Txikipedia:Erromantizismoko musika
Erromantizismoko musika Europan XVIII. mende bukaeran hasi eta XIX. mendean zehar garatu zen musika-mugimendu bat da da. Mugimendu hau erromantizismo artistiko, literario, kultural eta politikoaren printzipioetan oinarritu zen: gizabanakoaren berezitasuna eta orijinaltasuna, emozioen adierazpena, eta formaren askatasuna.
Aurreko klasizismoaren eta erromantizismoaren arteko zubi izan ziren Beethoven eta Schubert konpositoreak; hauek forma musikal klasikoak erabili bazituzten ere, haien musikaren indar bereziak eredu bat eman zien XIX. mendeko musikari erromantikoei. Adierazpen dramatikorako aukerak zabaldu egin ziren, bai tresnen errepertorioa aberastuz, bai musika forma berriak (lied, intermezzo, preludio, mazurka) sortuz ere. Garai honetako musika poesian, elezaharretan eta herri ipuinetan oinarrituta egoten zen sarritan, eta arreta handiz zaintzen zuen hitzaren eta musikaren arteko lotura.
Erromatizismo musikalean aro bat baino gehiago bereiz daitezke:
- Lehen aroko musikari nagusiak Hector Berlioz, Frédéric Chopin, Felix Mendelssohn eta Franz Liszt dira; haien lanarekin, orkestrak oso adierazkortasun handia lortu zuen, eskala kromatikoa osoa erabiltzen zuten, eta musikaren eta giza ahotsaren arteko harremanak ikertu zituzten. Geroago, nabarmentzekoak dira Antonín Dvořák, Edvard Grieg eta Piotr Ilitx Txaikovski. Erromantikoek ahalegin berezia egin zuten beren herrialdeetako musika gauzatzeko; horren adibide dira Dvořák Bohemiarra eta Bedrich Smetana. Opera erromantikoak maisu handiak izan zituen Italian, Gaetano Donizetti, Vincenzo Bellini era Gioachino Rossiniren lanekin, baina Giuseppe Verdiren jo zuen goia. Alemanian Karl Maria von Weberrekin hasi zen opera erromantikoa lantzen, eta Richard Wagnerrek eraman zuen gailurrera, erromatizismoaren ezaugarriak eta abertzaletasun sutsua elkartuz.
- Musika erromantikoaren azken aroari dagokionez, XIX. mendearen bukaerako eta XX.aren hasierako musikagileak aipatu behar dira: Gustav Mahler, Richard Strauss eta Jean Sibelius.