Sarah Bernhardt
Sarah Bernhardt, sortzez Rosine Bernardt (Paris, Frantzia, 1844ko urriaren 22a - 1923ko martxoaren 26a) antzerki eta film-aktore judua izan zen. Batzuen iritziz, «historian, munduko emakumezko aktorerik famatuena» izan zen Hollywood eta bertako izarrak agertu aurretik. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, Europako antzokietan famatua egin zen, eta Amerika eta Europan zehar antzeztu zuen[1][2]. Besteak beste, Alexandre Dumas semearen La Dame aux Camélias, Victor Hugoren Ruy Blas, Victorien Sardouren Fédora eta La Tosca eta Edmond Rostanden L'Aiglon lanetan aritu zen. Gizon paperak ere interpretatu zituen, Hamlet printzearena barne, Shakespeareren izen bereko obran. Rostandek «posearen erregina eta keinuaren printzesa» deitu zion; Hugok, berriz, beraren «urrezko ahotsa» goraipatu zuen. Hainbat antzerki-bira egin zituen mundu osoan zehar, eta soinu grabaketak egin eta filmetan aritu zen lehen emakume aktore nabarmenetakoa izan zen.
Alphonse Mucha artistaren arrakastarekin ere lotuta dago, 1894an Parisen afixa bat egiteko lehen enkargua eman eta ospea irabazi zuena eta, gero, bere art nouveau estiloagatik garaiko artistarik preziatuenetako bat bihurtu zena.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurtzaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sara-Marie-Henriette Rosine Bernardt[3] Parisen jaio zen 1844ko urriaren 22an Parisko latin auzoko l'École-de-Médecine kaleko 5. zenbakian[Oh 1][2] Sarah Bernhardt: French actress. (Noiz kontsultatua: 14 February 2025).</ref>. Aberats edo goi mailako bezeroak zituen holandar judu kortesau baten, Judith Bernard-en (Julie izenez ere ezaguna eta Frantzian Youle izenez), alaba zen[4][5][6][7]. Bere aitona Moritz Bernardt judu jatorriko merkataria zen Amsterdam hirian. Bere ama ere, Amsterdamen jaio zen[8][9]. Denbora luzez, ez zen bere aitaren izena ezagutu, baina gaur egun jakina da Le Havreko abokatu bat zela[10]. Sarahk geroago idatzi zuen bere aitaren familiak ordaindu zuela bere hezkuntza, katoliko gisa bataiatzeko nahia azpimarratu zuen, eta diru kopuru handi bat utzi zuela adin nagusira heltzean ordaintzeko[11]. Amak maiz bidaiatzen zuen, eta alaba gutxi ikusten zuen. Sarah umezain batekin utzi zuen Bretainian, eta, gero, Parisko Neuilly-sur-Seine aldiriko txabola batean[12].
Sarahk zazpi urte zituela, amak Parisko Auteuil auzoko andereñoentzako barnetegi batera bidali zuen, aitaren familiaren diruarekin ordaindua. Bertan, bere lehen antzerki emanaldian jardun zuen Clothilde antzezlanean, non maitagarrien erreginaren papera antzeztu zuen baita bere lehen heriotza eszena dramatikoa ere[12]. Barnetegian zegoen garaian, ama Parisko gorteko gailurrera igo zen politikariekin, bankariekin, jeneralekin eta idazleekin erlazionatuz. Mezenas eta lagunen artean Charles de Morny zegoen, Mornyko dukea, Frantziako legegintzaldiko lehendakaria eta Napoleon III.a enperadorearen anaiordea[11].
10 urterekin, Mornyren babesarekin, Sarah Grandchampen onartu zuten, agustindarren komentu-eskola esklusibo bat, Versaillesetik gertu[13]. Komentuan, Rafael goiaingeruaren papera interpretatu zuen Tobiasen Liburuan oinarritutako istorio batean[11]. Moja izateko asmoa adierazi zuen, baina ez zituen beti komentuko arauak betetzen; sakrilegioa leporatu zioten kristau ehorzketa antolatu zuenean (prozesio, zeremonia eta guzti) bere maskota muskerrarentzako[11]. Lehen jaunartzea, 1856an jaso zuen erromatar katoliko gisa, eta, ondoren, jainkozale izan zen sutsuki. Hala ere, ez zuen inoiz bere jatorri judua ahaztu. Urte batzuk geroago, kazetari batek kristaua ote zen galdetu zionean, hauxe erantzun zuen: «Ez, katoliko erromatarra naiz eta juduen arraza handiko kide. Kristauak hobetu daitezen arte itxaroten ari naiz»[14]. Erantzunak, hala ere, Charles Gounod konpositore eta herrikidearen egindako aurreko galdera bati «ea inoiz otoitz egiten zuen» emandako erantzunarekin kontrastatzen zuen: «Ez, inoiz ez, ateoa naiz»[15]. Nolanahi ere, hil baino lehentxeago, azken sakramentuak onartu zituen[16].
1857an, Sarahk jakin zuen bere aita atzerrian hil zela[12]. Amak familia-kontseilu bat deitu zuen (Mornyk ere parte hartu zuena) berarekin zer egin erabakitzeko[12]. Mornyk Sarah aktore bihurtzea proposatu zuen. Ideiak izutu egin zuen Sarah, ez baitzen inoiz antzoki batean egona. Mornyk, Comédie Française-n, bere lehen antzerki-emanaldira joateko modua antolatu zuen, non bere ama, Morny eta bere lagun Alexandre Dumas aita zeuden festara. Ikusi zuten antzezlana Jean Racineren Britannicus izan zen, eta, ondoren, Plautoren Amphitryon komedia klasikoa. Obraren emozioak hain hunkitu zuen Sarah, ezen negar-zotinka hasi baitzen ozenki, gainerako ikusleak aztoratuz[12]. Morny eta bere taldeko beste batzuk haserretu egin ziren harekin, eta joan egin ziren, baina Dumasek kontsolatu egin zuen, eta, ondoren, Mornyri esan zion eszenatokira bideratuta zegoela uste zuela. Emanaldiaren ondoren, Dumasek «nire izar txikia» deitu zion[14].
Mornyk Daniel Auber konpositorearekin, Parisko Kontserbatorioko buruarekin, zuen eragina erabili zuen Sarahri entzunaldi bat egin ziezaion moldatzeko. Prestatzen hasi zen, bere memorietan deskribatu zuenez: «edozein enpresa berri bultzatzeko erabiltzen dudan esajerazio biziarekin»[12]. Dumasek entrenatu zuen. Epaimahaia, Auber eta Comédie Française-ko bost aktore nagusik osatzen zuten. Racineren bertsoak errezitatu behar zituela suposatzen zen, baina inork ez zion aipatu errezitatzerakoan arrastoak emango zizkion norbait behar zuenik. Sarahk epaimahaiari esan zion haren ordez La Fontaineren Bi usoak fabula errezitatuko zuela. Epaimahaikideak eszeptiko agertu ziren, baina errezitazioaren berotasuna eta patetismoak gogatu, eta ikasle izatera gonbidatu zuten[14].
Debuta eta antzinatea Comédie-Françaisen (1862–1864)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Sarahren debuta Les Femmes Savantes-en, Comédie Française, 1862
-
Sarah Bernhardt 1864an; 20 urterekin, Félix Nadar argazkilariaren argazkia
-
Sarahren Nadarren argazkia, 1865
Sarahk Kontserbatorioan ikasi zuen, 1860ko urtarriletik 1862ra arte, Comédie Françaiseko bi aktore nabarmenekin: Joseph-Isidore Samson eta Jean-Baptiste Provost. Bere memorietan idatzi zuen Provostek ahoskera eta keinu handiak irakatsi zizkiola eta Sansonek sinpletasunaren indarra[12]. Eszenatokirako, Bernard abizena Bernhardt-era aldatu zuen. Ikasten ari zela, lehen ezkontza-proposamena jaso zuen, 500.000 libera eskaini zizkion enpresari aberats batek egina. Hark negar egin zuen ezetz erantzun zionean. Sarahk idatzi zuen: «nahastuta, penatuta eta pozez zoratuta sentitzen nintzen, antzerkiko antzezlanetan jendeak maite duen moduan maite ninduelako»[12].
Tragedia klaserako lehen azterketa baino lehen, bere ile kizkur ugaria lisatzen saiatu zen, are kontrolaezinago bihurtzen zuena, eta harrapatutako hotzeria gaiztoak hain sudurkaritu zion ahotsa, ezen ez baitzuen ia ezagutzen. Gainera, antzezpenerako eskainitako zatiak klasikoak ziren, eta kontu handiz estilizatutako emozioak behar zituzten, eta nahiago zuen erromantizismoa eta bere emozioak osoki eta naturalki adierazi. Irakasleek 14. postua eman zioten tragedian, eta 2. komedian[11]. Beste behin ere, Morny erreskatera etorri zitzaion. Camille Doucet Arteen ministro nazionalarekin hitz egin zuen, Sarah goraipatuz. Doucetek Edouard Thierry Théâtre Françaiseko administratzaile nagusiari gomendatu zion[11], zeinak antzokian plaza bat eskaini baitzion Sarahri pentsiodun gisa eta gutxieneko soldata batekin[14].
Sarahk 1862ko abuztuaren 31n egin zuen debuta konpainiarekin, Racineren Iphigénie[11][Oh 2] lanaren paper nagusian. Estreinaldiak ez zuen arrakastarik izan. Eszenatoki izua zuen, eta bere lerroak presaka esaten zituen. Ikusle batzuek iseka egin zuten haren figura mehearen gainean. Emanaldia amaitu zenean, Provost bastidore artean zegoen zain, eta Sarahk barkamena eskatu zion. Provostek esan zion: «Barka zaitzaket, eta zeure buruari barkatuko diozu azkenean, baina Racinek, bere hilobian, ez zaitu sekula barkatuko»[14]. Francisque Sarcey, L'Opinión Nationale eta Le Temps aldizkarien antzerki kritikari eragin-sortzaileak idatzi zuen: «ondo jokatzen du, eta zehaztasun osoz ahoskatzen. Hori da hari buruz momentuz esan daitekeen guztia»[14].
Sarahk ez zuen luze iraun Comédie-Française taldearekin. Molière-ren Les Femmes Savantesen Henrietteren papera interpretatu zuen, eta L'Étourdin Hippolytena, eta Scribe-ren Valérien rol titularra, baina ez zituen kritikariak harritu, ez eta konpainiako beste kideak ere, zeinak haren igoera bizkorra gaitzesten baitzuten. Asteak aurrera zihoazen, baina ez zioten beste paperik eman[11]. Bere izaera beroak ere arazoak ekarri zizkion; antzokiko atezain batek Bernhardt Txikia deitu zionean, aterkia hautsi zion buru gainean. Barkamena eskatu zion behin eta berriz, eta atezaina, 20 urte geroago, erretiratu zenean, landa-etxe bat erosi zion Normandian[14]. Molièreren urtebetetzea ospatzeko zeremonia batean, 1863ko urtarrilaren 15ean, Sarahk bere ahizpa txikiena, Regina, gonbidatu zuen bera laguntzeko. Regina, ustekabean, konpainiako aktore nagusi baten, Zaïre-Nathalie Martelen (Madame Nathalie ezizenez ezaguna) (1816–1885)[17], soinekoaren dandarra zapaldu zuen. Madame Nathaliek Regina bultzatu zuen soinekoa askatzeko, eta Reginak harrizko zutabe bat jo, eta bekokia ebaki zuen. Regina eta Madame Nathalie elkarri oihuka hasi ziren, eta Sarah aurreratu, eta masaileko bat eman zion Madame Nathalieri. Nathalie beste aktore baten gainera erori zen. Thierryk Madame Nathalieri barkamena eskatzeko esan zion Sarahri. Sarahk uko egin zion barkamena eskatzeari Madame Nathaliek Reginari barkamena eskatzen ez zion arte. Sarah dagoeneko programatuta zegoen paper berri bat egiteko, eta entseguak egiten hasia zen. Madame Nathaliek eskatu zuen Sarah paperetik kentzeko barkamena eskatu ezean. Ez batak, ez besteak ez zuten amore eman, eta, Madame Nathalie konpainiako goi-mailako kidea zenez, Thierryk alde egiteko eskatu behar izan zion Sarahri[13].
Gymnase eta Brusela (1864–1866)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarahren familiak ezin zuen ulertu konpainiatik alde egin izana; ulertezina zitzaien inor 18 urterekin Parisko konpainia entzutetsuenetik alde egitea[12]. Horren ordez, antzerki herrikoi batera joan zen, Gymnasera, non bi emakume aktore nagusiren ordezko bihurtu baitzen. Ia berehala beste eskandalu bat eragin zuen eszenatokitik kanpo; Napoleon III.ak eta Eugenia enperatrizak antolatutako Tuileriak jauregiko harreran poesia errezitatzera gonbidatu zuten Gymnaseko beste aktore batzuekin batera. Sarahk Victor Hugoren bi poema erromantiko errezitatzea erabaki zuen Hugo enperadorearen kritikari garratza zela jakin gabe. Lehen poemaren ondoren, enperadorea eta enperatriza altxatu egin ziren, eta kalera irten, gortea eta gainerako gonbidatuak atzetik zihoazela[14]. Hurrengo papera Gymnasen, errusiar printzesa tentel gisa, erabat desegokia zen berarentzat; amak esan zion bere jarduna irrigarria zela[12]. Bat-batean, antzerkia uztea erabaki zuen bidaiatzeko eta amak bezala maitaleak izateko. Espainiara joan zen denbora labur baterako, eta, gero, Alexandre Dumasek proposatuta, Belgikara[14].
Besteak beste, Gustave Doré artista frantziarraren, Alphonse Mucha artista txekiarraren, Victor Hugo idazle frantsesaren, Oscar Wilde idazle ingelesaren edo Louise Abbéma margolari frantsesa bezalako garaiko pertsonaien lagun eta maitale izan zen. Baita Louise Abbémarena ere: bere erretratugile ofiziala izateaz gain, bere bizitzaren zatirik handiena berarekin partekatu zuen.[18]
Dumasen aurkezpen-gutunak eraman zituen Bruselara, eta gizarteko maila gorenetan onartua izan zen. Geroagoko zenbait konturen arabera, mozorro-dantza batera joan zen Bruselara, non Henri aristokrata belgikarra ezagutu zuen, Ligneko Printze jaraunslea, eta abentura bat izan zuen harekin[14]. Beste kontakizun batzuek diote Parisen ezagutu zutela elkar, Printzea maiz etortzen baitzen antzerkira. Harremana amak bihotzekoa izan zuela jakin zuenean eten zen[11]. Parisera itzuli zen; ama hobeto zegoela ikusi, baina haurdun zegoela Printzearekin izandako harremanetik. Ez zion Printzeari jakinarazi. Amak ez zuen nahi aitarik gabeko haurra bere teilatupean jaiotzerik; beraz, rue Duphot-eko etxe txiki batera joan zen bizitzera, eta, 1864ko abenduaren 22an, 20 urteko aktoreak Maurice Bernhardt seme bakarra erditu zuen[14].
Odeon (1866–1872)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Maurice jaio ondoren eta bion mantenua sostengatzeko, Sarahk rol txikiak eta ordezko paperak antzeztu zituen Porte Saint-Martin antzokian, melodrama herrikoiak ematen zituen antzokian. 1866. urtearen hasieran, Felix Duquesnel, ibai ezkerraldeko Odeon antzokiko zuzendariarekin irakurketa bat lortu zuen. Duquesnelek, urte batzuk geroago, honela deskribatu zuen irakurketa: «Dohaindutako izaki zoragarri bat nuen aurrean, inteligentea jenialtasuneraino, energia izugarriarekin itxura hauskor eta delikatu baten azpian, eta borondate basati bat». Finantzetarako antzokiko zuzendarikidea, Charles de Chilly, fidagaitz eta argalegitzat hartuta, baztertu nahi izan zuen, baina Duquesnel liluratuta zegoen; antzokirako kontratatu zuen hilean 150 liberako soldata apal batekin, bere poltsikotik ordaintzen zuena[11]. Odéon bigarren antzokirik entzutetsuena zen, Comédie Française taldearen atzetik, eta antzoki tradizional hura ez bezala, ekoizpen modernoagoetan espezializatuta zegoen. Odeon ezaguna zen ibaiaren ezkerraldeko ikasleen artean. Antzokian egindako lehen emanaldiek ez zuten arrakastarik izan. XVIII. mendeko oso komedia estilizatu eta friboloak egin zituen, eszenatokian zuen indargunerik behinena erabateko zintzotasuna zenean[14]. Bere itxura meheak ere barregarri gelditzen zen jantzi apaingarri haiekin. Dumas, bere jarraitzailerik indartsuena, emanaldi baten ostean esan zuen: «birjina baten burua, eta erratz baten gorputza du»[14]. Laster, ordea, antzezlan ezberdinekin eta esperientzia gehiagorekin, bere antzezpenak hobetu egin ziren; goraipatua izan zen Cordeliaren antzezpenagatik Lear erregean[erreferentzia behar]. 1867ko ekainean, Jean Racineren Athalie antzezlanean, bi paper antzeztu zituen: neska gazte baten eta mutil gazte baten, Zacharie, arteko harremanak, bere karreran gizon papera jokatuko zuen lehen lana, geroago hainbat ekarriko zutenak. Eragin handiko Sarcey kritikariak idatzi zuen: «bere publikoa sorgindu zuen Orfeo txiki bat balitz bezala»[14].
Ruy Blas eta Comédie Françaisera itzulera (1872–1878)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Sarah Espainiako erreginaren paperean Ruy Blas' filmean (1872)
-
Racineren Phèdre Comédie françaisen, (1873)
-
Sarah bere hilkutxa ospetsuan, non batzuetan lo egiten zuen edo bere paperak aztertzen zituen (1873 inguruan)
-
Georges Clairin-en erretratua (1876)
-
Sarah: Doña Sol paperean Hernani draman (1878)
Tuileriak jauregia, Parisko udaletxea, eta beste eraikin publiko asko Komunak erre edo borroketan kaltetuak izan ziren, baina Odeon antzokia zutik jarraitu zuen. Charles-Marie Chilly, Odeoneko zuzendarikidea, Sarahren apartamentura joan zen, non Sarahk besaulki batean etzanda hartu baitzuen. 1871ko urrian, antzokiak berriro irekiko zirela iragarri zion, eta, obra berri batean, protagonista izatea eskatu zion, André Theurieten Jean-Marie obran. Sarahk erantzun zion antzerkiarekin bukatu zuela eta Bretainiara zihoala etxalde bat martxan jartzera. Chillyk, Sarahren aldarteak ondo ezagutzen zituenak, ulertzen zuela eta bere erabakia onartzen zuela esan zion, eta papera Jane Essler aktore aurkariari emango ziola. Chillyren arabera, Sarahk segituan egin zuen salto sofatik, eta entseguak noiz hasiko ziren galdetu zion[14].
Artista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere izen-abizenei H letra erantsi zien bere izen artistikoa osatzeko, Sarah Bernhardt. Gainera, bere osaba Édouard Bernardten izena bere aitaren izen gisa erabili zuen.
1862. urtean antzezten hasi zen Comédie-Françaisen ikasten ari zenean. Hasieran, ez zuen arrakasta handirik izan, baina, 1870eko hamarkadan,Europako antzokietan famatua egin zen, eta, laster, New Yorkeko eta Europako eskaintzak jasotzen hasi zen.
Sarah zinema mutuaren emakumezko aktore aitzindarietako bat izan zen, 1900. urtean bi minutuko luzera zuen Le Duel d'Hamlet filmean debuta egin baitzuen.
"Bost aktore mota daude: txarrak, erregularrak, onak, handiak eta Sarah Bernhardt". Mark Twain [19]
1896ko abenduaren 9an, Sarah Bernhardtek hogeita hamar urteko ibilbidea ospatu zuen Parisen. Renaissance antzokian, Racine eta Parodiren testuak antzeztu zituen aktoreak. Azkenik, tronu batean eserita, bost poetari entzun zien bere laudorioak bertsotan deklamatzen. Gonbidatu bakoitzak album ilustratu bat eta zilarrezko domina bat jaso zituen, René Laliquek grabatua, aktore tragikoaren irudiarekin.[20]
1899an, rol maskulino bat antzezten lehena izan zen; 55 urterekin literaturaren historiako pertsonaia gizon garrantzitsuenetako bat antzeztu zuen: Hamlet.
Zuzendaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aktore lanbidea, hala, eskultura, pintura eta literaturarekin uztartu zuen, eta ikuskizunaren munduko lehen enpresaria izan zen, Parisko hainbat antzokitako ekoizpenak izapidetu eta zuzentzeaz arduratu zelarik.[19] 1893an, Sarah Théâtre de la Renaissance delakoaren zuzendari bihurtu zen, eta, 1899an, Théâtre des Nations zaharrera aldatu zen, Théâtre Sarah Bernhardt izena hartu eta 1923an hil zen arte.[21]
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarah Ohorezko Legioko kide egin zuten 1914an. 1905ean, Hego Amerikako bira batean, eskuineko belaunean min hartu zuen Toscako azken eszenan salto egitean. 1915ean, gangrena sartu zitzaion, eta hanka moztu behar izan zioten. Ezer esan gabe, Lehen Mundu Gerran Sarahk behin eta berriz bisitatu zituen frontean zeuden soldaduak, aulki batean eginez agerraldiak. 1916an ekin zion bere azken birari Estatu Batuetan zehar 18 hilabetez. 1918ko azaroan, Frantziara itzuli zen, baina, laster, Europako beste bira bati ekin zion, eserita zegoela antzezteko moduetan arituz.[21] 1920an, Sarahk eleberri bat argitaratu zuen, Petite Idole: egilearen ibilbide eta anbizioen idealizazioa.[22]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]La Voyante filmatzen ari zirela, larriki gaixotu zen. Berriak munduari bira ematen zion bitartean, milaka paristar bildu ziren etxe atarian. Semeak eta miresle gorte leial batek lagundurik, bere azken hitzak esan zituen:
«Kazetariak dira? Orduan airean edukiko ditut. Bizitza osoan torturatu naute; orain, nire txanda da». Sarah Bernhardt [2]
1923ko martxoaren 26an hil zen uremia gaitzak jota. Parisko Père Lachaise hilerrian ehortzi zuten[18]. Gaur egun, Sarah Bernhardtek Hollywoodeko Famaren pasealekuan izarra bat du bere izenarekin, Vine Street kaleko 1751. zenbakian.[23]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzerkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1862: Iphigénie
- 1862: Valérie
- 1862: Les Femmes Savantes
- 1864: Un Mari qui Lance sa Femme
- 1866: La Biche aux Bois
- 1866: Phèdre (Aricie)
- 1866: Le Jeu de l'Amour et du Hasard (Silvia)
- 1867: Les Femmes Savantes (Armande)
- 1867: Le Marquis de Villemer
- 1867: François le Champi (Mariette)
- 1868: Kean (Anna Damby)
- 1869: Le Passant, (Zanetto)
- 1870: L'Autre
- 1871: Jeanne-Marie
- 1871: Fais ce que Dois
- 1871: La Baronne
- 1872: Mademoiselle Aïssé
- 1872: Ruy Blas (Mariana de Neoburg).
- 1872: Mademoiselle de Belle-Isle (Gabrielle)
- 1872: Britannicus (Junie)
- 1872: Le Mariage de Figaro
- 1872: Mademoiselle de la Seiglière
- 1873: Dalila
- 1873: Chez l'Avocat
- 1873: Andromaque
- 1873: Phèdre (Aricie)
- 1873: Le Sphinx
- 1874: Zaire
- 1874: Phèdre (Fedra)
- 1875: La Fille de Roland
- 1875: L'Étrangère (Clarckson Andrea)
- 1875: Rome Vaincue
- 1877: Hernani (Na Sol)
- 1879: Phèdre (Fedra)
- 1880: L'Aventurière
- 1880: Adrienne Lecouvreur
- 1880: Froufrou
- 1880: La Dame aux Camélias (Marguerite Gautier)
- 1882: Fédora
- 1882: Théodora (Teodora)
- 1882: La Tosca
- 1882: La Princesse Georges
- 1890: Cléopâtre (Kleopatra)
- 1893: Les Rois
- 1894: Gismonda
- 1895: Amphytrion
- 1895: Magda
- 1896: La Dame aux Camélias (Marguerite Gautier)
- 1896: Lorenzaccio (Lorenzo de' Medici)
- 1897: Spiritisme
- 1897: La Samaritaine
- 1898: Medée, (Medea)
- 1898: La Dame aux Camélias (Marguerite Gautier)
- 1898: Jeanne d'Arc (Jeanne d'Arc)
- 1898: Izéïl
- 1898: Roi Lear
- 1899: Hamlet (Hamlet)
- 1899: Antoine et Cléòpatre (Kleopatra)
- 1898: Macbeth (Macbeth Anderea)
- 1898: Pierrot Assassin (Pierrot)
- 1900: L'Aiglon (L'Aiglon)
- 1903: La Sorcière
- 1904: Pelléas et Mélisande (Pelléas)
- 1906: La dama del mar
- 1906: La Vierge d'Avila (Santa Teresa)
- 1911: Reine Elizabeth (Elisabeth Erregina)
- 1913: Jeanne Doré (Jeanne Doré)
Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- La voyante (1923) (bukatu gabe)
- Jeanne Doré (1916) (Jeanne Doré)
- Ceux de chez nous (1915) (bere bizitzari buruzko film-dokumentala)
- Mères françaises (1915) (erizaina)
- Le duel d'Hamlet (1900) (Hamlet)
- Sarah Bernhardt à Belle-Isle (1912) (Sarah Bernhardt)
- Elisabeth, reigne d'Angleterre (1912) (Elisabeth erregina)
- Adrienne Lecouvreur (1912) (Adrienne Lecouvreur)
- La dame aux camélias (1911) (Camille)
- Tosca (1908) (Tosca)
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Dataren inguruan nolabaiteko ziurgabetasuna dago. Ikus Encyclopædia Britannica online Tierchant (2009), page 15 and Skinner (1967) page 1, and section below on birthdate 10 March 2018.
- ↑ Bere memorietan, Sarahk irailaren 1a ematen du debut gisa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Sarah Bernhardt» IMDb (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Sarah Bernhardt, divino escándalo» La Vanguardia 2019-07-05 (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
- ↑ Larousse, Éditions. Encyclopédie Larousse en ligne – Henriette Rosine Bernard dite Sarah Bernhardt. .
- ↑ Blume, Mary. (7 October 2000). «Sarah Bernhardt and the Divine Lie» The New York Times (Noiz kontsultatua: 23 June 2018).
- ↑ Williams, Holly. (15 December 2017). Sarah Bernhardt: Was she the first 'A-list' actress?. BBC Culture (Noiz kontsultatua: 23 June 2018).
- ↑ Koenig, Rhoda. (22 February 2006). «Sarah Bernhardt: Goddess with a golden voice» The Independent (London) (Noiz kontsultatua: 23 June 2018).
- ↑ Laing, Olivia. (24 October 2010). «Sarah: The Life of Sarah Bernhardt by Robert Gottlieb» The Guardian (London).
- ↑ (Gaztelaniaz) Vallejo, Javier. (2003-10-10). «La pasión de la divina Sarah» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Group, PMB. «Catálogo en línea Biblioteca Florencio Sànchez - Escuela Multidisciplinaria de Arte Dramàtico» www.biblioteca.emad.edu.uy (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
- ↑ Qui était le père de Sarah Bernhardt ?. .
- ↑ a b c d e f g h i j Tierchant 2009.
- ↑ a b c d e f g h i j Bernhardt 2000.
- ↑ a b Gold & Fizdale 1991.
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o Skinner 1967.
- ↑ Allen Smith, Warren. (2002). Celebrities in Hell: A Guide to Hollywood's Atheists, Agnostics, Skeptics, Free Thinkers, and More. Barricade Books Inc., 130 or. ISBN 1-56980-214-9.. Ira D. Cardiff's 1945 book What Great Men Think of Religion quoted Bernhardt's answer as "Me pray? Never! I'm an atheist."
- ↑ Menefee, David W. (2003) Sarah Bernhardt in the Theater of Films and Sound Recordings. North Carolina: McFarland. ISBN 0-7864-1636-X
- ↑ Monval, Georges. (1900). Comédie-française (1658–1900): Liste alphabétique des sociétaires depuis Molière jusqu'à nos jours. Paris: Aux Bureaux de l'Amateur d'autographes, 93 or..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Desconocidas & Fascinantes: Sarah Bernhardt, la divina leyenda por Paz Montalbán» InOutradio, la radio lésbica 2019-08-26 (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Sarah Bernhardt, la actriz que dormía en un ataúd – Mujeres en la sombra. 2021-05-27 (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
- ↑ «Sarah Bernhardt (Paris 1844-Paris 1923), médaillon - René Lalique | Musée d'Orsay» www.musee-orsay.fr (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
- ↑ a b (Ingelesez) «Sarah Bernhardt | French actress | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-28).
- ↑ (Frantsesez) Bernhardt, Sarah. (1920). Petite idole: roman. Éditions Nilsson (Noiz kontsultatua: 2022-08-28).
- ↑ (Ingelesez) Chad. (2019-10-25). «Sarah Bernhardt» Hollywood Walk of Fame (Noiz kontsultatua: 2022-07-10).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Sarah Bernhardten profila imdb-n
- [Bideoa, 1905] Sarah Bernhardt antzezten.
- [Audioa] Sarah Bernhardt: una triste vida alegre (Radio Sefarad)