Armiarmak animalia ornogabe eta artropodo multzokoak dira, hau da, ez dute barne eskeletorik eta hanka artikulatuak dituzte. Zehazki, araknidoen taldekoak dira. Mundu osoan bizi dira, Antartikan izan ezik, eta 45.000 espezie baino gehiago ezagutzen dira.
Normalean, 0,5 eta 90 milimetro artean neurtzen dute, baina handienak, tarantulak, 30 zentimetroko tamaina izan dezake. Kasu gehienetan emeak arrak baino handiagoak dira. Kolore askotako armiarmak existitzen dira. Bizi diren inguruaren arabera moldatzen dira eta oso aldakorrak dira euren bizimoduan.
Armiarmak intsektuak al dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Askotan zomorro guztiak talde berean sartzen baditugu ere, armiarmak ez dira intsektuak. Egia esan, bi familia oso desberdin dira, eta ez dute zerikusirik bata bestearekin.
Ikus ditzagun haien arteko ezberdintasunik nabarienak:
Armiarmek zortzi hanka dituzte. Haren gorputzak bi zati ditu: burua toraxari lotua eta abdomena edo sabelaldea. Ez dute hegorik, beraz, ez dira hegan egiteko gai, eta antenik ere ez dute. Bestalde, armiarmek intsektuak ehizatzen dituzte jateko.
Intsektuek, aldiz, sei hanka dituzte. Haien gorputzak ez ditu bi zati, hiru baizik, haien burua toraxetik banatuta baitago. Intsektu gehienek hegan egiteko hegalak dituzte, eta guztiek dituzte antenak. Intsektuen elikadura armiarmena baino anitzagoa da; izan ere, egia da intsektu batzuk haragijaleak ere badirela eta beste animalia batzuk ehizatzen dituztela, baina espeziearen arabera, haien janaria asko aldatzen da. Batzuk hostoz elikatzen dira, beste batzuk haziez, beste batzuek fruituak edo sustraiak jaten dituzte, beste batzuek egurra, eta beste batzuk orojaleak dira, hau da, denetarik jaten dute.
Nolakoak dira armiarmak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armiarmek zortzi hanka dituzte. Hanketan dituzten iletxoek zentzumenak ematen dizkiete, eta eurekin komunikatzeko aukera dute. Ez dute ez antenarik, ez hegalik ez murtxikatzeko piezarik.
Armiarmaren gorputza bi zatitan banatuta dago: aurrean du zefalotoraxa, burua (zefalo) eta bularra (torax) batzen dituen zatia. Hankak gorputzeko atal horretara lotuta daude. Atzean, abdomena dute; bertan, hestea, bihotza, ugalketa-organoak eta zeta sortzen duten organoak daude.
Armiarmek zortzi begi sinple izaten dituzte buruan, baina badaude begi gutxiago edo bat ere ez duten espezieak ere. Buruaren amaieran pedipalpoak dituzte, ehizatzen dutena manipulatzeko eta detektatzeko erabiltzen dituzten organoak. Arrek ugaltzeko ere erabiltzen dituzte pedipalpoak.
Armiarma sareak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armiarmek zeta sortzen duten organo batzuk dituzte gorputzaren atzealdetik gertu. Zeta hori guruin berezi batzuek sortzen duten likidoa da, armiarmek amarauna edo armiarma-sareak egiteko erabiltzen dutena. Likido hori armiarmaren gorputzetik ateratzen duenean, hari solidoa bihurtzen da. Hari hori oso fina da, baina altzairua baino gogorragoa da bere tamainarekin alderatzen badugu.
Amarauna edo sarea, ehizatzeko erabiltzen dute. Izan ere, armiarmak ehiztariak dira: ez dituzte jaten hilda aurkitzen dituzten intsektuak. Armiarma batzuek, ordea, ez dute zetarik sortzen eta beste era batera aritzen dira ehizan.
Armiarmak janaria beren gorputzetatik kanpo digeritzen dituzten animalia bakarrak dira. Harrapakina harrapatu eta gero, armiarmak bere urin gastrikoekin estaltzen ditu. Urinek harrapakinaren gorputza deskonposatzen dute armiarmak xurgatzen duen likido forma lortu arte. Armiarmek askotan errepikatzen dute prozesu hori, eta harrapakinaren gehiengoa digeritzen dute.
Armiarma emeek arrautza zakuak jartzen dituzte, eta espezie batzuenak mila arrautza izatera irits daitezke. Espezie gehienen kumeak euren kabuz ateratzen dira arrautza zakutik. Hazten diren heinean gutxi aldatzen da armiarmen itxura. Hainbat aldiz azalberritzen dira edo kanpoko estalkia aldatzen dute heldu bihurtu baino lehen.
Armiarmak arriskutsuak dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armiarmek euren burua defendatzeko eta ehizatzeko hozka egiten dute, pintza itxura duen kelizero izeneko organo batekin. Batzuek pozoi bat sar dezakete euren harrapakina paralizatzeko, baina ez hiltzeko. Honela, geldi dagoela jan dezakete.
Armiarma batzuen haginkada arriskutsua izan daiteke gizakientzat, adibidez alargun beltzarena edo tarantula batzuena. Haginkadak errazak dira ikusteko: hiru marka utzi ohi dituzte, horietako bi pozoia sartzeko eta hirugarrena sortzen den likidoa xurgatzeko. Haginkada hori hilgarria da intsektu gehienentzat, baina gizakiei hazkura handia baino ez die sortzen normalean. Kasuren batean, heriotza ere eragin dezakete.
Zergatik eragiten dute beldurra?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armiarmei beldurra diete pertsona askok. Beldur hori oso bortitza bada, araknofobia deitzen zaio. Araknofobiak sortzen dituen ikara-erreakzioak askotan irrazionalak iruditzen zaizkigu. Araknofobia duten pertsonak ezin dira sartu armiarmak egon daitezkeen edo armiarma sareak ikusi dituzten lekuetan. Ikara-erreakzio hauek, izerdia botatzea, azkar arnastea, takikardia edo goragaleak izan daitezke. Nolanahi ere, fobia guztiak bezala, araknofobia sendatu daiteke tratamendu psikologikoaren laguntzaz.