Kaixo. Euskal Wikipediako artikulu batzuen izenburuen kasuan, Euskaltzaindiak bere hiztegian hainbat forma onartu ditu euskara baturako (euskalki markarik gabe), eta bat hobetsi du. Adibidez, zigarro, zigarro puru eta txokor onartuta daude, baina zigarro da forma hobetsia eta txokor formak honako marka darama: "gaur gutxi erabilia". Hala ere, aste honetan Wikipediako Puru (zigarroa) izenburua kendu da, horren ordez txokor jartzeko.
Antzeko kasu gehiago badaude. Horien artean, almirante forma hobetsiaren ordez amiral onetsia ipini da, merkurio (elementua) (hobetsia) → zilarbizi (onetsia), merkataritza-sozietate → merkataritza-baltzu, mihise → margo-oihal, mariskal → marexal, eta abar.
Ez dakit gai honen inguruko politikarik edo eztabaidarik dugun. Beraz, beste lankideen iritzia eskertuko nuke. Hau da, zein forma onartua hobetsi behar dugu Euskal Wikipediako izenburuetan?