Wikipedia, Entziklopedia askea

Atlas

Aspaldiko atlas bateko orrialde bat.

Atlasa liburu moduan aurkezten diren mapa batzuen bilduma da. Liburu mota horretan mapa mota asko aurki daitezke: lurrekoak, kontinenteetakoak, herrialde bakar batekoak eta lurreko beste zati txikiagoetakoak.

Atlasek tamaina eta informazio desberdina izan dezakete, bai eta informazioa modu desberdinean aurkeztu ere. Atlas batzuk bidaiatzeko erabiltzen dira; txikiak izan ohi dira, eta herrialde edo eskualde bateko errepideak edo hirietako helbideak aurkitzeko balio dute. Beste atlas batzuek, aldiz, xehetasun asko dituzte eta oso handiak dira; horregatik, mahai baten edo beste zerbaiten gainean ipini behar izaten dira irakurri ahal izateko. Mapa horietan herrialde desberdinak agertzen dira, bakoitza kolore batez markatuta, eta paisaiari buruzko informazioa emateaz gain, mendiak, ibaiak eta hiriak non kokatuta dauden ere erakusten dute.

Gai jakin bati buruzko atlasak daude; adibidez, nekazaritzari edo klimari buruzko datuak ematen dituztenak, edota leku jakin batean zenbat euri egiten duen edo baliabide naturalak nondik lortzen diren erakusten dutenak.

Atlasaren bukaeran, edukien aurkibidea egon ohi da, eta bertan, atlasean agertzen diren herrialde, hiri, mendi eta abarren zerrenda alfabetikoa dago. Aurkibideak bilatu nahi duguna atlasaren zein orritan dagoen jakiteko balio du.

Atlasen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo atlasa Gerhard Mercator izeneko kartografo (mapak egiten dituen pertsona) batek egin zuen, XVI. mendean. Ez dakigu zergatik aukeratu zuen «atlas» deitzea, baina bere mapen bilduman Atlante izeneko antzinako Greziako pertsonaia mitologiko baten irudia zegoen, sorbaldan lurraren globoa zeramala. Ziurrenik, hori izan zen atlas hitzaren jatorria.