Edukira joan

Antonín Dvořák

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Antonín Dvořák


Member of the House of Lords (Austria) (en) Itzuli

1901eko apirilaren 13a -
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAntonín Leopold Dvořák
JaiotzaNelahozeves1841eko irailaren 8a
Herrialdea Austria-Hungariako Inperioa
Bizilekuabirth house of Antonín Dvořák (en) Itzuli
HeriotzaPragako Hiri Berria eta Praga1904ko maiatzaren 1a (62 urte)
Hobiratze lekuaVyšehrad hilerria 
Heriotza moduaberezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Familia
AitaFrantišek Dvořák
AmaAnna Dvořáková
Ezkontidea(k)Anna Dvořáková
Seme-alabak
Familia
Hezkuntza
HeziketaPipe Organ School in Prague (en) Itzuli
Hezkuntza-mailamusika-irakaslea
Hizkuntzaktxekiera
Irakaslea(k)Josef Leopold Zvonař (en) Itzuli
Antonín Liehmann (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakclassical composer (en) Itzuli, organista, katedraduna, orkestra zuzendaria, musikologoa, biolin-jotzailea, biola-jotzailea, konpositorea, irakaslea, piano-jotzailea, musika-irakaslea eta Birtuosoa
Lantokia(k)New York
Olomouc
Cholina eta Kroměříž
Enplegatzailea(k)Provisional Theatre (en) Itzuli
National Conservatory of Music of America (en) Itzuli
Church of Saint Adalbert (en) Itzuli
Pragako Kontserbatorioa
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaSerbian Academy of Sciences and Arts (en) Itzuli
Mugimenduaerromantizismoa
Genero artistikoamusika klasikoa
opera
Musika instrumentuaorganoa
pianoa
biolina
biola
Ideologia eta sinesmenak
Erlijioakatolizismoa

antonin-dvorak.cz
IMDB: nm0006053 IBDB: 447817
Spotify: 6n7nd5iceYpXVwcx8VPpxF iTunes: 219776 Last fm: Antonín+Dvořák Musicbrainz: 819eaeb2-8dd8-48a5-ad07-0bcd137985ef Songkick: 8652429 Discogs: 268272 IMSLP: Category:Dvořák,_Antonín Allmusic: mn0000768609 Find a Grave: 2220 Edit the value on Wikidata

Antonín Leopold Dvořák (ahoskatzea: NAF[ˈdvɒrʒɑːk] ) (Nelahozeves, 1841eko irailaren 8aPraga, 1904ko maiatzaren 1a) txekiar musikagile erromantiko bat izan zen, XIX. mendean bohemiar Erromantizismoko konpositore bikainenetako bat.[1] Haren obra ezagunena da 9. Sinfonia mi minorrean, «Mundu Berriko Sinfonia» izenekoa.[2] Dvořáken berezko estiloari, batzuetan, «sintesizko erromantiko-klasizista» deitzen zaio.[3]

Sinfoniak, kontzertu instrumentalak eta ahotsetarako nahiz tresnetarako konposizio handiak izan ziren haren ospearen oinarri, baina ez gutxiago ganbera musika eta operak. Dvořák, Bedřich Smetanarekin batera, txekiar musika modernoaren aitzindaria izan zen, erromantizismoaren garaian.

Dvořák Nelahozeves udalerrian jaio zen, Pragatik (gaur egun Txekiar Errepublika) gertu. Aita, František Dvořák (1814-1894), hotel jabe, zitara jotzaile profesional eta harakina izan zen. Anna Zdenĕkekin (1820-1882) ezkondu zen 1840ko azaroaren 17an.[4]

Dvořákek Nelahozevesen igaro zuen bere bizitzaren zatirik handiena. Nelahozeves herria, Moldava ibaiaren ondoan, Pragatik hirurogei bat kilometrora dago, garai hartan Bohemia zeritzon eskualdean, Austria-Hungariako Inperioko etnia eta nazionalitate multzoa osatzen zutenetako bat. Inperioak Vienan zuen hiriburua, eta enperadorearen irudiari esker gordetzen zuen batasuna. Viena alemaniar hizkuntza eta kulturakoa zenez, inperioa osatzen zuten nazionalitate ugariek bakoitzak bere hizkuntza eta kultura izan arren, alemanaren mende zeuden, hizkuntza ofiziala baitzen. Napoleonen gerrek, hala ere, nazionalismoen goranahia bultzatu zuten, eta austrohungariar inperioa osatzen zuten herriak, ordura arte itxuraz lo zeudenak, esnatzen hasi ziren. Norberaren hizkuntza eta berezitasun nazionalak defendatzen hasi ziren, epe luzera inperioaren gainbehera eta zatiketa ekarriko zuena.

Nazionalismo musikala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikak ere parte hartu zuen prozesu hartan, oso modu kementsuan gainera. Egungo Txekiar Errepublikaren iratzartze nazionalistaren hiru fase kronologikoetan hiru konpositore handi daude: Beddvich Smetana (1824-1884), Antonín Dvořák (1841-1904) eta Leoš Janáček (1854-1928). Jaiotza datak oso esanguratsuak dira ―bakoitza hamabost bat urteko aldeaz―, hiru belaunalditakoak izan baitziren, ez bakarrik musikari dagokionez, baizik ere politikari eta gizarteari dagokienez.

Dvořák, bitarteko belaunaldian, Richard Wagner eta Johannes Brahmsen eraginpean egon zen, Vienaren eta Bayreuthen arteko gatazka uztartu zuen, Erromantizismo berri bat sortuz, folklore ukitu baten ezaugarriz, nahiz haren langintzan alderdi anitz eta kontrajarriak egon.

Dena den, Bohemiako musika izan zen Dvořákek topatu zuen lehena, familian bertan. Esan den bezala, Nelahozeves herrixkan jaio zen, baina garai hartan herriak izen alemaniar bat zuen: Mühlhausen. Gertu, Lobkowitz familia noblearen gaztelu bat zegoen, familia ezaguna bere musika zaletasunengatik eta konpositore batzuei, Beethoveni adibidez, babesa emateagatik. Mühlhausengo gaztelu hartan, hain zuzen ere, konpositorearen amak neskame gisa lan egin zuen. Aita harakina zen eta, gainera, garai hartan harakinen artean ohikoa zen bezala, ostatu bat zeukan.

Haurtzaroa eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antonín Dvořáken jaiotza agiria.

Dvořák 14 anai-arreben artean zaharrena zen. San Andres elizan bataiatu zuten, kristau katoliko gisa.[4] Antonin izan zen familiak izan zituen zortzi seme-alabetatik handiena. Aitak biolina eta zitara jotzen zituen, eta herriko orkestrako kidea zen. Zalantzarik gabe, haurraren lehen inpresio musikalak orkestra haren soinuen ondorio izan ziren. XVIII. mendean, ia Bohemiako eskola maisu eta organo jole guztiek zekiten instrumentu guztiak jotzen. Hori gertatzen zen, gutxi gorabehera, Nelahozevesen, herriko lehen mailako Josef Spic maisuarekin. Hark irakatsi zion Antonín txikiari biolina jotzen, eta hark, dirudienez, aitaren ostatura bertaratzen ziren bezeroen gauak alaitzen zituen bere musika tresnaz. Labur esanda, bizitzako lehen urteak nekazari giro musikazale batean igaro zituen Dvořákek.

Sei urterekin, 1847an, bere herriko eskolara joan zen lehen aldiz. Bertan, lehen musika irakaskuntzak jaso zituen, biolina jotzen ikasiz Josef Spic irakaslearen laguntzarekin. Gaitasun handia zuen, eta bere trebetasunari esker, herriko banda batean eta elizan jotzen zuen.[5]

1853an, hamabi urte zituela, aitak Zlonice hirira bidali zuen. Hara bidali zuen «germanitzera», hau da, alemana sakon ikastera, alemana baitzen, alde batetik, hizkuntza ofiziala; eta, bestetik, guztiz ezinbestekoa baitzen ostatu baten nagusi izateko jaidura zuen mutiko harentzat. Garai hartan, Zlonice ezaguna zen bere bizitza musikal biziagatik; izan ere, bai abesbatzako zuzendaria, Josef Tomas, bai alemaniar eskolako maisua, Anton Liehmann, musikari bikainak ziren; azken horrek orkestra bat zuzentzen zuen eta musika eskola partikularrak ematen zituen. Liehmannen konposizio ugariek, klasikoen eragina bezainbatean bohemiar musika herrikoiaren eraginpean, garrantzi handia izan zuten etorkizuneko maisuaren garapen musikalean

Dvořák, 28 urterekin (1868).

Dvořákek piano, organo eta biolin ikasketak egin zituen. Irakaslea Antonio Liehmann izan zuen.[6] Biolinaz gain, musika teoria irakatsi zion, eta konpositore famatuak aurkeztu zizkion. Dvořákek errespetu handiz tratatzen zuen bere irakaslea, nahiz eta Antonin nortasun handikoa izan. Irakasle hura Zlonice elizaren organista izan zen eta batzuetan Antoníniri jotzen uzten zion.

Hamasei urte zituenean, aitak musikaria izateko baimena eman zion, baina organista bilakatzeko baldintzapean.[7] Osabak Dvořák mantentzeko diru nahikorik ez zeukanez, Karel Komzák musikariaren orkestran lan egiten hasi zen.[8] Pragako Antzerki Nazionalean ere lan egin zuen. Bere diru sarrerak handitzeko, Dvořák gazteak piano eskolak eman zituen. Horrela ezagutu zuen gerora emazte bihurtuko zena. Hasieran, Josefa Čermáková bere ikasleaz maitemindu zen, baina sentimenduak ez ziren elkarrekikoak, nonbait. 1873ko azaroaren 17an, Josefaren ahizpa gazte Anna Čermákovárekin (1854-1931) ezkondu zen Antonín Dvořák.[9]

Dvořák bere emazte Annarekin, Londresen (1886).

Guztira bederatzi seme-alaba izan zituzten Antonín eta Anna Dvořákek:

  • Otakar (1874-04-04 – 1877-09-08), baztangak jota hil zen;
  • Joseph (1875-08-19 – 1875-08-21), jaio berri hil zen;
  • Růžena (1876-09-18 – 1877-08-13), fosforozko pozoitzearen ondorioz hil zen;
  • Otilia (1878-06-06 – 1905-07-05), 1898an Dvořáken ikasle Josef Suk konpositorearekin ezkondu zen;
  • Anna (1880-01-13 – 1923-09-10), Josef Sobotkarekin ezkondu zen;
  • Magdalena (1881-08-17 – 1952-03-25), abeslaria, Karel Šantrůček izan zuen senarra;
  • Antonín (1883-03-07 – 1956-06-20), Julia Janouškovárekin ezkondua;
  • Otakar (1885-02-09 – 1961-08-15), Marie Šrámková izan zuen emaztea;
  • Aloisie (1888-04-04 – 1967-04-28), senarra Josef Fiala izan zuen.

Antonín Dvořáken biloba izan zen, besteak beste, Jiří Sobotka, futboleko munduko txapeldunordea 1934an.[10]

Konpositorearen ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria eta garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lehen konposizioa, Polka Pomnenka, 1855ean idatzi zuen, hamalau bat urte zituenean.[11] Dena dela, Dvořáken konposizio lan sistematikoa 1861. urtean dokumentatu daiteke.[12] Alabaina, konpositorearen lehen saiakerek ez zuten arrakastarik izan.[13] Ezkondu ondoren, organista lanetan hasi zen Pragako Hiri Berriko San Adalberto elizan.[14]

Vienan lan egindako Eduard Hanslick txekiar musika kritikariak eragin handia izan zuen Dvořáken konposizio ibilbidean. 1877an, Dvořáki jakinarazi zion haren lanak orduko erromantizismo musikalaren figura nabarmenaren arreta erakarri zuela, Johannes Brahms musikariarena,[15][16] eta hark Fritz Simrock Berlingo musika argitaldariari gomendatu zion. Dvořákek gero Simrocken omenez idatzi zuen 1878an bere Eslaviar dantzak obraren lehen saila eta oso kritika positiboak jaso zituen, baita Hanslick berarengandik ere. Dvořák Brahmsen lagun izan zen urte askotan, oso hurbileko harremana izan zuten. Brahms hilzorian zela, azken elkarrizketa bat ukan zuen Dvořákekin, eta 1897ko apirilaren 6an egin zen hiletan egon zen.[17]

Dvořák familia Kouniceko Václav Robert kondeak maiz gonbidatua izan zuen Vysoká u Příbramě herrian zeukan gaztelura. Han Antonín Dvořák kondearen zaindariaren etxean bizi izan zen, bere koinatua baitzen. Geroago, aspaldi egindako aletegi bat erosi zuen, herriaren ekialdeko muturrean.[18] Aletegia bere udako egoitza bihurtu zuen, eta bertan aritzen zen zuhaitzak landatzen, usoak hazten eta, jakina, konposatzen.

Era berean, arrakastaz hasi zen bere konposizioen orkestra zuzendari gisa. 1884an, Londreseko Royal Albert Hall aretora gonbidatu zuten, bere Stabat Mater zuzentzera, alaba hil ondoren konposatutako ahotsetarako eta tresnetarako lana.[19] 12.000 ikusle hurbildu zirelarik kontzertura, arrakasta itzela izan zen, eta, horrela, lotura sendoak josi zituen Ingalaterrako musika eszenarekin, non abesbatza taldeen emanaldi bikainek bultzatu baitzuten Dvořák konposizio ahalegin gehiago egitera, ahots-instrumentuen eremuan. Bere Requiem lana 1891n eman zuen lehen aldiz, Birminghamen, konpositorearen zuzendaritzapean —txekiar estreinaldia 1892ko apirilean egin zen Antzoki Nazionalean, Pragan— eta Ingalaterrako aroaren gailurra izan zen.[20] Bere musika lorpenetan oinarrituta, honoris causa ohorea jaso zuen Pragako nahiz Cambridgeko unibertsitateetan.[21]

Piotr Ilitx Txaikovski errusiar konpositoreak San Petersburgora eta Moskura gonbidatu zuen bere obrak jotzera, 1890ean.[22]

Ameriketako aroa (1892-1895)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dvořák familia, lagunekin AEBetan (1893): ezkerretik, Anna emaztea, Antonín semea, Sadie Siebertová, Josef Jan Kovařík, Sadie Siebertováren ama, Otilie alaba eta Antonín Dvořák
Antonín Dvořáken sinadura 9. sinfoniaren autografoan.

1892an, Ameriketako Estatu Batuetatik gutun bat bidali zioten. Jeanette Thurber New Yorkeko Musika Kontserbatorio Nazionalaren sortzailea erakunde horretako zuzendari gisa kontratatzen saiatu zen. Hasieran zalantza egin zuen, baina gero eskaintza onartu zuen. Estatu Batuetan 1892-1895 bitartean egin zuen egonaldiari esker, beraren ospea mundu osora hedatu zen. Bere egonaldian, Josef Jan Kovařík biolin jotzaile txekiar-amerikarra izan zuen lagun, Dvořákek lehenagotik Pragan ezagutu zuena.[23]

Egonaldian, Dvořáken xede nagusia izan zen Amerikari laguntzea amerikar musikaren aurpegia aurkitzen. Txekiar konpositorearen ustez, Amerikako natiboen eta afroamerikarren musikaren inspirazioan bilatu behar zen, batez ere. Beraren ikasle Harry T. Burleigh lehen konpositore beltzetako batek beltz espiritual kantuen magia erakutsi zion.[24] 1893ko udako oporraldietan, Kovaříkek Spillvilleko jaioterrira eraman zuen; Dvořákek zenbait ganbera lan konposatu zituen bertan.[23]

Dena den, seme-alaben ikasketak ordaintzeko arazoak zirela eta, azkenean Pragara itzuli zen Dvořák, baina Europan gero eta ospe handiagoa izateak eta herriminak ere erabaki horretan izan zuten eraginik.

1895eko apirilaren 27an itzuli zen Estatu Batuetatik, emaztearekin eta Otakar Bergerrekin.[25] Bohemiara itzulita, Dvořákek atseden hartu zuen familiarekin, Vysoká u Příbraměn. Han konposatu zituen bere bi opera ospetsuenetakoak: Rusalka eta Armida. Bere lanaren azken fase honetan, txekiar folklorea izan zuen inspirazio iturri nagusietako bat.

Dvořáken hileta, 1904ko maiatzaren 5ean, gertakari nazional bat izan zen.[26]
Antonín Dvořáken hilobia Vyšehradeko hilerrian. Ladislav Šalounek egin zuen eskultura.

Azaroan, Pragako Kontserbatorioko irakasle postua hartu zuen berriro.[27] Han, txekiar konpositore garrantzitsu batzuk hezi zituen, hala nola: Vitezslav Novak, Oskar Nedbal eta Josef Suk. 1897an, Dvořáken alaba Otiliarekin ezkondu zen Josef Suk eta, horrela, bere suhi bihurtu zen.[28]

Dvořáken lana maiz interpretatzen eta ospatzen zen, bai jaioterrian bai atzerrian. Gustav Mahler eta Hans Richter ospea zabaltzen laguntzaile izan ziren Vienako kontzertuekin, Joseph Joachim eta Hans von Bülow Dvořáken musikaren zabaltzaile izan ziren Alemanian, Joseph Barnby eta Alexander Mackenzie Ingalaterran.[27]

1898an, Arte eta Zientzien Merezimenduen Ordena «Literis et artibus» eman zioten, Pragan.[29] Dvořáken hirurogeigarren urtebetetzea, 1901. urtean, ekitaldi nazional bat bihurtu zen.[30]

Lehenago ere, 1901eko apirilean, Frantzisko Josef I.a Austriako enperadoreak noblezia titulu bat eman zion, zaldun gisa («Ritter von Dvořák»). Horrela, Vienako Kontseilu Inperialaren Lorden Ganberako kide bihurtu zen. [31] Harekin batera, beste txekiar artista nabarmen bat, Jaroslav Vrchlický poeta ere, zaldun eta Diputatuen Ganberako kide izendatu zuten.[32] 1901ean, Dvořákek Antonín Bennewitz ordeztu zuen Pragako Kontserbatorioko zuzendari gisa.[33]

1904ko martxoaren 25ean, Dvořákek Armidaren entsegua utzi behar izan zuen gaixotasun batengatik. Apirilean, lehen Txekiar Musika Jaialdia antolatu zen, programa ia osorik Dvořáken musikak osatua.[34] Garaiko beste txekiar musikari batzuek, besteak beste Leoš Janáček musikaria, beren lanik ez egoteaz kexatu ziren.[35] Bohemia osoko «hirurogeita hamasei abesbatza elkarte» bildu ziren Pragan, eta «hamasei mila kantari» Dvořáken Santa Ludmila oratorioa abestu zuten. «Milaka entzulek» ospatu zuten Mundu Berriko Sinfonia.[36] Alabaina Dvořákek ezin izan zuen presentzialki parte hartu, berriro ere atseden hartzera behartu zutelako, gaixo egoteagatik.

Dvořákek «gripe atake bat» izan zuen 1904ko apirilaren 18an,[37] eta maiatzaren 1ean hil zen, 62 urterekin. Bost astez gaixo egon zen, baina bere heriotzaren arrazoia ez dago argi, ez zuelako sintoma argirik eta ez zelako autopsiarik egin.[38] Adosturiko arrazoia «gripe krisia» izan zen. Hileta maiatzaren 5ean izan zen,[39] Pragako Vyšehrad auzoko hilerrian lurperatu zuten, Ladislav Šaloun eskultorearen busto baten azpian.[40]

Vysoká u Příbrameko jauregia eta inguruak Rusalka eta Armida lanak egiteko inspirazio leku izan zituen Antonín Dvořákek.

Dvořáken artea guztiz berezia da, erromantizismoaren eta klasizismoaren sintesi bat baita. Konpositorearen indarra eta erabateko berezitasuna bertan daude, batez ere orkestrazioan eta instrumentazioan. Haren sormenaren garapena zenbait etapatan gertatu zen. Lehen konposizioak hazten dira Beethovenen eta Schuberten ondarean oinarrituta. Bigarren fasean erabat agertzen da jada haren sentsibilitate berezia, zeinak dagoeneko musika ulermen guztiz originala eta zehatza erakusten baitu, bai termino formaletan bai edukietan. Hirugarren aldia joera arruntagoa izan daiteke, txekiar musikaren inspirazioa eta gai nazionalak jasotzen baititu (Hymnus kantata, Moraviar duetoak).

Haren musikak kolore berezia hartu zuen orokorrean eslaviar izaera bat sortzeko ahaleginari esker, eta horrek nabarmen aberastu zuen munduko musika sorkuntza. Era berean —eta txekiar eta eslaviar ezaugarriak alde batera utzi gabe—, musika beltzaren eta amerikar natiboen inspirazioa hartu zuen Ameriketan egin zuen egonaldian, eta hori argi islatu zuen bere 9. Sinfonian, musikaren historia osoan mota horretako lanik onenen artean baitago. Bizitzaren azken aroan, adierazpen bereziki koloretsu bat garatu zuen txekiar maitagarri ipuinen eta mitoen inspirazioarekin lotuta (Deabrua eta Katalina, Rusalka, Jakobín edo Armida operak).

Dvořák Wagnerren musikaren mireslea zen 1857az geroztik.[41] Geroago esango zuen: «Wagner hain jenio handia da, ezen beste konpositoreen eskuetan ez zeuden gauzak egiteko gai baita».[42] Wagnerrek bereziki eragin zuen Dvořáken operetan, baina baita orkestrako pieza batzuetan ere.[43]

Guztira bederatzi sinfonia idatzi zituen, zenbait poema sinfoniko, konposizio instrumental handiak (Eslavair dantzak), ahotseko eta ahotseko nahiz instrumenturako piezak (Stabat Mater, Santa Ludmila, Requiem, Te Deum), bost kontzertu obertura, ganbera pieza ugari (ezagunena Fa maiorreko hari laukotea, «amerikarra»), kontzertuak (biolina, biolontxeloa eta pianoa), abestiak (abesti biblikoak), abesbatzak, piano piezak (eslaviar dantzen bertsioak, geroago ere orkestrako bertsioa), 10 opera (entzutetsuenak Rusalka, Jakobín, Čert a Káča, Dimitrij eta Armida).

Bederatzi sinfonia idatzi zituen, eta bederatzigarrena da, hain zuzen, ospetsuena.

1. Sinfonia, Do minorrean (txekieraz: Zlonické zvony, Zloniceko Kanpaiak, 1865).[44] Dvořákek 24 urterekin idatzi zuen. Sinfoniaren izena Dvořákek 13-16 urteen artean, Zlonice herrian igarotako denboraren eta bertako elizaren ohorez jarri zion. 2. sinfonia bezala (baita ere 1865ekoa), ez zen sinfonien errepertorio estandarraren parte izan.[45] Hala ere, Donald Tovey britainiar musikologoak adierazi zuenez, Dvořáken 2 Sinfonia «Brahmsen laugarren sinfoniekin eta Schuberten bederatzigarrenarekin batera, Beethovenen garaitik arte forma honetako adibiderik handien eta garbienetako bat da».[46]

3. Sinfonia, Mi bemol maiorrean (1873).[47] Sinfonia honek Richard Wagnerren musikaren eragina erakusten du. Eragin hori are eta nabarmenagoa da oraindik 4. Sinfonia, Re minorrean (1874),[48][49] bigarren mugimenduaren hasiera alde batera utzita.[50]

5. Sinfonia, Fa maiorrean (1875) eta 6. Sinfonia, Re maiorrean (1880) izaera pastoralekoak dira. Azken horrek nolabaiteko antza izan dezake Brahmsen 2. Sinfonia obrarekin, batez ere kanpo mugimenduetan,[50] baina ez hainbeste hirugarren mugimenduko «furiantean», txekiar dantza bizian. Hau izan zen Dvořák nazioartean konpositore sinfoniko gisa ezagutarazi zuen sinfonia.

7. Sinfonia, Re minorrean (1885) kritikari eta musikologoen artean oso estimatua da. Besteak beste, John Clapham adituak idatzi zuenez, «zalantzarik gabe hau da Dvořákek idatzitako sinfoniarik ederrena».[51]

8. Sinfonia, maiorrean (1889) tonu beroago eta baikorrago batek ezaugarritzen du. Karl Schumannek (Rafael Kubeliken sinfonia guztien grabaziorako liburuxka oharretan) Gustav Mahlerren lanekin alderatzen du.

9. Sinfonia, Mundu Berriko Sinfonia Mi minorrean (1893) da Dvořáken sinfoniarik ezagunena. Dvořákek 1893ko urtarrila eta maiatza bitartean idatzi zuen, New Yorken zegoela. Lehen emanaldiaren garaian, adierazi zuen Amerikako musikaren elementuak hartu zituen inspirazio iturritzat, hala nola, espiritualak eta amerikar natiboen musika.[52] Neil Armstrong astronautak sinfonia honen grabaketa bat eraman zuen Ilargira Apollo 11 misioan, 1969an,[53] eta 2009an ABC Classic FM irrati kateak Australian egindako inkesta batean sinfonia gogokoena izendatu zuten.[54]

Hamaika opera idatzi zituen Dvořákek.[55]

  • Alfred (1870).
  • King and Charcoal Burner (1874).
  • The Stubborn Lovers (1874).
  • Vanda (1875).
  • The Cunning Peasant (1877)
  • Dimitrij (1882).
  • Jakobín (1887)
  • Čert a Káča (1898)
  • Rusalka (1901).
    Rusalka (1901).
  • Armida (1904)

Zenbait kontzertu landu zituen. Guztien artean ezagunena da Cello Concerto in B minor.[56]

Lanen zenbakitzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohituraz sortze ordenaren arabera zenbakitzen dira konpositoreen lanak. Dvořáken kasuan, beste zenbaitetan bezala, zenbakitze hori zailtzen duten zenbait faktore daude. Batetik, musika argitaletxeek ez zieten lanei zenbaki apalegirik eman nahi izaten, hastapeneko zenbakiek autoreen gaztetako lanak adierazten zituztenez, gutxietsiak izango ziren beldur. Bestetik, sinaturiko kontratuei ihes egiteko, zegokiena baino zenbaki txikiagoak esleitzen zizkieten sortzaileek beren lanei.

Sinfonien kasuan, gainera, Dvořákek argitaratze dataren arabera zenbakitu zituen, eta ez sorkuntza dataren arabera. Lehen lau sinfoniak plazaratu zituen azken bostak argitaratu ondoren, eta azken bost horiek ere ez zituen sortu ahala argitaratu, baizik hurrenkera kronologikorik gabe plazaratu.[57] Adibidez, Dvořáken Mundu Berriko Sinfonia 5. Sinfonia deitu zen hasieran, gero 8. sinfonia eta azkenik 9. sinfonia; hau da, sortu zuen azken sinfonia izan zen, baina plazaratu zuen bosgarrena.

Jarmil Burghauser ikerlariak kronologikoki katalogatu zituen Dvořáken lan guztiak.[58] Adibide gisa, Burghauserren katalogoan, Mundu Berriko Sinfonia Op. 95, «B.178» da. Gaur egungo adituek maiz aipatzen dituzte Dvořáken lanak «B» (Burghauser) zenbakiekin, besteak beste, hasierako lan askok opus zenbakirik ez zutelako.

Dvořáken ondarea eta adimen artifiziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018an, From The Future World abestia sortu zen adimen artifiziala erabiliz. 100 urte baino gehiagoren buruan aurkitutako zirriborro zehatz batean oinarrituta, AIVA (Artificial Intelligence Virtual Artist) adimen artifizialaren laguntzaz osatu zen.[59][60] Hiru mugimendutako konposizio guztiz berria Antonín Dvořáken motibo eta konposizio ereduetan oinarritu zen. Hiru mugimenduetatik lehena Ivo Kahánek Pragako Orkestra Filarmonikoko piano joleak grabatu zuen.[61]

Dvořáken izena unibertsoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dvořák kraterra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkurio planetako Dvořák talka kraterrak 75 kilometro diametroko zabalera du. Izena Nazioarteko Astronomia Elkarteak jarri zion, 1976an, txekiar konpositorearen omenez.[62]

Dvořák asteroidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2055 Dvořák izena dauka asteroide gerrikoan aurkitutako 2055. asteroideak, 1974ko otsailaren 19an aurkitua. Behin-behineko izendapen zientifikoa 1974 DB izan zuen.[63]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Sadie, Stanley; Grove, George. (1980). The New Grove Dictionary of Music and Musicians. London: Macmillan Publishers Limited ISBN 978-0333231111. OCLC .5676891 (kontsulta data: 2022-07-30).
  2. Clapham 1979, 114-127. orr. .
  3. (Txekieraz) Burghauser, Jarmil. (1978). «Antonín Dvořák, Requiem» Supraphon (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-13).
  4. a b Hughes 1967, 21. orr. .
  5. Hughes 1967, 24-25. orr. .
  6. Clapham 1979, 15. orr. .
  7. Honolka 2004, 13. orr. .
  8. Hughes 1967, 31. orr. .
  9. (Txekieraz) Národní Muzeum. (2020-05-29). «Oddací list» eSbírky – kulturní dědictví on-line (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-15).
  10. (Gaztelaniaz) «Jiri Sobotka en los Mundiales de Fútbol» Los Mundiales de Fútbol (web.archive.org) 2025-02-26 (kontsulta data: 2025-04-16).
  11. Clapham 1979, 13. orr. .
  12. Černušák 1963, 276. orr. .
  13. Černušák 1963, 277. orr. .
  14. Burghauser 2006, 22. orr. .
  15. Burghauser 2006, 35. orr. .
  16. Burghauser (2006), s. 35 ("Došlo k němu z podnětu Eduarda Hanslicka ... a sděluje mu, že se Brahms jako člen poroty o jeho díla velmi zajímá.")
  17. Burghauser & Clapham 1996, 560. orr. .
  18. Dvořák 2004, 216. orr. .
  19. Dvořák, Antonín. (2004). Stabat mater für Soli, Chor und Orchester; op. 58. Wiesbaden: Breitkopf & Härtel ISBN ISMN: 979-0004211441. OCLC .254758685.
  20. Honolka 2004, 57. orr. .
  21. (Txekieraz) «Dvořák, Antonín, 1841-1904» Středočeská vědecká knihovna v Kladně (web.archive.org) 2016-04-25 (kontsulta data: 2025-04-16).
  22. (Txekieraz) Špaček, Jan. (2025-01-15). «Petr Iljič Čajkovskij» Vltava (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-16).
  23. a b (Txekieraz) Drápelová, Věra. (2017-02-12). «Nejraději mi říkal indiáne. Vycházejí vzpomínky na skladatele Dvořáka» iDNES.cz (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-17).
  24. (Ingelesez) «Notes for "African Heritage Symphonic Series, Vol. I"» DRAM (web.archive.org) 1969 (kontsulta data: 2025-04-17).
  25. Schönzeler 1984, 174. orr. .
  26. Burghauser 2006, 105. orr. .
  27. a b Černušák 1963, 278. orr. .
  28. Burghauser & Clapham 1996, 574. orr. .
  29. (Txekieraz) Koláčný, Ivo. (2023). Řády a vyznamenání habsburských monarchií. Praha: Elka Press, 362. or. ISBN 978-8087057506. OCLC .1420606723.
  30. Černušák 1963, 279. orr. .
  31. Clapham 1979, 161. orr. .
  32. Černušák 1963, 278-279. orr. .
  33. Honolka 2004, 108. orr. .
  34. Burghauser 2006, 603. orr. .
  35. (Ingelesez) Zemanová, Mirka. (2002). Janáček: a composer's life. Boston: Northeastern University Press, 112. or. ISBN 978-1555535490. OCLC .49226045.
  36. Raeburn & Kendall 1990, 257. orr. .
  37. Burghauser 2006, 604. orr. .
  38. Clapham 1979, Appendix I, 179-180. orr. .
  39. Schönzeler 1984, 194. orr. .
  40. (Txekieraz) Hrobka Antonína Dvořáka. Praha: web.archive.org.
  41. Clapham 1979, 17. orr. .
  42. Clapham 1979, 172-173. orr. .
  43. Clapham 1979, 31. orr. .
  44. «en/symphony1 | antonin-dvorak.cz» www.antonin-dvorak.cz (kontsulta data: 2022-07-30).
  45. Clapham 1979, 778. orr. .
  46. Tovey, Donald Francis. (1935). Essays In Musical Analysis Vol-ii. Oxford University Press, London, 94. or. (kontsulta data: 2025-04-17).
  47. «Symphony No.3, Op.10 (Dvořák, Antonín) - IMSLP» imslp.org (kontsulta data: 2022-07-30).
  48. «Symphony No.4, Op.13 (Dvořák, Antonín) - IMSLP» imslp.org (kontsulta data: 2022-07-30).
  49. «en/symphony4 | antonin-dvorak.cz» www.antonin-dvorak.cz (kontsulta data: 2022-07-30).
  50. a b Clapham 1980, 778. orr. .
  51. Clapham 1979, 74. orr. .
  52. (Ingelesez) «African American Influences» Dvořák American heritage Association (web.archive.org) 2023 (kontsulta data: 2025-04-17).
  53. (Ingelesez) Daugherty, Michael. (2020-02-02). «Composer Note: “To the New World” (World Premiere)» Pacific Symphony blog (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-17).
  54. (Ingelesez) «Classic 100 Archive» ABC Classic FM (web.archive.org) 2009 (kontsulta data: 2025-04-17).
  55. (Ingelesez) Clapham, John. (1957-01). «The Operas of Antonín Dvořák» Proceedings of the Royal Musical Association 84: 55-69. or.  doi:10.1093/jrma/84.1.55. ISSN 0080-4452. (kontsulta data: 2025-04-17).
  56. (Ingelesez) Smaczny, Jan. (1999). Dvořák, cello concerto. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 978-0511605697. OCLC .48139987.
  57. (Ingelesez) «DVOŘÁK, A.: Symphonies Nos. 4 and 8» Slovak Philharmonic, Gunzenhauser (web.archive.org) 2022-01-14 (kontsulta data: 2025-04-18).
  58. Burghauser & Clapham 1996.
  59. (Ingelesez) «AIVA + Antonín Dvořák» From The Future World (web.archive.org) 2019-05-11 (kontsulta data: 2025-04-17).
  60. (Txekieraz) Mazura, Jan. (2020-07-13). «Umělá inteligence dokončila Dvořákovo dílo. Poslechněte si skladbu Z budoucího světa» Vltava (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-04-17).
  61. Prague Philharmonia. (2019-03-29). AIVA / Antonín Dvořák: From the Future World. (kontsulta data: 2025-04-17).
  62. «Mercury - Dvořák» Planetary Names (planetarynames.wr.usgs.gov) (kontsulta data: 2025-04-18).
  63. (Ingelesez) Schmadel, Lutz D., ed. (2007). «(2055) Dvořák» Dictionary of Minor Planet Names (Springer): 166. or.  doi:10.1007/978-3-540-29925-7_2056. ISBN 978-3540299257. OCLC .225359889 (kontsulta data: 2025-04-18).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]