Edukira joan

Txikipedia:Baskoi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Baskoiak

Baskoiak erromatarren garai aurretik Erdi Aroraino existitu zen herri bat izan zen. Egungo Nafarroa Garaian, Gipuzkoaren ipar-ekialdean, Errioxan eta Aragoiko iparraldean bizi ziren erromatarren garaian.

Hala ere, VI. mendeaz geroztik, herri errealitate askoz zabalago bat ematen dute aditzera: Pirinioez iparraldera eta hegoaldera.

Baskoiak gaur egungo euskaldunen arbasoak dira. Baskoi izenetik, Baskonia lurralde izena sortu zen. Behe Erdi Aroan, baskoi izenak (wascones, latinez) gaskoi(n) izena sortu zuen.

Erromatarren garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Baskoien arrantzako sarearen kontrapisua

Baskoi izena egungo espainierazko “vasco” izenaren aurrekaria da. Baskoi ez zen beren buruari jarritako izena, kanpotarrek jarri zieten izen bat zen.

Erromatar Inperioa sortu zen garaian, erromatarrek konkistari ekin zioten. Baskoiek erromatarrekin negoziatu zuten.

Baskoien lurraldea Bizkaiko golkoraino heltzen zen, eta kostaldean Oiasso zuen hirigune garrantzitsuena, Bidasoa ibaiaren bokalean. Hegoaldetik, baskoiek Ebro ibaia zuten ardatz.

Iruñea zen baskoien hiriburua, baina Calahorra ere hiri garrantzitsua zen, Ebroz hegoaldera. IV. menderako, bertan kristautasuna existitzearen testigantzak gorde dira testuetan.

Garai hartako baskoien aztarnategi arkeologiko eta hilarri ugari aurkitu izan dira, baita inskripzioak ere. Haietan, euskal lexikoa agertzen da. Adibidez, Irulegiko Eskua aztarna arkeologikoan.

Erdi Aroaren hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Baskoien katilua

VI. mendeaz geroztik, baskoiak jada ez dira agertzen egungo Nafarroan eta eskualde mugakideetan bakarrik: askoz eremu zabalagoan bizi ziren: Pirinioez bi aldeetan, Novenpopulanian ere bai.

Herri horiek euskaldunen arbasoak ziren. Antzeko ohiturak eta hizkuntza zituzten. Mende horretan eta hurrengoetan, frankoen eta godoen dokumentuek baskoien irudi gaiztoa ematen zuten.

Baskoiak militarki ongi antolatuta agertzen dira dokumentu horietan. Godoek eta frankoek baskoiak kontrolatu nahi izan zituzten, eta frankoek Baskoniako Dukerria sortu zuten horretarako.

Hegoaldetik, godoek egungo Araba eta Nafarroa erdialdean eraso egin zieten baskoiei (589 eta 633). Kanpoko indar horiek Gasteiz (Victoriacum) eta Olite (Oligitum) herrien aurrekariak sortu zituzten, baskoiak azpiratzeko.

635 urtean, baskoiak matxinatu egin ziren Novempopulanian. Orduan, frankoek garai hartako espedizio handiena bidali zuten Tolosa Okzitaniatik errebolta menderatzera. 660tik, Baskoniako Dukerria gero eta independenteago bihurtu zen. Akitaniako Dukerriarekin elkartuta agertzen da.

Garai honetan, Akitania Garonaz iparraldera zegoen. Baskoiek eta akitaniarrek Felix zuten hasieran duke edo buruzagi, Tolosa Okzitaniakoa. 670an, indar militar baskoiek Lupus (Otsoa) altxa zuten buruzagi goren, errege. Haren ondorengoak Eudon, Hunaldo eta Gaifer (Waiofar) izan ziren.

768 eta gero, baskoiek beren buruzagia zuten, Akitania gabe: Lupus edo Otsoa II.a. Baskoiek beren indar militar kementsua zuten, eta 778ko Orreagako Guduan, Karlomagno buruzagi frankoa garaitu zuten. Hala ere, VIII. mendearen bukaeran, berriz erori ziren Karlomagnoren eraginpean.

Nafarroa eta baskoiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nafarren lurraldea eta Baskoniako Dukerria IX. mendean

VIII. mendearen bukaeran, lehen aldiz nafarrak aipatu ziren, aske bizi ziren baskoiak. Nafarrak Pirinioez hegoaldera zeuden, Garona ibaitik urruti. Nafarrek Iruñea zuten hiriburu, eta 778ko Orreagako Guduan parte hartu zuten.

Baskoiek jarrera praktikoa eta askotarikoa izan zuten musulmanekin, haiekin itunak sinatu zituzten hainbat alditan. Adibidez, lehenengo aldiz, Iruñea bera 714 aldera errenditu zenean, eta bigarrena 824. urtean Iruñeko Erresuma sortu zutenean.

Une horretatik aurrera, baskoi deitzen zaie batez ere Pirinioez iparraldeko euskaldunei. Hegoaldera, Nafarroako Erresuma sortu zen, Iruñeko Erresumatik.

XI. mende arte, baskoiek independentzia handia eskuratu zuten berriz Pirinioez iparraldera, frankoetatik libre. Antso Mitarrak (edo Menditarrak) dinastia bat sortu zuen, 1063 inguru arte iraun zuena.

Ordurako, Baskonia (latinez, Wasconia) Gaskoinia bihurtzen ari zen, lurralde gehienean erdalduna, gaskoia. Gazteleraz, geroztik, baskoi hitza ez zen erabiltzen euskaldunei deitzeko.