Edukira joan

Trinitario González de Quijano

Wikipedia, Entziklopedia askea
Trinitario González de Quijano


Alacanteko probintziako gobernadore zibila

1854ko abuztuaren 16a - 1854ko irailaren 15a
Bizitza
JaiotzaGetaria1808ko maiatzaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAlacant1854ko irailaren 15a (46 urte)
Heriotza modua: kolera
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria

Trinitario María "Trino" González de Quijano Iturregi (Getaria, 1808ko maiatzaren 8a - Alacant, 1854ko irailaren 15a) gipuzkoar politikaria izan zen. Alacanteko gobernadore zibil izan zen, hiria kolera izurri baten menpe zegoelarik.

Gipuzkoako Getarian jaio zen; guraso izan zituen José González de Quijano eta Maria Luisa Iturregi. Hamabost urte zituela, Espainiako Errege Guardian sartu eta zalditeriako lotinantorde izatera iritsi zen[1].

Karrera militarrean aurrea egiteko aukera izan arren, bokazio politikoa hobetsi zuen. Alderdi Progresistaren lerroetan egin zuen bere ibilbide politikoa. Italiar jatorria zeukan Adelaida Polverosirekin ezkonduta, alaba bat izan zuten.

Lehen Karlistaldian, ardura politiko zailak eduki zituen Nafarroan, zergen arloan. 1843an Kanariar Irletako gobernadore zibil izendatu zuten. Alabaina, 1845ean atxilotu egin zuten Madrilen, Ramón María Narváez jeneralak ezarria zuen izu sistemaren aurkako iritziak plazaratzeagatik, eta Cadizeko espetxean kartzelaratu zuten[1], gero Filipinetara bidaltzeko asmoz[2]. Zigorra laburturik, 1848an kartzelatik atera eta Nafarroara konfinatu zuten.

1854ko Espainiako Iraultza piztu zenean, Trinitario González de Quijano Alacanteko gobernadore zibila izendatu zuten, aurreko gobernadore Jose Maria Montalvo kargugabetu zutenean. Abuztuaren 16an izendatuta, sei eguneko bidaia eginda iritsi zen Alacantera abuztuaren 22an.

Ordurako, hirian lehen kolera kasuak agertzen hasiak ziren. Une haietan, Alacantek 19.500 bat biztanle zituen[3]; horietarik asko, 8.000 baino gehiago, probintziako beste herri eta lurraldeetara joan ziren ihesi, izurritea atzean utziko zutelakoan. Horrek lagundu zuen izurria probintzia osora hedatzen. Kolerari buruzko jakintza urriaren eta garbitasun ezaren eraginez, izurriak iraun zuen 47 egunetan 1964 lagun hil zituen hirian.

Izurriaren aurkako borroka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1854ko abuztuaren 23an, Trinitario Quijanok ediktu bat eman zuen argitara, saltoki eta janari denda guztiak irekita izatera behartuz, eta zigor gogorrak ezarriz funtsezko salgaiekin espekulatzera ausartzen zirenen aurka; «euskaldunen egiazkotasunaz» eskatu zuen[4]. Egun berean, gutun bat bidali zion Félix Herrero Valverde apezpikuari, salatuz hiriko apaiz gehienak ihesi egin zutela; 48 orduko epea eman zion, apaiz guztiak itzul zitezen populazioari laguntzera.

Hiriko sendagileekin batera, laguntza medikorako plan bat eratu zuen, bere poltsikotik dirua jarrita, auzotar behartsuenek janaria bermatuta izan zezaten[4]. Sendagaiak gobernuaren kargura doan banatzea, familia behartsuenei laguntza ekonomikoak ematea, zergak bertan behera uztea izan ziren bere planaren beste osagai batzuk. Abuztuaren 23tik 29ra bitarteko astean, egunean 110 bat hildako izan ziren hirian, eta izurria probintziako herri nagusietara hedatu zen: Alcoi, Cocentaina, Monforte del Cid...

Trini Quijano egiten ari zen lanaren oihartzunak eraginda, Elisabet II.ak Elisabet Katolikoaren Errege Ordenaren gurutzea eman zion 1854ko irailaren 5ean. Hala ere, Quijanok buru-belarri jarraitu zuen lanean izurriaren aurka[4][5], udaletxearen azpietan mediku laguntza ematen.

Iraialren 14an kolera diagnostikatu zioten Quijanori. Hurrengo eguenean, irailaren 15ean hil zen. Alacanteko Santa Maria elizan hilobiratua izan zen.

Quijanoren omenezko monumentua

Alcateko hiriak oroigarri monumentu bat eskaini zion, 1857an, Trini Quijanori, beraren izena daraman hiriko parkean. Quijanok bere bizitzan erakutsi zituen bertuteak irudikatzen ditu monumentuak: fedea, ausardia, karitatea eta neurritasuna.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) Rubio, David. (2016-08-21). «González de Quijano Iturregu, Trinitario María» Alicantepedia (Noiz kontsultatua: 2020-05-22).
  2. (Gaztelaniaz) QUIJANO: LA HISTORIA DETRÁS DEL HÉROE (I). (Noiz kontsultatua: 2020-05-22).
  3. (Gaztelaniaz) Esteve Gonzalez, Miguel Angel. (2016). EVOLUCION DE LA POBLACION·DE ALICANTE Y SUS BARRIOS DE VILLAVIEJA Y ARRABAL ROIG DURANTE EL SIGLO XIX. .
  4. a b c (Gaztelaniaz) Trino González de Quijano. Alicante vivo (Noiz kontsultatua: 2020-05-22).
  5. (Gaztelaniaz) «El vasco que salvó a Alicante del cólera» AQUI medios de comunicacion 2019-09-13 (Noiz kontsultatua: 2020-05-22).