut»[4][7]. Amiensko Biblia, Prousten sarrera luzearekin, 1904an argitaratu zen frantsesez. Itzulpena zein sarrera kritika oso onak jaso zituzten; Henri Bergsonek esan zuen Prousten sarrera «Ruskinen psikologiari egindako ekarpen garrantzitsua zela», eta itzulpenari buruz antzeko goraipamena egin zuen[4]. Argitaratzeko garaian, Proust, dagoeneko, Ruskinen Sesamo eta liliak itzultzen ari zen, 1905eko ekainean amaitu zuena, ama hil baino lehen, eta 1906an argitaratu zen. Literatura historialari eta kritikariek egiaztatu dute, Ruskinez gain, Prousten eragin literario nagusien artean Saint-Simon, Montaigne, Stendhal, Flaubert, George Eliot, Fiodor Dostoievski eta Lev Tolstoi daudela[erreferentzia behar].

Proustek 1904an Le Figaro aldizkarian argitaratutako La mort des cathédrales (Katedralen heriotza) artikuluan esan zuen katedral gotikoak «frantses jenioaren adierazpenik gorena eta, zalantzarik gabe, jatorrizkoena» zirela[8].

1908. urtea garrantzitsua izan zen Prousten idazle-garapenerako. Urtearen lehen zatian, beste idazle batzuen pastixeak argitaratu zituen hainbat aldizkaritan. Imitazio-ariketa horiek bere estiloa sendotzeko aukera eman zioten. Horrez gain, urteko udaberrian eta udan, Proustek hainbat idazki-zati desberdinetan hasi zen lanean, geroago Contre Sainte-Beuve lan-izenburupean bilduko zirenak. Proustek bere ahaleginak deskribatu zizkion lagun bati idatzitako gutun batean: «Lanean ari naiz: nobleziari buruzko ikerketa batean, Parisen gaineko eleberri batean, Sainte-Beuve eta Flauberti buruzko saiakera batean, emakumeei buruzko saiakera batean, pederastiari buruzko saiakera batean (ez da erraza izango argitaratzea), beirateei buruzko ikerketa batean, hilobiei buruzko ikerketa batean eta eleberriari buruzko ikerketa batean[4]».

Zati desberdin horietatik abiatuta, Proustek eleberri bat moldatzen hasi zen, eta garai hartan etenik gabe egin zuen lan hartan. Lanaren zirriborroa lo egin ezin zuen lehen pertsonako narratzaile batean oinarritzen zen, haurtzaroan, gauez, ama goizean etortzeko zain zegoela gogoratzen zuena. Eleberria amaitu behar zen Sainte-Beuve-ren azterketa kritiko batekin eta artista baten lana ulertzeko biografia tresnarik garrantzitsuena zela zioen teoriaren ezeztapenarekin. Eskuizkribu-koaderno amaitu gabeetan, Rechercheren zati batzuei dagozkien elementu asko daude, bereziki, 1. liburukiaren «Combray» eta «Swann maiteminduta» atalekin, eta 7. liburukiaren azken atalarekin. Argitaratzaile bat aurkitzeko arazoak eta eleberriaren kontzepzio pixkanaka aldatzen joateak, lana proiektu nabarmen desberdin batera aldatzera eraman zuen Proust, oraindik ere gai eta elementu berdin asko zituena. 1910erako À la recherche du temps perdu lanean ari zen.

Denbora galduaren bila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Prousten Denbora galduaren bilaren eskuizkribua

Denbora galduaren bila ez da eleberri ziklo bat, garai hartan egin ohi ziren horietakoak bezalakoa, eleberri bat eta bakarra baizik. Eleberri zirkularra da, nolabait esateko: eleberri bat idatzi nahi duen eta gaitasun ezagatik edo nagikeriagatik egitekoa gerotik gerora luzatzen duen gizon baten haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa eta lehen helduaroaren narrazioa. Eleberriko azken liburuaren bukaeran, oharkabeko memoriaren agerpenez, gizon hura konturatzen da ordua dela idazten hasteko liburua, irakurtzen bukatzen ari garen eleberri horixe, noski. Badago obra honetan beste berezitasun aipagarri bat: sekula ez dugu jakingo protagonistaren izena, ez adina, ez itxura fisikoa. Lehenengo pertsonan hitz egiten du, eta bere kontzientziaren zirrikituetatik iragazten du eleberriak ematen duen informazioa.

Handia da «ni» izengabe hori Marcel Proustekin lotzeko tentazioa, eta kritikariek ere zail izaten dute eleberri hau biografia mozorrotutzat ez hartzeko. Izan ere, Prousten eleberriaren eta bizitza errealaren arteko harremanak konplexu samarrak dira.

Baina Proustek berak bere lana fikziozko obratzat har zedin nahi zuen.

Fikzioan, narratzailea, oharkabeko memoriarekin zerikusia duten zenbait esperientziaren ondoren, konturatzen da ordua dela idazten hasteko. Oharkabeko memoria hori da eleberriaren alderdi ezagunenetako bat.

Usaimenaren, ukimenaren, dastamenaren bidez azaleratzen da –tean bustitako madalena ospetsua–, pertsona denboraren joanetik bereizteko gaitasuna baitute zentzumenok. Narratzaileak, gisa horretako esperientziak dituen lehenengo aldian, ez daki haiek ongi interpretatzen; ez daki zer esan nahi duen madalena jateak edo ikuspuntua aldatu ahala itxuraz aldatuz doazen kanpandorre batzuk ikusteak sortzen dioten poz horrek. Azkenean ohartzen da, une berezi horietan azaltzen den «ni» sakon hori dela, hain zuzen, idazten hasteko aukera ematen diona.

Denbora galduaren bila, bestalde, ikasketa eleberri bikaina da, protagonistaren lilurak eta deslilurak kontatzen dituena, bi ziklo handitan egituratuta: munduzaletasunaren zikloa, batetik, eta maitasunarena, bestetik. Munduzaletasuna, edo esnobismoa, XIX. mendeko eleberrigintzan gehien erabili zen gaietako bat da. Denbora galduaren bilan, esnob asko agertzen da, bai burgesen artean, bai nobleen artean, gizarte eskalan gora egiteko irrikaz erreak. Narratzaileak erdeinuz hartzen ditu esnoben pairamenak, baina berak ere beste esnobismo bat pairatzen du: markesak eta dukesak ezagutu nahi ditu kosta ahala kosta. Burgesia.

Maitasunaren deslilura, berriz, askoz mingotsagoa da, munduzaletasunaren deslilurak baino «ni» sakonago bati erasaten baitio.

Bere eleberrian, Proustek oso era berezian tratatzen du maitasuna, eta jeloskortasunarekin lotua agertzen du beti. Maitasuna, eleberrian agertzen den amodio sexual obsesibo hori, jeloskortasunez, espioitzaz, maitatuaren jabe egiteko irrikaz, mesfidantzaz eta sufrimenduz dago egina.

Maitasuna, jeloskortasuna, bihozmina eta gainerako sentimendu sakon guztien gorabeherak eta agertze eta desagertzeak azaltzeko, Proustek oso metafora adierazkorra erabiltzen du: pertsonek dituzten «ni» desberdinez hitz egiten du, eta elkarren gainka, ondoan edo aurka jartzen ditu.

Prousten ikusmolde psikologiko hori, eleberriko pertsonaiak ezaugarritzeko oso erabilgarria izateaz gainera, haren pentsamoldearen alderdi modernoetako bat da. Beste alderdi batzuetan, berriz, Denbora galduaren bila XIX. mendeko eleberrigintza tradizioaren ondorengoa da, dudarik gabe.

Nobelaren oinarrizko gaietako bat, inbidia soziala, Frantziako XIX. mendeko narrazio gintzaren gai nagusietako bat baita.

Prousten meritu handiena, baina, liburuaren alderdi tradizional bat da segur aski: pertsonaiak sortzea. Proust, horretan, Balzac bera edo XIX. mendeko eleberrigile hoberenak bezain oparoa da. Denbora galduaren bila obran, pertsonaia asko dago, batzuk bigarren mailakoak (giza dekoratu moduko bat eratzeko-edo jarriak) eta beste batzuk bikaintasunez landuak. Egiteko horretan, Proustek perfekzioraino eraman zuen beste eleberrigile batzuk ere lehenago erabilitako prozedura bat: idiolektoak sortzea pertsonaia bakoitzarentzat, hau da, hitz egiteko modu bereziak. Idazlearen hizkuntza jeinua hain da handia, ezen pertsonaia bakoitzak ahoskera berezi bat baitu eta lexiko jakin bat erabiltzen baitu. Pertsonaia batzuetan, gainera, hizketa moldearen bilakaera ere ikus daiteke. Francoise mirabea, adibidez, alabaren eraginez, bere herriko mintzairaren bat-batekotasun zoragarria galduz doa, eta Parisko modernismoez kutsatzen da. Pertsonaien sorrerari dagokionez, aipagarria da, baita denbora igaro ahala haiengan gertatzen diren aldaketak ere.

Eleberriko gertakizunak denbora bitarte luze bat hartzen du, eta garbi asko ikus daiteke nola aldatzen diren, hitz egiteko moduaz gainera, pertsonaien itxura fisikoa eta pentsatzeko modua ere. Hala, beraz, egia da denbora dela eleberriaren protagonista nagusietako bat. Horregatik guztiagatik eta beste gauza askorengatik, eleberri hau gure kultura tradizioaren literatur lan handienetako bat da, dudarik gabe.

Estilo literarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, Prousten lanak oso estilo literario bereizgarria eta nahastezina du, inpresionismoaren eragina eta sinbolismo kutsu duena. Deskribapen atomizatu bat menderatzen du, eta, narratiboki, tempo motel eta berankor batera jotzen du, paragrafo zabal eta konplexuduna; edozein gairi heltzeko modua zeharkakoa da beti, kiribila.

Errealismo artistikotik eta haren gehiegikeria naturalistetatik ihesi, Marcel Proustek subjektibotasun-modu desberdinen bidez erakutsiko du errealitatearen bere antzaldaketa, adibidez, denbora tratatzeko irudimenezko modua eta haren behaketa eta deskribapen inpresionistak, baina teknika horiek guztiak Prousten obraren ezaugarri nagusiaren itzalpean gordetzen dira: kontzientziaren jario aldakorra Bergsonen iraupenera murriztua.

Proustek zeharkako bakarrizketa erabiltzen du; horrek esan nahi du narratzaile orojakile bat dagoela, hitzak artikulatzen ez dituen pentsamenduak aurkezten dituena eta irakurlea, erregularki, egitura episodiko baten bidez eramaten duena, zeina egitura tradizional klasikoaren aldaketa ere baden, bi arrazoirengatik: analepsia edo flashbacka erabiltzeagatik eta eduki tematiko bereziagatik. Eleberriaren edukia ez da lineala, eta karikaturara mugatuz bakarrik eman dakioke argumentu-izena, ez baititu gertakariak kontatzen, eskola tradizionalean bezala, baizik eta sentiberatasunean, pentsamenduan, irudimenean eta oroimenean duten eragina. Prousten obrak aldibereko elkarrizketak ere aurkezten ditu, denbora-espazio berean gertatzen direnak.

Oroitzapenetan oinarrituta egindako narrazio, leku, denbora, perspektiba eta narratzaile aldaketek inpresio berezia eskaintzen dute. Eleberri proustiarrak denbora psikologikoa du, kontalariak bere komenentzian manipulatua.

Proust euskaraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora galduaren bila eleberriko lehen liburua, Du côté de chez Swann, Joxe Austin Arrieta Ugartetxea itzultzaileak euskaratuta dago, Swann-enetik izenburupean Literatura Unibertsala bilduman (Alberdania-Elkar argitaletxeak, 2010).

Bestalde, Jean-Baptiste Orpustan euskalariak ere euskaratuta dauka Du côté de chez Swann, baina beste izenburu batekin: Aro galduaren bila. [9]Eleberriko liburu hauek euskaratuta dauzka:

  • Zuanen etxe aldean (Du côté de chez Swann)
  • Guermantes-ko aldea (Le côté de Guermantes)
  • Iheslea (La fugitive)
  • 1896: Les Plaisirs et les Jours (Plazera eta egunak).
  • 1904: J. Ruskinen La Bible d'Amiens lanaren itzulpena.
  • 1904: La Mort des cathédrales, Le Figaron argitaratutako artikulua.
  • 1906: J. Ruskinen Sésame et les lys lanaren itzulpena.
  • 1913-1927: À la recherche du temps perdu (Denbora galduaren bila)
    • 1913: Du côté de chez Swann (Swann-enetik).
      • 1. zatia: Combray
      • 2. zatia: Un amour de Swann
      • 3. zatia: Nom de pays : le nom
    • 1919: À l'ombre des jeunes filles en fleurs.
    • 1921-1922: Le côté de Guermantes.
    • 1922-1923Sodome et Gomorrhe I eta II.
    • 1925: La prisonnière (hil ondoren (NRF).
    • 1927: Albertine disparue (hil ondoren).
    • 1927: Le Temps retrouvé (hil ondoren).
  • 1919: Pastiches et Mélanges (Parodiak eta miszelaneak).
  • 1927: Chroniques (Kronikak) (hil ondoren).
  • 1952: Jean Santeuil (hil ondoren (hil ondoren).
  • 1954: Contre Sainte-Beuve (hil ondoren).
  • 1971-1993: Correspondance, Philip Kolbek egindako bilduma hogeita bat liburukitan (hil ondoren).
  • 2009: Chardin et Rembrandt Chardin eta Rembrandt) (hil ondoren).
  • 2012: Le Mensuel retrouvé (hil ondoren).
  • 2018: Gutuneria, 1914-1922 Marcel Proust, Jacques Rivière.
  • 2019: Le mystérieux correspondant et autres nouvelles inédites[10][11]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Narratzailea ez da horrelako harremanetan sartzen. Hala eta guztiz ere, Proust bera homosexuala zen, eta Albertinaren pertsonaia eta bere eta narratzailearen arteko harremana eraiki zuen Alfred Agostinelli bere maitalearengan eta berarekin zuen harremanean oinarrituta.
  2. Correspondance, recopilada, anotada y ordenada cronológicamente por Philip Kolb, Plon, 1971-1993.
  3. Edmund WHITE (1999): Marcel Proust: A Life, 46. orrialdea.
  4. a b c d e Tadié, J-Y. (Euan Cameron, trans.) Marcel Proust: A life. New York: Penguin Putnam, 2000.
  5. «Pleasures and Days 1 - Proust and the Arts» library.harvard.edu (kontsulta data: 2025-01-22).
  6. Carter, William C.. (2006). Proust in Love. YaleUniversity Press, 31–35 or. ISBN 0-300-10812-5..
  7. Karlin, Daniel (2005) Proust's English; p. 36
  8. RORATE CÆLI: THE DEATH OF CATHEDRALS – and the Rites for which they were built – by Marcel Proust (Full English translation). jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-09-27) (kontsulta data: 29 September 2023-09-29).
  9. «III. Traductions litteraires» www.tipirena.net (kontsulta data: 2017-01-03).
  10. Valeria Gaillard. «Crítica de El remitente misterioso: menos armario y más lectura», El Periódico, 26.01.2021; acceso 09.05.2021
  11. (Gaztelaniaz) Bassets, Marc. (2019-10-04). «Proust sale del armario con ocho cuentos inéditos» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2019-10-05).
  • Marcel Proust, El caso Lemoine y otros pastiches, traducción, prólogo y notas de Carlos Cámara y Miguel Ángel Frontán, Ediciones De La Mirándola, Buenos Aires, 2012. ISBN 978-987-28010-9-0
  • George D. Painter, Marcel Proust, 1871-1903: les années de jeunesse et Marcel Proust, 1904-1922: les années de maturité, Mercure de France, 1966.
  • Jean-Yves Tadié:
    • Marcel Proust, Gallimard, coll. « NRF / Biographie », 1996, 952 p.,
    • Marcel Proust, Gallimard, coll. « Folio », 1999.
  • Alain de Botton, Comment Proust peut changer votre vie, 10/18, 1998.
  • Roger Duchêne, L'Impossible Marcel Proust, Robert Laffont, 1994.
  • Évelyne Bloch-Dano, Madame Proust, Grasset, París, 2004, 382 p., 23 cm. ISBN 2-246-63011-8 (Biografía de Jeanne Weil. Obra interesante sobre todo respecto a las relaciones de Proust con su madre).
  • Gilles Deleuze, Proust et les signes, PUF 1970 [1964].
  • Edmund White, Proust, Nueva York, Viking Penguin, 1999.
  • Pujol Carlos, Enciclopedia universal de la literatura. La literatura del Txantiloi:Siglo II, "Proust: El tiempo recobrado”, Argentina: Orbis S.A .pp. 137-152.,[1990].
  • Núñez Ang, Eugenio,Literatura del Txantiloi:Siglo (narrativa) características y autores representativos, México: Universidad Autónoma del Estado de México,[1996].
  • María Cóndor Orduña, En busca de Sodoma y Gomorra, Madrid, Huerga y Fierro editores, 2006, 128 pp.
  • Stéphane Zagdanski, Le Sexe de Proust, Gallimard, 1994.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]