Atenasko Akropolia Atenasen, Greziako hiriburuan, dagoen hiri-goiena da, hau da, gain batean dagoen hiri-zatia. Antzina, Akropolia Atenasko gune erlijiosoa zen, eta Atenas zen garai hartako hiri handiena. Horregatik, Akropolian antzinako tenpluen eta bestelako eraikinen hondakinak daude. Akropoliaren hondakinak antzinako Greziako hondakin famatuenetarikoak dira, eta Atenasko eta Grezia osoko turismo-gune handienak dira. Atenasko Akropolia UNESCOren Munduko Ondarearen zerrendan dago 1987tik.
Atenasko Akropolia ez da Grezian dagoen akropoli bakarra, baina besteak baino askoz ezagunagoa denez “Akropolia” deitu ohi zaio, besterik ez balego bezala.
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akropolia Atenasko erdigunean dago, mendixka batean. Mendixkak 156 metroko garaiera du eta gailurra laua. Horren ondorioz, eraikitzeko toki oso ona da. Akropolia itsasotik kilometro gutxi batzuetara dago eta oso aldapatsua da. Horrek esan nahi du defendatzeko erraza zela, hain zuzen ere, horregatik hasi zen jendea bertan bizitzen.
Eraikinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat eraikin egon ziren mendixkan, bai gailurrean eta baita mendi-hegaletan ere, baina haietako batzuen hondakinak baino ez dira iritsi egunotara.
Mendixkan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urteetan zehar eraikin asko egin dira Akropolian. Horietako asko desagertu dira, baina lauk oraindik zutik jarraitzen dute:
- Partenoia. Akropoliko eraikinik ospetsuena da. Palas Atena jainkosarentzat eraikitako tenplua zen, Atenasko jainkosa zaindariarentzat. Arkitektura greziarreko eraikinik nabarmenena da. Antzinaroaren ondoren eliza, meskita eta bolbora-biltegi moduan erabili zen. Mendeak joan mendeak etorri, eraikinak kalte ugari izan ditu, baina zaharberritzeei esker antzinatean zeukanaren antzeko itxura lortu du.
- Erekteion. Santutegi garrantzitsua zen atenastarrentzat, eta Palas Atenari eta Poseidoni eskainita zegoen. Partenoia baino txikiagoa izan arren, tenplu garrantzitsuagoa zen. Gainera, Erekteionen kariatideak (emakume forma duten zutabeak) oso ezagunak dira. Gaur egun Akropolian dauden kariatideak kopiak dira. Orijinalak Akropoliko Museoan daude, atmosferako kutsaduratik babesteko.
- Propileoak. Propileoak Akropolira sartzeko ateak ziren. Bisitariak hara iristen ziren aldapa igo ondoren, eta eraikin batean deskantsatu zezaketen. Animaliak eramaten ziren halaber, sakrifikatzeko.
- Nikeren tenplua. Tenplu txiki bat da, Atena Nike jainkosari eskainia. Atena Nike garaipenaren jainkosa zen (Nike hitzak “garaipena” esan nahi du grezieraz). Akropoliko eraikinik txikiena da, baina ondo kontserbatzen da.
Beste hainbat eraikin egon ziren Akropolian, baina bakarrik zimenduak geratzen dira, eta kasu batzuetan hori baino gutxiago ere.
Mendixkaren oinean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendixkaren behealdean bi antzoki daude:
- Herodes Atikoren odeoia. Antzoki hau musika-emanaldietarako erabiltzen zen. Beste eraikinak baino mende batzuk geroago eraiki zen, erromatarren garaikoa baita.
- Dionisoren Antzokia. Antzoki greziar zaharrenetarikoa da. Antzerki lanak antzezten ziren bertan, eta 17.000 pertsona ere joan zitezkeen. Herodes Atikoren odeoia baino askoz handiagoa eta zaharragoa da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristo aurretik baino milaka urte lehenago, jendea Atenasko Akropolian bizitzen zen jadanik. K.a. 2000. urtetik aurrera Mizenastar zibilizazioko greziarrak bizi ziren Akropolian. Gailurrean gotorleku bat eraiki zuten, eta K.a. 1200 urte aldean Akropoliaren aldean harresi bat eraiki zuten ere eraiki zuten. Gaur egun harresiaren hondakinak ikusi daitezke bertan. Harresiak 760 metroko luzera, 10 metroko garaiera eta 3,5 eta 6 metro arteko lodiera zuen. Harresia Odisea istorioan aipatzen da baita ere. K.a. 1000. urtetik aurrera Atenas hiria handitu zen eta Akropolia gune erlijiosoa bihurtzen hasi zen. Garai hartan eraiki zen Atena jainkosari eskainitako lehen tenplu handia.
K.a. 480. urtean, Mediar Gerretan, Xerxes erregearen soldaduek Akropolia suntsitu zuten. Hala ere, greziarrek gerra irabazi zuten, eta beraz atenastarrek Akropolia berreraiki ahal izan zuten. Perikles gobernariak, K.a. 447. urtean, Akropolia berreraikitzea agindu zuen. Fidias artista eta arkitektoak zuzendu zuen obra. K.a. 437. urtean Propileoen eraiketarekin hasi ziren. Nikeren tenpluak K.a. 427. urtean eta Erekteionak K.a. 421. urtean jarraitu zioten. Akropolia, garai hartan, bere punturik gorenean zegoen, eta Atenas bere Urrezko Aroan zegoen.
Akropoliak denbora luzez jarraitu zuen existitzen. Erromatarrek agintzen zuten garaian ere tenpluak egoera egonean zeuden. Garai bizantziarrean tenpluek haien funtzioa galdu zuten bakarrik. Bizantziar kristauek Partenoia eliza bihurtu zuten. Erdi Aroan kanpandorre bat eraiki zen Partenoiaren alboan. Otomandar Inperioaren agindupean, Partenoia mezkita bat eta kanpandorrea minarete bat bihurtu ziren. Garai hartan, Akropoliak kalte ugari izan zituen. 1687an, adibidez, veneziarrek eraikina bonbardatu zuten bertan bolbora asko zegoenean. Ondorioz eztanda handi bat egon zen eta Akropoliaren zati handi bat suntsitu zuen. Beranduago, Lord Elgin noble britainiarrak eskultura asko eraman zituen Erresuma Batura 1801. urtean. Gaur egun, greziarrek eskulturak bueltatzea eskatzen dute.
Hondeaketa ugari egin ziren eta eraikin berrienak (K.a. 500. urtekoak) bota ziren, eta horrek kritika ugari izan zituen. XX. mendean Akropolia atrakzio turistiko handia bihurtu zen. Hondeaketak eta zaharberritze-lanek gaur egun martxan jarraitzen dute, Akropolia etorkizunerako mantentzeko.
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Erekteion
-
Propileoak
-
Nikeren tenplua
-
Odeoia
-
Dionisoren Antzokia