Wikipedia, Entziklopedia askea

Ameriko Vespuzio

Vespuzioren omenezko zigilua.

Ameriko Vespuzio XV. eta XVI. mendeen artean bizi izan zen itsasgizon eta esploratzaile italiar bat izan zen. Ezaguna da, batez ere, Amerikak haren izena duelako. Hainbat bidaia egin zituen lurralde amerikarretatik eta bidaia haiei buruz idatzi zuen. Hego Amerikako mendebaldeko kostaldean zehar egindako esplorazioek, europarrek ezagutzen ez zuten kontinente bat zela sinetsarazi zioten. Vespuziok “Mundu berria” izendatu zuen. Baieztapen ausarta izan zen hura, garai hartan mundu guztiak -baita Kristobal Kolonek ere- Asiara joateko itsasbide berri bat aurkitu zutela eta India deitzen zuten lurraldea zela pentsatzen zutelako.

Vespuzio Florentzian jaio zen 1454an, bertako Medici familia garrantzitsuarentzat finantzetan aritzen zen familia batean. Berak ere 1491ra arte egin zuen lan familia horrentzat. Lana zela eta, 1492an Sevillara joan zen, eta harremanetan egon zen Kristobal Kolonen bidaia antolatu zuen jendearekin. Kolon bere lehenengo bidaiatik bueltatu zenean, Vespuzio lurralde hartara itsasoratu zen Espainiako erregearen zerbitzupean. Dirudienez, 1497 eta 1500 artean bi bidaia egin zituen gaur egun Brasil eta Argentina diren lurraldeetara.

Bidaia horietatik, Vespuzio konbentzituta bueltatu zen aurkitu berri zituen lurralde horiek Asiakoak ez zirela. Bidaia eta bere hausnarketak Lorenzo de Medicik Parisen 1502. urtean argitaratutako mapa batean deskribatu zituen. Mundus Novus (Mundu Berria) izena zeraman mapa hori argitaratu eta gero, alemaniar kartografo batek 1507an mapa bat egin zuen, eta bertan aurkitutako lur berriak Asiatik argi eta garbi bereizi zituen. Lur berri horiek Amerika izendatu zituen, Ameriko Vespuzioren omenez. Ordutik aurrera, europarrak izen horrekin deitzen hasi ziren kontinente berriari.

Ameriko Vespuzio Sevillan hil zen 1512an. Historiarentzat pertsonaia garrantzitsua da, haren bidaiek eta egin zituen mapek eta idazkiek Amerika europarrei ezagutarazi zietelako. Ordutik aurrera, Europako hainbat naziotako errege-erreginek eta agintariek “mundu berria” zeritzoten hori kolonizatzeko espedizio berriak antolatzean interesa jarri zuten. Hala ere, Espainian kritikatu zuten Kolonen merituei garrantzia kentzeagatik, Mundu Berriaren aurkikuntzaren ospea irabazteko. Horregatik, Espainian “Indiak” izena erabiltzen jarraitu zuten, Kolonek uste zuelako Asiara iritsi zela mendebaldera nabigatuz, Afrika inguratzen zuen ohiko bidea jarraitu beharrean.