Novenpopulania

Novenpopulania edo Aquitania novempopulana, Akitania III.a (Aquitania Tertia) ere deitua, antzinako erromatar probintzia izan zen, Akitania zatitzean sortua.
Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erromatarrak Euskal Herrira K.a. 178an iritsi eta euskaldunen lurraldean haien egitura politikoa zabaldu zuten. Iberiar penintsulatik Ebro ibaian gora Zaragoza (Caesarausta Magna) eta Jakan barrena sartu ziren. Iparraldetik, berriz, K.a. 56an Saint-Bertrand-de-Commingesen (Lugdunum convenarum) barrena. Euskal tribuak hedatuak zeuden lurra eraso zuten: Erromatar Inperioko probintzia banaketan, baskoien lurra eta egun, beste euskal lurrak direnak Tarraconensis probintzia barruan sartu zuten.
Kontinenteko herriak, Akitania probintzian geratu ziren. Julio Zesarrek zioenez, Akitaniak Garona ibaia zuen muga. Hala ere, K.o. I. mendean, eta Augusto enperadorearen erreformen baitan, Akitaniako probintziako mugak Loira ibairaino zabaldu zituzten, etnikoki galiarren lurraldea zena. Akitaniarrak ez zeuden ados zabalkunde horrekin, eta administratiboki berezituak izatea eskatu zioten magister pagi zen Verusi eta lortu zuten. K.o. III. mendeko Tetrarkia garaian[1], Akitania zabal hori hiru probintziatan zatitu zuten:
- Akitania lehena edo Aquitania prima (Erdialdeko Mendigunea eta Berry). Pirinio eta Garona artean Bordele izendatu zuten hiriburu K.a. 56an.
- Akitania bigarrena edo Aquitania secunda (Charentes, Poitou eta Bordeleko eskualdeak)
- Novempopulania edo Aquitania Tertia (jatorrizko Akitania Pirinioen eta Garonaren artean)
Novenpopulania Bederatzi herri esan nahi du. eta herri hauek osatzen zuten:
- Boiates (Buch)
- Aquensium (Akize)
- Tarusates (Aire)
- Elusatium (Eauze)
- Ausciorum (Auski)
- Bigorra (Aturbe)
- Convenarum (Saint-Bertrand-de-Comminges)
- Consoranorum (Saint-Lizier)
- Iloronensium (Oloroe)
Beste autore batzuk hiru gehitzen dituzte 12 direla esateko: Vasatica (Bazas), Lactoratium (Lectoure) eta Benearnensium (Leskarre). Pirinio eta Loira arteko lurraldea hiru probintzietan banatu zuten III. mendean: Novempopulania, Akitania Lehena eta Akitania Bigarrena.
Hazparneko elizako aldare nagusian III. mendeko estela erromatarra dago, Novenpopulania Akitania erromatar probintziaren sorrera markatzen duena, Verus delako batek eskerrak ematen dizkiolarik bertako jainko bati lurraldea Galiatik bereizi zelako. Bertako idazkunak honela dio latinez:
- Flamen item dumvir quaestor pagiq. magister
- Verus ad Augustum legato munere functus
- pro novem optinuit populis seiungere Gallos
- Urbe redux genio pagi hanc dedicat aram[2]
Esanahia hau da:
- Vero izeneko flamenak[oh 1], duunviro[oh 2], diru-biltzaile eta paguseko administratzaileak, Augustoren[3] aurrean legatu gisa, galiarrengandik bereiztea lortu zuen Novempopulaniarentzat. Erromatik itzultzean, bere barrutiko jenioari eskaini zion aldarea[4].
Hazparneko eliza erromatara tenplu baten gainean eraiki zen eta idazkuna 1665. urtean aurkitu zuten, elizan konponketak egiten ari zirenean[5]. Harria, "Hazparneko aldarea" izenaz ezaguna da[6].
Germaniarren inbasioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rhin ibaia igaro ostean sueboak, alanoak eta bandaloak Galia, Akitania eta Baskonia-Novempopulania zeharkatuta Hispanian sartu ziren. Honorio erromatarrak bisigodoen esku utzi zuen Akitania Bigarrena (418) eta Waliak erresuma hori antolatu zuen Tolosan.
Frankoek Bordele eraso zuten 498an eta Suatrio kondea preso hartu. Klovis I.a errege frankoak Alariko II.a bisigodoa garaitu eta hil egin zuen Vouilléko guduan (507), Klovisek Regnum Francorum izena asmatu eta Akitania bigarrena atxiki zuen. Godoak Hispaniako Toledora erretiratu ziren. Akitania-Baskonia, ordea, erromatar probintzia zen eta aldi berean erasotzen zuten Leovigildok hegoaldetik, Araba hartu eta Victoriacum fundatu zuenak (581), eta Txilperikok iparraldetik. Baskoien aurkako borroka Errioxako Kantabria, Orba (Ejea) eta Okzitaniarren Tolosa arteko lurretan jokatu zen (590). Austrasiako Teodoberto I.a eta Burgundiako Teodorico erregeek hartu zuten Akitania 601ean. Novempopulanian bizi ziren baskoiak menpean jarri zituzten. Urte berean Novenpopulania beste Akitaniakoengandik bereizi eta Baskonia-Akitaniako dukerria sortu zuten, Genial galo-erromatarra izan zen lehen dukea (602 - 627).
Erdi Aroa eta Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
781ean erreinu bihurtu zuen Karlomagnok, eta IX. mendearen bukaeran dukerri egin zuten berriro. Poitiersko dinastiaren mendean egon ondoren burujabetasuna galdu eta Frantziako koroaren mende gelditu zen, Akitaniako Leonor Frantziako Luis VII.arekin ezkondu zenean. 1154an Henrike II.a Plantagenetekin (geroago Henrike II.a Ingalaterrakoa) ezkondu zen Leonor, bigarrenez, eta hala, Ingalaterrako koroaren mende gelditu zen Akitaniako lurraldea. Harrezkero gorabehera asko izan ziren Ingalaterrako eta Frantziako koroen artean; Karlos VII.ak konkistatu zuen Frantziarentzat 1453an.
Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ (Gaztelaniaz) Churruca, Joaquín Gorrochategui. (2020-11-15). «Aquitano y Vascónico» Palaeohispanica. Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania Antigua (20): 721–748. doi: . ISSN 1578-5386. (Noiz kontsultatua: 2022-08-11).
- ↑ CIL XIII, 412 (4, 4. or.) = CLE 00260 = D 06961 = CAG-64, 90. or. = ILA-Landes 00027 = AE 1989, 508
- ↑ Ez da Zesar Augusto , batzuek ulertu zuten bezala, zehaztu gabeko eta garai hartako enperadorea baizik, izen hori ohorezko titulu bezala erabiltzen baitzen enperadorearentzat.
- ↑ (Ingelesez) (Español) A002 – Carmina Latina Epigraphica Online. (Noiz kontsultatua: 2022-08-11).
- ↑ Nabarralde. (2019-10-06). «Verus, el poderoso sacerdote vasco-romano, y la independencia de los vasco-aquitanos de los celto-galos» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2022-08-11).
- ↑ Lanz, Jokin. A propósito de una legatio en el "ara de Hasparren". (Noiz kontsultatua: 2022-08-11).
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Felipe Arteaga: Antzinaroko Akitaniako herriak Novempopulania, euskaldunen beste seaska 2016-03-206