Txantiloi:2013-5 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Klaus ekaitza edo zikloia 2009ko urtarrilaren 23an Ozeano Atlantikoan sortu eta Iberiar Penintsula eta Frantzian kalte material handiak eta 26 hildako eragin zituen behe presio gune indartsua izan zen. 160 km/h-ko haize-boladak eragin zituen. Ozeano Atlantikoan sortu zen urtarrilaren 23an, Erresuma Batuaren iparraldean zegoen beste borraska sakonago baten egiturari loturik. Behe presio gunea sortu aurretik, eguraldia nahiko haizetsua izan zen Euskal Herrian, eta urtarrilaren 16tik aurrera, denborale ezberdinek hainbat atzerapen eragin zituzten aireportuetan eta Bilboko portuaren ohiko itsasontzien sartu-irtenean. Urtarrilaren 19an hamabost itsasontzi inguru zeuden portuaren kanpoaldean barrura sartzeko itxaroten, eta hurrengo egunerako kopuru hori hogeira hazi zen. Europa mailako modelo meteorologikoek urtarrilaren 21ean antzeman zuten lehen aldiz ekaitza sortzeko aukera. Behe presio gunea atlantikoan sortu eta ziklogenesi lehergarri delakoaren bitartez sakonera handiko zurrunbilo bihurtzekoa zen. Iragarpenak ziurtatu egin ziren ondorengo orduetan, eta egoeraren larritasunaz oharturik, Espainiako Frantziako eta Euskal Herriko meteorologia zerbitzuek, muturreko gertakari meteorologikoen inguruko oharra eman zuten jakitera. Bizkaia eta Gipuzkoa alerta gorrian zeuden, 150 km/h haize eta 10-12 metrora arteko olatuengatik. Araba eta Nafarroan alerta laranja ezarri zen. Estatuari dagokionez, alerta Iberiar penintsula gehienera zabaldu zen.