Txantiloi:2015-12 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zangoza (gaztelaniaz Sangüesa) Nafarroa Garaiko erdialde eta ekialdeko udalerri bat da, izen bereko merindadean dagoen handiena eta bertako herriburua. Aragoiko mugan dago, Cinco Villas eskualdearekin hain zuzen ere. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldan 5.177 biztanle zituen, lurraldeko 21. udalerririk populatuena izanik.

Euskarazko izen ofiziala Zangoza da, eta gaztelaniazkoa Sangüesa, biak ere jatorri eta sustrai berdineko izenetik eratorriak. Erronkarieraz Zankoza deitu ohi zen. Antzinako agirietan honako izenez agertzen da: Sancosa (XI. mendea), Sangosa (1055), Sancuesa (1056) eta Sangüesa (1020).

Herria Nafarroa ekialdean kokatzen da, izen bereko merindadearen ekialdeko muturrean. Herrira heltzeko N-240 errepidea hartu behar da Iruña-Jakako norabidean. Behin Ledeara iritsitakoan NA-127 errepidea hartu behar da Zangozara heltzeko.

Zangozaren herri mugakideak honakoak dira: iparraldean Ledea, hegoaldean Xabier eta Kaseda, ekialdean Sos del Rey Católico (Zaragoza) eta mendebaldean Oibar udalerriak mugakide ditu.