Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal artzain txakur gaztea

Euskal artzain txakurra Euskal Herriko txakur-arraza da. Artzaintza lanetarako asko erabiltzen den arren, etxeko-animalia gisa ere ohikoa da. Bi mota daude: "Gorbeiakoa", bere jatorria Gorbeia mendian eta inguruetan dagoena, eta "Iletsua", Euskal Herriko beste artzaintza-leku desberdinetatik datorrena.

Zer nolako itxura dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal artzain txakurrak 11-13 urte bitartean bizi daitezke. Arrek 47-61 cm bitarteko altuera (haur baten gerrirainoko altuera) dute eta 18-36 kg arteko pisua dute (5-10 urte bitarteko haur baten pisua). Emeak, berriz, txikiagoak dira, 46 eta 59 cm arteko altuera dute eta 19 kg pisatzen dute.

Fisikoki, orokorrean, ezaugarri hauek dituzte: begiak gaztaina-kolorekoak, ilea motzagoa buruan gorputzean baino, belarri triangeluarrak eta ertainak, sudurra beltza, buztanean mugikortasun handia eta gorputz-osaera sendoa.

Baina bi mota ezberdinen artean desberdintasun fisikoak ere egon daitezke:

Euskal artzain moten desberdintasun fisikoak
   Ba al dakizu   
Kondairak dioenez, duela milaka urte euskal basoetan otso erraldoi bat bizi zen. Baserriak eta etxeak erasotzen zituen eta bidetik aurkitzen zuen guztia jaten zuen: abereak, pertsonak… Herritarrek Anbotoko Mariri laguntza eskatu zioten eta honek Basajaun bidali zuen otsoa heztera. Denborarekin, otsoa lasaituz, etxekotuz eta artzaintza lanak ezagutuz joan zen, eta horrela sortu zen gaur egungo euskal artzain txakurra.

Zein da haren historia?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal artzain txakurra mendez mende egon da Euskal Herrian. Marizuloko (Gipuzkoa) aztarnategian artzain-txakur baten hezurrak aurkitu ziren gizaki baten eta arkume baten ondoan. Hezurrak orain dela 5.285 urtekoak dira. Aurkitutako txakurraren neurriak bat datoz euskal artzain txakurraren neurriko txakur batekin. Hala ere, oraindik froga zientifiko gehiago behar dira aztarna horiek euskal artzain txakurrarenak direla egiaztatzeko.

Euskal artzain txakurra

Bestetik, XVI. mendeko margolan batzuk aurkitu dira, non arraza honetako txakurrak agertzen diren. Euskal mitologian ere askotan aipatzen dira, euskal artzainak gure gizartean izan zuen garrantziaren seinale.

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, arraza honek garai txarra igaro zuen. Euskal baserri askok otsoen erasoak jasan zituzten eta euskal artzain txakurraren fisiko txikia dela eta, ezin zuen otsoen aurka borrokatu. Ondorioz, euskal artzain txakurraren ordez, beste arrazetako txakurrak erabiltzen hasi ziren. Adibidez, Leongo mastina (txakur askoz handiagoa eta indartsuagoa). Hauek ez ziren euskal artzainak bezain trebeak animaliak gobernatzen, baina bai artaldea bizirik mantentzen.

Nolako izaera du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal artzaina bere jabeak lotuta.

Euskal artzaina oso argia, langilea, lagunkoia eta alaia da. Bere nagusiarekin harreman estua sortzen du eta oso leiala da.

Berez, txakur artzainak, abereak kontrolatzeko gaitasuna dauka. Ohikoena da artaldeak kontrolatzeko erabiltzea, baina behiak, zaldiak zein ahuntzak zaintzeko ere erabili ohi da. Hala ere, etxeko-txakur aparta izan daiteke, edozein egoeratara egokitzen baita.

Dena den, txakur-arraza honek beharrezkoa du ariketa fisikoa sarritan egitea sasioan mantentzeko. Beraz, ezinbestekoa da kanpora ateratzen uztea; korrika egiteak, jolasteak eta libre sentitzeak mesede egiten diolako bere osasun fisiko zein mentalari.

Zein egoeratan aurkitzen da gaur egun?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Artzain txakurren txapelketa

Gaur egun, euskal artzain txakurrak gure artean jarraitzen du. Euskal Herriko bertako artaldeekin lan egiten du, Karrantzako ardiarekin eta ardi latxarekin, besteak beste. Izan ere, hainbat familia daude, tradizioari jarraituz, haien baserrian euskal artzain txakur bat dutenak artaldea babesteko eta kontrolatzeko.

Bestetik, Euskal Herriko toki askotan euskal artzain txakurren lehiaketak antolatzen dira. Lehenengo nazioarteko lehiaketa Oñatin ospatu zen 1955. urtean. Lehiaketa hauen helburua artzain txakurren lanerako gaitasuna jendeari ezagutaraztea eta artzainak omentzea da. Egun, probintzia-lehiaketak egiten dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldean eta horietan sailkatzen diren txakurrak Euskal Herriko lehiaketara pasatzen dira.

Hala eta guztiz ere, gutxi dira gure artean geratzen diren aleak. Euskal artzainaren arraza galtzeko arriskuan dago, 1000 baino gutxiago baitira Euskal Herria osoan gelditzen diren euskal artzainak.