Txikipedia:Commonwealth

Wikipedia, Entziklopedia askea

{{|origin=0,0}}

Commonwealth erakundeko herrialdeak.

Commonwealth Nazioen Erkidegoa (izen osoa Commonwealth of Nations da ingelesez), 52 herrialdek osatutako erakunde nazioarteko bat da. Herrialde horiek, Mozambike eta Ruanda izan ezik, Britainiar Inperioko kolonia ohiak dira. Gaur egun, Ingalaterrako erregina da Commonwealth-eko burua. Commonwealth-eko herrialde batzuek (besteak beste, Australiak, Kanadak, Barbadosek eta Jamaikak) britainiar erregea edo erregina dute estatuburu, baina Gobernadore Nagusi batek ordezkatzen du hura; oso betekizun politiko mugatuko gobernadoreak, dena den.

Commonwealth erakundea 1917an sortu zuten, Lehen Mundu Gerran. Une hartan, Erresuma Batua (orduan, Ingalaterra eta Irlanda osoa), Hegoafrika, Australia, Kanada, Zeelanda Berria eta Ternua hartzen zituen. Herrialde horiek guztiek soldaduak eman zizkioten britainiar armadari Lehen Mundu Gerran, eta Frantzian eta Ekialde Ertainean borrokatu ziren Alemaniaren eta Otomandar Inperioaren kontra.

Britainiar kolonia ohiek independentzia lortu ahala, Commonwealth-ean onartuak izan ziren: India eta Pakistan, 1947an; eta 1957tik aurrera, berriz, britainiarrek kolonizaturiko afrikar herrialdeak.

Herrialde kideek askatasun osoa dute barne- eta kanpo-politikan, baina elkarrekin jarduten dute zenbait esparrutan: komunikabideetan (irratia eta telebista), medikuntzan, zientzia-ikertzaileen trukean, merkataritzan, eta ekonomiaren zenbait arlotan. Gainera, konferentziak antolatzen dituzte aldian behin, eta herrialde kideetako finantza-, osasun- eta hezkuntza-ministroek eta gobernuburuek hartzen dute parte.