Wikipedia, Entziklopedia askea

Daniel Defoe

👶
Jaiotza
1660ko irailaren 13a
Ward of Cripplegate (en) Itzuli eta Londres
💀
Heriotza
1731ko apirilaren 24a
Moorfields (en) Itzuli
🔨
Lanbidea
kazetari
📷
Argazkiak
ikusi
Daniel Defoeren erretratua.

Daniel Defoe idazle, negozio-gizon eta kazetari ingeles bat izan zen, XVII. eta XVIII. mendeen artean bizi izan zena, eta mundu osoan da ezaguna Robinson Crusoe eleberriaren egilea izateagatik. Eleberri horrek hondoratzen den itsasontzi batetik bizirik irten eta gero uharte batera iristen den gizon baten abenturak kontatzen ditu. Lanak berehalako arrakasta izan zuen eta literatura unibertsaleko klasiko bat da.

Defoe Londresen, Ingalaterran, jaio zen, 1660an. Haren aita, James Defoe, merkatari nahiko aberats bat izan zen. Danielek 14 urte zituela, akademia batera bidali zuten eta antzinako latina eta greziera ikasteaz gain, frantsesa, italiera, gaztelania eta historia ere ikasi eta geografian trebatu zen. Geroago apaiz izateko ikasi zuen, baina, azkenean, atzerriko herrialdeekin negozioetan eta merkataritzan aritu zen. Lanagatik, Europako zenbait herrialde bisitatu zituen eta, denboraldi batez, Espainian bizi izan zen.

Bitartean, Defoe politika gaiei buruz idazten hasi zen. Testuak argitaratzen zituen erlijio, ekonomia, ongizate sozial eta politika jardunetan erreformak eskatzeko. Politikari ingeles batzuk kritikatzen zituen testu bat argitaratzeagatik, 1703an, hilabete batzuk espetxean igaro behar izan zituen. Robert Harley izeneko politikari baten eraginari esker askatu zuten. Orduan, Herleyrentzat testu politikoak idazten hasi zen eta haren agente sekretua izan zen Eskozia eta Ingalaterraren batasunaren alde lan egiteko.

1704an, Defoek The Review izeneko egunkari edo aldizkari moduko bat hasi eta ia bakarka bertan idazten zuen. Politika, egunerokotasuneko gai orokorrak, erlijioa, merkataritza, portaera, morala eta beste gai batzuen inguruko testuak idazten zituen. Aldizkari hori argitaratzen 1713ra arte jarraitu zuen.

Bizitzaren amaierara heltzen zegoela, Defoek beste karrera bat hasi zuen, fikziozko idazlearena. Nobelagile gisa, ospetsua izan zen giza izaerari buruz zuen ikuspegiagatik. Haren istorioak benetakoak direla dirudi, haietan erabiltzen duen estilo lau eta zuzenari esker eta ematen dituen xehetasun zehatz eta errealista ugariei esker. Bidaiekiko eta abenturarekiko zuen maitasuna piraten eta lapurren istorioetan islatzen zuen. 1719an argitaratu zuen Robinson Crusoe eleberria, naufragoen historiek eta batez ere Alexander Selkirk marinel eskozesaren historiak inspiratuta. 1722an, beste bi obra garrantzitsu argitaratu zituen: Moll Flanders, kaleko pertsonaiaren borrokak kontatzen dituen eleberria eta A Journal of the Plague Year edo Izurriaren urtearen egunkaria, 1664 eta 1665 bitartean Londresen egon zen izurriteari buruzko fikziozko kontakizuna. Defoek bere azken eleberria, Roxana, 1724an argitaratu zuen. Liburu horiek, ordea, arrakasta gutxiago izan zuten. Baina Robinson Crusoe hizkuntza askotara itzuli da, horien artean, euskarara.

Defoe Londresen hil zen 1731ko apirilaren 24an.