Wikipedia, Entziklopedia askea

Kristobal Kolon

Kristobal Kolon
Kristobal Kolon
Datu pertsonalak
Izen osoa Kristobal Kolon
Jaio 1451
Genovako Errepublika (eztabaidan)
Hil 1506ko maiatzaren 20a
Valladolid (Gaztela)

Kristobal Kolon[1] (1451 - 1506) itsasgizon eta kartografo bat izan zen, esan ohi denez, Amerika europarrentzat aurkitu zuena 1492ko urriaren 12an.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonen bidaiak

1451n jaio omen zen, zenbait ikerketaren arabera Italiako Genova hirian, baina hori ez da erabat segurua; izan ere, Kolonen jatorriari buruz bada hainbat iritzi: Kataluniakoa zela, frantsesa zela, eta abar. Badirudi aita Domingo Colombo izeneko ehule bat izan zela, eta ama, berriz, Susana Fontanarrosa.

1480an Filipa Monizekin ezkondu zen Portugalen; jatorri nobleko dama zen, eta Kolon bera ere hala izango zen. Ezkondu eta bi urte geroago, haien lehenengo seme Diego jaio zen.

1488an Beatriz Enríquez de Arana ezagutu zuen, eta harekin izan zuen bere bigarren semea: Fernando (1488-1539); Fernando hau, laugarren bidaian Kolonekin bidaiatzeaz gain, aitaren gertuko biografoa izan zen. Kolonek, hil arte, Beatriz bikotekide izan zuen, baina ez ziren sekula ezkondu. Hori bai, hil zenean, hari utzi zion bere ondarea; Kontuan izan behar da Kolon Indietako gobernadore izan zela, eta Errege-erregina Katolikoekin egindako akordio edo hitzarmenaren arabera, bidaietan lortutako aberastasunen %10a Kolonentzat zela.

Amerikarako bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalen kokatu zen 1476an, eta laster Asiara iristeko beste bide bat aurkitzeko asmoari ekin zion. Kontuan izan behar da, garai hartan, merkataritza-harreman handiak zeudela Europa eta Asiaren artean, eta Europako aberatsek asko estimatzen zituztela Asiatik ekarritako produktuak; produktu horiek oso garestiak izaten ziren, lehorretik arriskuz beteriko bideetatik ekarri behar izaten zirelako (ikus Zetaren Bidea), edo, bestela, itsas-bidaia luzeak eginez, Afrika osoa inguratuz. Kolonek ontzat hartu zuen Lurra biribila zelako teoria, eta, beraz, posible zela mendebaldeko Ozeano Atlantikotik ere iristea bertaraino.

   Ba al dakizu   
Amerikaren izena. Amerikaren izena Americo Vespucio izeneko mapagile bati zor diogu; bera izan zen Kolonek "aurkitutako" lurraldea beste kontinente bat zela pentsatu zuen lehenengoa, eta horregatik haren izena eman zitzaion, haren ohoretan.

Aldiz, Kolonen omenez, badago Amerikan herrialde bat: Kolonbia.

Portugaleko erregeari azaldu zion bidaia hori egiteko proposamena, baina hark ez zion lagundu nahi izan, haren adituek ez zutelako sinesten Lurra biribila zenik. Horregatik, Gaztelara joan zen 1486an, Errege-erregina Katolikoekin hitz egitera eta proposamen berbera egitera. Azkenik, 1492ko otsailean, Errege-erregina Katolikoek onartu egin zioten proposamena, eta espedizioaren gastuak ordaindu zituzten; karabela motako hiru itsasontzi ipini zituzten haren esku: Niña, Pinta eta Santa María.

Lehen bidaia (1492)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koloni asko kostatu zitzaion tripulazioa aurkitzea, inork ez zekielako nora zihoazen ezta zer aurkituko zuten ere. Hala ere, 1492ko abuztuaren 3an, Huelvako Palos de la Fronteratik abiatzea lortu zuen hiru karabelekin.

Lehendabizi, Kanariar uharteetara joan zen, alisio haizeak hartzeko eta janariaz hornitzeko. Handik aurrera, bidaia oso luzea eta zaila izan zen eta, ondorioz, tripulazioak motibazioa galdu zuen eta etxera bueltatu nahi izan zuen. Azkeni, ordea, urriaren 12an, Karibe itsasoko Guanahani izeneko uharte batera iritsi ziren (haiek San Salvador izena ipini zioten), Asiara iritsiak zirelakoan. Izan ere, Kolonek inoiz ez zuen jakin europarrek ezagutzen ez zuten kontinente batera iritsi zirela. Hark uste zuen Indiara heldua zela, eta, horregatik, hango indigenei “indiar” deitu zien.

Bigarren bidaia (1493-1496)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1493ko irailaren 25ean, Kadizetik 17 itsasontzi eta 1.200 gizon atera ziren Kolonekin, Ameriketarako bigarren bidaia egiteko. Bigarren bidaia hau ahalik eta lasterren antolatu zen, Errege-Erregina Katolikoak beldur zirelako portugaldarrek Ameriketara helduko zirela.

Beste bidaia honetan, Kolonen helburu nagusia aurkitutakoa marraztea eta mapetan islatzea zen, Errege-Erregina Katolikoei erakusteko. Gainera, aurkitutako lur berri horiek konkistatu nahi zituen. Itsasontzietan, marinelez gain, kolonoak ere joan ziren, aberastasunak hartzeko. Halaber, erlijio-gizonak ere bazihoazen, "mundu berri"ko biztanleak kristautzeko. Azkenik, Espainiatik tipulak, garia, txerriak, zaldiak eta ardiak eraman zituzten; geroago, Ameriketatik, aldiz, tabakoa, artoa, patatak, tomateak eta kakaoa ekarri zituzten.

Bidaia honetan lur berriak aurkitu ostean, Kolon Kadizera itzuli zen 1496an.

Hirugarren bidaia (1498-1500)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1498ko maiatzaren 30ean, Kadizetik atera zen Kolon berriro Ameriketara bidan. Bidaia hau antolatzea oso zaila izan zen, ez zegoelako boluntariorik berarekin joateko. Beraz, itsas-gizonak eta marinelak behar zirenez, Errege-Erregina Katolikoek zenbait gaizkile barkatu zituzten, trukean Kolonekin joateko.

Bidaia honetan Trinidad (Gaur egungo Trinitate eta Tobago errepublika) aurkitu zuten. Kolon konbentzituta zegoen lurralde horiek Asiaren atal bat zirela, berak hiru kontinente bakarrik existitzen zirela uste baitzuen (Afrika, Asia eta Europa). Kolonekin bidaiatu zutenek Kolonek huts egin ziela sentitu zuten, aberastasunik ez zutelako aurkitu. Horregatik, matxinatu egin ziren eta Errege-Erregina Katolikoek horren berri izan zuten. Beraz, Kolon kartzelan sartu zuten eta 1500ean Espainiara itzuli zen kateatuta. Errege-Erreginei gutun bat idatzi zien eta azkenik Kolon askatzeko agindua eman zuten.

Laugarren bidaia (1502-1504)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errege-erreginek ez zizkioten Koloni “Fedearen kapitulazioak” dokumentuan adierazitako pribilegioak itzuli. Hala ere, beste bidaia bat egitea agindu zioten. 1502an, Kadizetik lau itsasontzi atera ziren 150 gizonekin. Oraingo honetan, helburua Asiarako bidea aurkitzea zen, espezieak zeuden lekura heltzeko. Zoritxarrez, Kolonek ez zuen aurkitu ez urrerik ezta espeziarik ere eta bi itsasontzi galdu zituen. Ondorioz, 1504an Espainiara heldu zen bere helburuak lortu gabe eta gainera oso gaixorik.

Kolonen heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolon 1506ko maiatzaren 20an hil zen Valladoliden. 1544an, haren errautsak Santo Domingora eraman zituzten eta, 1796tik aurrera, Habanako katedralean egon ziren.

Kolon hil zen urte berean, Ameriko Vespuzio izeneko geografo batek liburu bat argitaratu zuen non esaten baitzuen Kolonek aurkitutako lurraldeak ez zirela Asia, kontinente berri bat baizik; Vespuzioren teoria baieztatu zenean, kontinente horri Amerika izena jarri zitzaion haren omenez.

Zer gertatu zen Amerikako biztanleekin?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen bidaiatik itzultzean, Kolon Bartzelonan bildu zen Errege-Erregina Katolikoekin bere aurkikuntzen berri emateko. Hauek konturatu ziren lurralde horiek aberatsak eta emankorrak zirela eta aurkitutako lurralde horien jabe izan nahi zuten. Hor hasi zen konkista aldia: hau da, lur berri haietara bidalitako soldaduak aurkitzen ziren lurralde guztiez jabetzen hasi ziren; ondoren etorri zen kolonizazioa, kontinente horretan jada bizi ziren zibilizazioa menderatuz. Biztanleetako batzuk tribuetan bizi ziren, baina beste batzuk zibilizazio oso garatuetan, adibidez, aztekak, maiak eta inkak.

Herri haiek kolonizazioaren aurka jo zuten, baina europarrek haien arma garatuez baliaturik erraz hil zituzten, nahiz eta indigenak europarrak baino gehiago izan eta lurraldearen ezagutza handiagoa eduki. Gainera, aipatzekoa da europarrek nahi gabe lurralde horietan ezezagunak ziren gaixotasunak eraman zituztela haiekin batera, hala nola elgorria eta baztanga; haien eraginez, indigenen biztanleria asko murriztu zen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]