Topic on Wikipedia:Txokoa

Xabier Armendaritz (eztabaidaekarpenak)

Aupa, lankideok! Konturatu naiz Txikipedian eztabaida orriak erabat ezkutuan daudela. Adibidez, Txikipediako «Sare trofiko» artikuluan sartuta, goiko fitxetan ageri den eztabaida orri bakarra Wikipediakoa da, ez Txikipediakoa.

Halaxe, Arangorri wikilariak Txikipediako artikulu horren eztabaida orria sortu nahi izan duenean, Wikipedian sortu du (oharkabean, bistan denez). Nik eztabaida orria Txikipediara mugitu dut, baina Txikipediako «Sare trofiko» artikulutik zuzenean eztabaida orri horretara iristeko estekarik ez dago.

Beraz, eztabaida orriei dagokienez, Txikipediak bi arazo larri ditu: eztabaida orria artikulutik zuzenean sortzea ezinezkoa da, eta artikulua irakurtzean eztabaida orria sortuta duenik ezin da ikusi.

Konponbiderik bururatzen zaizue?

Arangorri (eztabaidaekarpenak)

Niri ez, baina zinez eskertuko nuke Txikipediarako eztabaida orriak izatea.

Gure ikasleekin sortutako sarrerak orrazten gaude eta ondo datorkit oharrak ipintzea hor. Agian ez dut erabili zuzena egin eta beste plataforman jarri beharko nituzke oharrak.

Eskerrik asko,

Koldo Biguri (eztabaidaekarpenak)

Txikipedia sortu zenean, hirugarren erlaitz bat egin zen euWPn, eta Txikipediak ez dauka eztabaida-orririk. Imajinatzen dut ez dela erraza izango laugarren erlaitz bat jartzea, eta ez dakit komeni ere komeni den. Pentsatu beharko genuke, beharra ikusiz gero, nola diseinatu horrelako zerbait; baina benetan ikusi beharko da ea behar handirik badagoen edo beste sistemaren bat erabili behar den. Ea beste norbaitek iritzirik baduen.

Theklan (eztabaidaekarpenak)

Teknikoki posible da. Eta akaso aldatu daiteke Eztabaida orria ere eta jarri Txikipediako eztabaidara mugitzea. Ez dakit guztiz beharrezkoa den, edo Wikipedia eta Txikipediako eztabaida orriak bateratzea ez ote den interesgarriagoa. Azken finean, ez ditugu ere hainbeste eztabaida. Hala ere, erabakitzen dena egin daitekeela (laguntza eskatuta, akaso) esan nahi nuen.

Xabier Armendaritz (eztabaidaekarpenak)

Nire ustez, kasu praktiko honek erakutsi digu Txikipediak baduela eztabaida orriren baten beharra. Badirudi eztabaidak ez direla gertatuko Wikipedian bezain sarri, eta hala izanik oraingoz behintzat agian ez da ideia ona Txikipediako artikulu bakoitzerako eztabaida orri propioak sortzea (zertarako xahutu baliabideak horretan, ia erabilerarik izango ez badu...).

Wikipediako eztabaida orria erabiltzeari ondo deritzot, baina aldiro markatu beharko litzateke eztabaida hori Txikipediako artikuluari buruzkoa dela (ia eztabaida guztiak Wikipediari buruzkoak izango direla uste dugunez); eta, beharbada, Txikipediako eztabaida hori galdu samar geratuko da Wikipediaren handitasunean.

Ez al legoke modurik Txikipediako eztabaida orri zentralizatu bat sortzeko, han Txikipediako edozein artikuluri buruz eta Txikipediako beste edozein gairi buruz mintzatzeko? Agian ez da ideia ona, eta Wikipediako eztabaida orriarekin aski litzateke, baina iruditzen zait Txikipediako edozein eztabaidari agerikotasuna emateko egokiagoa izan litekeela Txikipediako eztabaida orri bakarra.

Zer deritzozue Txikipedian gehien aritzen zaretenok?

Lainobeltz (eztabaidaekarpenak)

Ni neu ez naiz asko aritzen. Posible balitz "txikipediaren txokoa" edo horrelako zerbait sortzearen alde, dabilenak erraz aurkituko luke, eta eztabaidak jarraitzea errazagoa litzakeelakoan nago.

Koldo Biguri (eztabaidaekarpenak)

Txikipediaren azaleko orrian txoko bat sor liteke erabiltzaileen proposamen, zalantzak etab. jasotzeko. Frantsesezko Vikidian badute horrelako zerbait, galderak "jakintsuari" egiteko, edo artikuluak eskatzeko. Orriaren bukaeran duzue: https://fr.vikidia.org/wiki/Vikidia:Accueil

"Txikipediako eztabaida orriak, ezkutuan" mezuari erantzun