Wikipedia, Entziklopedia askea

Esplorazio

Esplorazioei buruzko euskarazko bideoa.

Esplorazioa ezagutzen ez den lurralde edo beste edonolako leku bat aztertzeko egindako bidaia edo ekintza da. Historian zehar, munduko leku ezezagunei buruz ikasteko egin izan dira esplorazioak. Gaur egun, XXI. mendearen bigarren hamarkadarako, Lurraren azalera gehiena esploratuta dago. Esplorazioak, ordea, norabide berrietan jarraitzen du, itsas azaletik milaka metrotara eta espaziotik kilometro askotara.

Lehen esploratzaile ezaguna Hannu izan zen, K.a. 2750ean bizi izandako egiptoar bat; gaur egun Etiopia eta Somalia diren lurraldeetara joan zen hano aberastasunak zein ziren jakiteko. Beste esploratzaile handi askok jarraitu zioten ondoren. Antzinaroko esplorazio-bidaiarik handiena Mazedoniako Alexandro Handiak egin zuen K.a. 300. urtean: armada handi batekin, Ekialde Hurbileko hainbat leku esploratu eta haietako herriak konkistatu zituen, eta hainbat kolonia ezarri zituen Egiptotik hasi eta Indiaraino. askoz geroago, 1200. urtean, Marco Polok Italiatik Txinara bidaiatu zuen Zetaren Bidea izenez ezagutzen den merkataritzarako ibilbide handian zehar.

Lurreko esplorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Iradier esploratzaile gasteiztarra.

Europarren itsaso bidezko esplorazioaren garai handiena XV. mendean hasi zen: Esplorazioen Aroa deitzen zaio. Garai hartan, 9tsasoz bidaiatzea errazago bihurtu zen zenbait instrumenturi esker, hala nola iparrorratza, astrolabioa eta sestantea. Tresna horiek marinelei non zeuden jakiteko balio zieten, eta haietaz baliaturik ibilbide bat jarrai zezaketen itsaso zabaletik ordura arte baino segurtasun handiagoz. Esploratzaile portugaldarrek Afrika, Arabia eta Asia hegoaldeko kostaldeetan zehar nabigatu zuten. 1492an Kristobal Kolonek mendebalderantz nabigatu zuen eta Amerikan lehorreratu zen, baina jakin gabe zehazki non zegoen. 1522an Fernando Magallaesen itsasontziek munduaren inguruko lehen bidaia osatu zuten. XVIII. mendean, James Cook esploratzaile britainiarra Australiara, Hawaiira eta Ozeano Bareko beste uharte batzuetara iritsi zen.

Esploratzaile askok kostaldetik lur barrenera bidaiatzen zuten aberastasuna bilatzeko, beren herrialdeetako jendearentzako kokalekuak eraikitzeko edo kristautasuna zabaltzeko. Prozesu haorretan, bertako herriekin topo egin zuten eta sarritan borrokak eta sarraski odoltsuak gertatu ziren; hainbat herri eta kultura desagertu edo menpeko egoeran geratu ziren. XVI. mendean konkistatzaile deitzen diren esploratzaile espainiarrek Mexiko eta Hego Amerikaren zati handi bat konkistatu zuten. 1804 eta 1806 artean, Lewis eta Clark espedizioak Ipar Amerikako mendebaldeko hainbat lur esploratu zituen. Geroago, XIX. mendean, David Livingstone eta Henry Morton Stanleyk europarrek inoiz ikusi ez zituzten Afrikako zati batzuk esploratu zituzten.

Esploratzaileak XIX. mendean iritsi ziren lehen aldiz Lurreko poloetara. Robert E. Peary eta Matthew Henson izan ziren lehenak Ipar Poloraino iristen, 1909an. Hego Poloko lehen esploratzailea Roald Amundsen norvegiarra izan zen, 1911n.

Itsaspeko esplorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960an, Donald Walsh eta Jacques Piccard ozeanoko tokirik sakonenera iritsi ziren, 10.912 metroko sakonerara. Batiskafo izeneko ontzi batean zeuden. Oraindik ere, ozeanoaren zati handi bat ezezaguna da. Zientzialariak oraindik itsaspeko bizidun berriak aurkitzen ari dira.

Espazioaren esplorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espazioaren lehen esplorazioa 1961ean gertatu zen. Urte horretan, Juri Gagarin kosmonauta sobietarrak, Lurraren inguruan orbitatu edo bidaiatu zuen espaziontzi batean. 1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrong eta Edwin Aldrin astronauta estatubatuarrak Ilargira heldutako lehen gizakiak bihurtu ziren.

Teknologia modernoari esker, inork deskubritu ez dituen lekuak esploratu daitezke oraindik. Tripulaziorik gabeko espaziontziak irrati bidez operatzen dira. Zunda espazial horiek espazioaren sakonera bidaiatu dezakete Lurrera itzuli behar izan gabe. Zunda espazialek planetei eta Eguzki-Sistemako beste toki batzuei buruzko informazioa eta irudiak bidali dituzte.