Europako haize ekaitz
Europako haize ekaitzak behe presioko gune indartsuak dira, Ozeano Atlantikoaren iparraldean gertatu ohi direnak. Normalean neguan izaten dira indartsuen, baina urteko beste edozein urtarotan gerta daitezke. Behe presioko gune horiek Europa iparraldean zehar egiten dute ibilbidea, Eskozia iparraldetik igaroz. Baina, noizbehinka, hegoalderago mugitzen dira, Erresuma Batua, Herbehereak eta Alemania gurutzatuz.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemania bezalako herrialdeetan urakan izena hartzen dute, eragiten duten haizete indartsuak direla eta. Dena den, borraska normalak dira, eta ez dute zerikusirik gune tropikaletan agertu ohi diren zikloiekin. Borraska indartsu hauei izen jakin bat jartzen zaio, tropikoetako urakanak bezala. Alemaniako meteorologi agentziak jartzen ditu izenok.
Ekaitz indartsu hauek mendebaldetik ekialdera mugitzen diren heinean hego eta hego-mendebaldeko haizeak nagusitzen dira. Haize indartsuekin batera fronte hotz eta beroak mugitzen dira behe presio gunearen erdigunearen inguruan biraka. Behe presio guneak aurrera egin ahala, haizeak mendebaldu eta azkenik iparraldeko norabidea hartzen dute. Ekaitzik indartsuenak neguan gertatzen direnez, haizeak iparraldera aldatzerakoan, elurra jausteko aukera handiak daude.
Ekaitzik garrantzitsuenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1362ko urtarrilaren 16ean, Ingalaterra, Alemania iparraldea eta Danimarkan egondako hegoaldeko norabideko haizete indartsuak 25.000 hildako eragin zituen.
- 1839ko urtarrilaren 6tik urtarrilaren 7ra, urakanaren antzerako haizeek 250 eta 300 hildako bitartean eragin zituzten Irlandan.
- 1881eko urriaren 14ean, haize indartsuek eragindako ekaitza bortitz batek 189 arrantzale hil zituen Eskoziako Eyemouth herrian.
- 1953ko urtarrilaren 31tik otsailaren 1era, Ingalaterra eta Herbeheretan egondako ekaitz indartsu batek (1953ko Ipar Itsasoko uholdea deitua) 2.000 hildako eragin zituen. Eskozia eta Ipar Irlanda batzen zituen MV Princess Victoria ferrya, hondoratu egin zen eta zeramatzan 153 pertsonak hil egin ziren. Bien bitartean, Herbeheretan, eurite indartsuek eta itsasoaren mailaren hazteak, itsasoaren azpiko guneak babesten zituzten dikeak apurtu zituzten, 1.800 pertsona inguru hil ziren itsasoak eragindako uholdeetan.
- 1962ko otsailaren 16tik otsailaren 17ra, Islandia ondotik zetorren Vincinette izeneko behe presio gunea indartu eta haize bolada handiak eta enbata sortu zituen Alemaniako Ipar Itsasoan. 315 pertsona hil ziren. (1962ko Ipar Itsasoko uholdea)
- 1999ko abenduaren 26tik abenduaren 28ra, Europa mendebaldea zeharkatu zuen "Lothar" behe presio guneak 257 kilometro ordu arteko haizeak eragin zituen. Frantzia, Alemania, Espainia eta Europako beste hainbat herritan, kalte material handiak izan ziren, eta 100 pertsonek bizia galdu zuten. Euskal Herriko Bilbo hirian, bi hildako izan ziren, Ametzola auzoko etxebizitza bloke batzuk eraikitzeko erabiltzen ari zen garabia bat, haizeak bota eta gero. Garabiak momentu hartan kaletik igarotzen ari ziren bi gazte harrapatu eta bertan hil zituen.
- 2007ko urtarrilaren 17tik urtarrilaren 18ra, Ingalaterra, Frantzia, Belgika, Herbehereak eta Alemania zeharkatu zituen "Kyril" izeneko behe presio gune batek. 150 eta 200 kilometro orduko haize indartsuek hainbat istripu eta zuhaitzen eroria eragin zuten. Guztira 14 hildako izan ziren aipaturiko herrietan.
- 2009ko urtarrilaren 23tik urtarrilaren 24ra, Espainia, Euskal Herria eta Frantzia zeharkatu zituen Klaus izeneko behe presio gune indartsu batek.