Tosca (opera)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tosca (opera)
Jatorria
Sorrera-urtea1898
Argitaratze-data1900
Estreinaldi-data1900eko urtarrilaren 14a
IzenburuaTosca
Jatorrizko herrialdeaItalia
Ezaugarriak
Genero artistikoaopera
Hizkuntzaitaliera
Iraupena2 ordu
Zatiak3 act (en) Itzuli
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
OinarrituaLa Tosca (en) Itzuli
LibretistaLuigi Illica (en) Itzuli eta Giuseppe Giacosa
Bestelako lanak
MusikagileaGiacomo Puccini
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaErroma

IBDB: 10427
IMSLP: Tosca,_SC_69_(Puccini,_Giacomo) Edit the value on Wikidata

Tosca hiru ekitaldiko opera da, Giacomo Pucciniren musikarekin eta Luigi Illica eta Giuseppe Giacosaren italierazko libretoarekin. Lanaren testua Victorien Sardouk idatzitako drama bizi batean oinarrituta dago, La Tosca'', 1887an Parisen aurkeztua, non Sarah Bernhardt aktore handiak lan egin zuen. Opera lehen aldiz Erroman taularatu zen, Teatro dell'Opera di Roman.

Tosca Italiako errepertorio veristako operarik adierazgarrienetako bat da, bere intentsitate dramatikoagatik eta errepertorioko ariarik ederrenetako batzuk izateagatik. Argumentuak maitasuna, intriga, indarkeria, pasioa eta heriotza uztartzen ditu. Madama Butterfly eta La bohèmerekin batera, Puccini-ren opera hirukote ezagunena osatzen du.

Lehenengo antzezpenaren artistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonaia Ahotsa Interpretea
1900eko urtarrilaren 14a
(Leopoldo Mugnone zuzendaria)
Floria Tosca soprano Hariclea Darclée
Mario Cavaradossi tenore Emilio De Marchi
Scarpia baritono Eugenio Giraldoni
Cesare Angelotti baxu Ruggero Galli
Sakristaua baxu Ettore Borelli
Spoletta tenore Enrico Giordani
Sciarrone baxu Giuseppe Gironi
Karzelari bat baxu Aristide Parasassi
Artzain bat ahots zuri Angelo Righi

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo ekitaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angelotti, espetxetik ihes egin duen preso politikoa, sartuko da Sant'Andrea della Valleko elizan; kapera bat ireki ondoren, bertan ezkutatuko da. Sakristaua batera eta bestera dabil, eta Mario Cavaradossi margolaria, berriz, Maria Magdalena irudikatuko duen koadroan lanean. Margolariak elizara sarri hurbildu den andre ilehoridun bat izan du modelo, baina gustukoagoa du bere maitea den Flora Tosca, abeslari famatua. Sakristauak alde egin ondorem, Angelotti ezkutalekutik irten zen. Cavaradossik hura ikusi, eta jabetuko da iraultzaile kideetako bat dela. Jarraian, Toscaren ahotsa entzungo da, Cavaradossiri deika, eta margolariak berriz ezkutatzeko aholkatuko dio Angelottiri. Toscak hizketan entzungo dio Cavaradossiri, eta pentsatuko du emakume batekin dela. Margolariak lasaitu egingo du. Gauean, abeslariak emango duen kontzertuaren ostean, Cavaradossiren etxean elkartzeko aukera izango dute. Alde egitear dagoela, emakumeak koadroa ikusiko du, eta berriz jarriko da jeloskor, batik bat konturatuko delako modeloa Attavanti markesa dela. Margolariak diotso elizan ikusi duela, baina ez duela ezagutzen. Toscak ondoren alde egingo du. Angelotti kaperatik atera, eta Attavanti markesa bere arreba dela jakinaraziko dio margolariari, bai eta emakumezkoen arropak helarazteko joan dela maiz elizara ere, jantziak familiaren kaperan ezkutaturik uzteko. Horrela, Angelottik ihes egitean, arropa horiekin, inork ez ezagutzea lortu nahi du. Cavaradossik bere etxean babestea eskainiko dio Angelottiri, baina alde egin aurretik kanoikada bat entzungo da, Angelottik ihes egin duela aditzera emateko seinalea. Margolaria eta iheslaria elkarrekin irtengo dira elizatik. Sakristauak jakingo du Napoleonek porrot egin duela Marengoko guduan, eta, ospatzeko, Te Deum bat abesteko presta daitezela eskatuko die haur kantariei. Ospakizun zaratatsua bertan behera geratuko da Scarpia, poliziaburua, agente batzuekin batera datorrenean. Scarpiak uste bat du: iheslaria elizan ezkutatuta dagoela. Tosca elizara itzuliko da, maitaleari gauean berandu iritsiko dela esateko, garaipena ospatzeko kantata batean parte hartu behar duelako, eta nahasirik geratuko da Cavaradossi joan egin dela ikusitakoan. Scarpiak margolariak Angelottiri ihes egiten lagundu diola susmatzen duenez, Toscaren izaera jeloskorraz baliatuko da, Angelottirengana eramango duelakoan. Poliziaburuak aurkitu duen abaniko bat erakutsi eta margolariaren aldamiotik gertu topatu duela esango dio emakumeari. Toscak abanikoak Attavanti familiaren armarria duela ikusi eta Cavaradossik engainatu egin duela pentsatuko du. Horrenbestez, margolariaren etxera abiatuko da, ustezko amoranteak harrapatzeko. Scarpiak abeslariari jarraitzeko aginduko die agenteei.[1]

Toscaren libretoa.

Bigarren ekitaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren ekitaldiak, gauez, Farnese jauregira eramango gaitu, Scarpiaren logelara, hain zuzen. Poliziaburua afaltzen ari da, agenteakAngelottiri buruzko berriekin noiz helduko. Ohar bat bidaliko dio Toscari, bisitan etortzera gonbidatzeko, abeslariak oroitzapenezko kantata amaitu eta gero. Scarpia haserretu egingo da Spoletta agenteak Angelottiren arrastorik ez dutela topatu esaten dionean; alabaina, izugarri poztuko da agenteek Cavaradossi bere jokabide susmagarriagatik atxilotu dutela jakindakoan. Atxilotuak Scarpiari aurre egin, eta Angelottiri buruz ez dakiela ezer esango du. Gauzak horrela, poliziaburuak galdeketa egiteko aginduko du, non beharrezko baliabide guztiak, tortura barne, erabiliko diren. Halaber, Tosca engainatzen saiatuko da, Angelotti non dagoen esan diezaion, baina hasieran ez du lortuko. Cavaradossi ondoko gelan torturatzen ari direla, abeslariak ezin ditu jasan bertatik iristen zaizkion min-garrasiak. Hala, Toscak, lur jota, Angelottiren ezkutalekua margolariaren etxeko lorategiko putzua dela jakinaraziko du. Cavaradossik, amorratuta, emakumea madarikatuko du, tinko ez eusteagatik. Bitartean, Marengoko batailari buruzko albisteak helduko dira: Napoleonek ez du galdu, irabazi egin du. Pozarren, margolariak Scarpiaren kontura egingo du barre, eta poliziaburuak Cavaradossi berehala hiltzeko aginduko du. Abeslariak bere maitea ez hiltzeko erregutuko dio Scarpiari. Hasieran, poliziaburuak ez dio jaramonik egingo, baina azkenean esango dio berarekin oheratu beharko duela, baldin eta Cavaradossik bizirik jarraitzea nahi badu. Beste irtenbiderik aurkitzen ez duenez, abeslariak, etsita, tratua onartuko du, nahiz eta Scarpiak nazka ematen dion (horrek are desiragarriagoa egiten du emakumea poliziaburuarentzat). Tosca bertan dagoela, Scarpiak itxurazko hilketa aginduko du. Toscak ez, baina Spolettak ondo ulertuko du poliziaburuak benetan zer adierazi nahi duen; izan ere, hilketa ez da simulatua izango. Abeslariak ibiltzeko baimena eskatuko du, Cavaradossirekin batera Erroma betiko utzi ahal izateko. Scarpia agiria idazten dagoela, Toscak aizto bat ikusiko du mahai gainean, eta poliziaburua bera besarkatzeko asmoz hurbiltzean bularrean sartuko dio eta hil egingo du. Gero, kandela bana jarriko du lurrean datzan hilotzaren albo bakoitzean, bai eta gurutze bat ere bularraren gainean.[1]

Hirugarren ekitaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sant'Angeloko gazteluko plataforman, hirugarren ekitaldiaren eszenatokia.

Hirugarren ekitaldia egunsentia baino apur bat lehenago gertatuko da. Artzain-ume bat kantuan ari da, urruti, eta Erromako elizetako kanpaiak jotzen daude. Sant'Angeloko gazteluko plataforman, Cavaradossi Toscari azkeneko eskutitza idazten saiatzen ari da, baina iraganeko zoriontasunaren oroitzapenak ahalegina galarazten ari zaizkio. Tosca lasterka dator. Ibiltzeko baimena daukala eta Scarpia hil duela diotso Cavaradossiri. Era berean, itxurazkotzat jotzen duen hilketa eta horri buruzko argibideak jakinaraziko dizkio: margolariak bere burua lurrera bota eta soldadu guztiak joan arte itxaron beharko du, altxatu aurretik. Fusilamendua, baina, benetakoa izango da, eta Tosca, bere maitalea mugitzen ez dela ikusita, hilda dagoela konturatuko da. Gero eta hurbilago entzungo diren haserre-oihuek agenteek Scarpiaren hilketaren berri izan dutela adieraziko dute. Spoletta, soldatutalde batekin batera, Tosca hiltzailearen atzetik abiatuko da, ihes egin ez dezan, baina harrapatu aurretik emakumeak bere burua Sant’Angeloko gazteluaren goialdetik behera botako du.[1]

Toscaren zinema bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]