Robinson Crusoe Daniel Defoe idazle ingelesaren eleberri bateko pertsonaia nagusia da. Eleberria duela 300 urte baino gehiago argitaratu zen lehenengo aldiz, hain zuzen ere, 1719an. Kontakizuneko protagonista marinel bat da, itsasontzia hondoratzean salbatzen den bakarra eta uharte huts batera iristen dena. Berez, liburua ez da abenturazko istorio huts bat, izan ere, irakurleak Jainkoari eta bizitzari buruz ere gogoeta egitera bultzatu nahi zituen.
Liburuak arrakasta handia izan zuen hasieratik; literatura unibertsaleko klasiko bat da eta hizkuntza askotara itzulia izan da, horien artean euskarara. Euskarazko lehen itzulpena Xabier Kintanak egin zuen eta 1974an argitaratu zen. Itzulpen berriena Aintzane Ibarzabalek 1997an egindakoa da, eta Literatura Unibertsala bilduman argitaratuta dago.
Originalak 400 orrialde baino gehiago ditu, baina laburtutako zenbait edizio ere badaude, batez ere haur eta gazteentzat.
Askotan egin izan dituzte Robinson Crusoeren istorioa kontatzen duten filmak. Lehenengoa 1927an egin zen, eta hitzik eta soinurik gabeko film mutua zen. Hortik aurrera, askotan egin izan dira istorio horren filmak zinemarako nahiz telebistarako.
Zer kontatzen du istorioak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Istorioa lehenengo pertsonan dago idatzita, hau da, Robinsonek berak kontatuko balu bezala. Kontakizunaren arabera, Robinsonek gaztetan aitaren baimenik gabe etxetik ihes egin zuen. Gero, itsasontzi batean zihoala, piratek eraso eta esklabo bihurtu zuten. Hala ere, ihes egitea lortzen du eta Brasilera iristen da. Han diru asko irabazten du merkataritzarekin eta azukre plantazio propioa erosten du. Hark ere esklaboak eduki nahi dituenez, Afrikarantz abiatzen da itsasontzi handi batean, baina Karibeko ekaitz baten erruz, itsasontzia ia hondoratu egiten da. Tripulazio osoa hil egiten da eta Robinson da salbatzen den bakarra. Gero uharte batera iristen da.
Hurrengo egunean, baltsa bat eraiki eta zenbait aldiz itsasontzi handira joaten da. Bertan, uhartean bizitzeko baliagarriak izango zaizkion gauza guztiak biltzen ditu. Itsasontzia guztiz hondoratu aurretik, labanak, aizkorak, munizioa duten pistolak, janaria eta Biblia bat hartzea lortzen du.
Babesleku txiki bat egiten du uharteko haitzulo batean. Lurra landu, animaliak ehizatu eta basahuntzak harrapatzen ditu. Animaliak maskota gisa hartu eta haien esnea edan eta haragia jaten du. Azalekin berarentzako arropa egiten du. Gurutze handi batean, egun bakoitzean marratxo bat marrazten du eta sarritan irakurtzen du Biblia.
Egun batean oinatz batzuk aurkitzen ditu hondarrean. Handik gutxira gizon bat hil nahi duten gizon basati batzuk ikusten ditu. Robinsonek gizon hura salbatu eta “Ostiral” izena jartzen dio, hori dena gertatu zenean ostirala zelako. Ostiral zerbitzari bihurtzen du eta bere hizkuntza irakasten dio.
Robinsonek 28 bat urte igarotzen ditu istorioko uharte hartan. Azkenean itsasontzi bat iritsi eta zenbait gorabeheraren ondoren, Robinsonek bere jaioterrira, Ingalaterrara, itzultzea lortzen du. Geroago jakiten du benetan oso aberatsa dela Brasilen duen plantazioari esker. Ezkondu eta seme-alabak izaten ditu. Emaztea hil ondoren, plantazioa bisitatzera bueltatzen da.
Nola sortu zen eleberria?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dirudienez, Defoek zenbait naufragok noizbehinka argitaratzen zituzten historiak ezagutzen zituen. Seguruenik, Alexander Selkirk naufragoaren historia irakurri eta horretan oinarritu zen eleberria idazteko.
Eleberriak Robinson Crusoeren garaiko ingelesen pentsamendua erakusten digu. Adibidez, esklabotza gauza positibo gisa aurkezten du, baldin eta zuriak nagusiak badira. Gainera, pertsonek Robinsonen moduko bizitza diziplinatua izan behar dute, hau da, arrakasta izateko bizitza ordenatua izan behar dute eta Biblia irakurri.