Wikipedia, Entziklopedia askea

Goi Paleolitoa

Okabeko harrespila.

Goi Paleolitoa Paleolitoko hirugarren eta azken garaia da Europa, Afrika eta Asiako Historiaurrean. Hasiera eta bukaera datak duela 35.000 eta 10.000 urte inguru kokatzen dira, azken glaziazioaren garaian. Goi Paleolitoak Erdi Paleolitoa utzi du atzean; Erdi Paleolitoaren ostean kokatzen da denbora lerroan. Goi Paleolitoa amaitutzat ematen den unean, Paleolitoa amaitzen den unean, Mesolitoa hasiko da.

Aztarnak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezur grabatua, Sous-Grand-Lac aldean topatua, Frantzian.

Goi Paleolitoko gizakiek egiten zituzten lanabesak silex puska arinekin eta hezurrekin egindakoak ziren. Egurrezko lanabesak ere egingo zituzten, baina horiek ez dira indusketetan agertzen.

Goi Paleolitoko gizakiek hainbat artelan egin izan zituzten. Harrizko, hezurrezko eta bolizko estatuak, esaterako. Gizaki haiek grabatu egiten zuten harrietan, hezurretan eta bolian bai animalien irudiak, bai gizakien irudiak.

Eskulturak eta grabatze lanekin batera, margo lanak ere egiten zituzten eta horietako batzuk mendeak joan eta mendeak etorri eta hortxe topatu dira leizezulo edo haitzulo batzuetako horma eta sabaietan. Gizaki haiek bitxiak izan zitezkeen objektuak egin zituzten bolia erabiliz, hezurrak erabiliz, hainbat harri mota erabiliz edo oskolak erabiliz.

Lausseleko Venus, (Aurignac kultura).

Topatutako aztarnak ea noizkoak diren kalkulatu egin da. Garaiei eta topatutako lekuei erreferentzia eginez, historiaurreko ikerlariek Goi Paleolitoa hainbat kultura arkeologikotan zatitu dute. Goi Paleolitoko kultura arkeologiko horiek garai jakin bati egiten diote erreferentzia, inguru bati, bizitzeko era edo ekonomia modu bati, edo aurkitutako objektu esanguratsu batzuen estilo bati.

Gizakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi Paleolitoaren ezaugarri nagusiak Europara gizaki modernoaren, homo sapiens delakoaren etorrera, lanabesak lantzeko teknika berrien agerpena (jaurtigailua, hezurrezko industria...) eta historiaurreko artearen leherketa (haitzuloetako marrazkiak garai honetan egin ziren) dira.

Gizaki modernoa Ekialde Hurbiletik etorri zen duela 35.000 urte inguru, behin-behineko klima beroketa aprobetxatuz. Neandertalarekin batera bizi zen, harik eta duela 30.000 urte inguru neandertalak desagertu ziren arte. Desagerpen horren zioak ez dira ezagutzen. Bi adarren arteko nahasketa garai honetan eman behar izan zen.

Lascauxeko kobazuloko irudiak.

Giza eboluzioa Europan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarren gorpuzkien ikerketa genetikoak bide berri bat zabaldu du kontinenteko historiaurrean. Ikerketa batek orain dela 45.000urtetatik 7.000 urte arte bitartean gertatu ziren eta hainbat gertakizunen berri eman du. David Reich Harvard Unibertsitateko genetistak dioenez, garai horretan klima aldakorra zegoen eta immigrazio eskalak azkar goratu ziren.

Ikerketatik atera zuten lehenengo ondorioa, bateraezintasun ebolutiboa zegoela da. Hau da, neandertalak eta gizaki modernoaren garaian agertu zen beste espeziea, oso azkar gutxitu ziren, % 6tik % 2ra.

Garai honetan, Europak azkeneko izotz aroa jasan zuen eta herri askok migratu beharra izan zuten. Datuen arabera, orain dela 33.000 urte talde berri bat agertu zen Gravettiar kultura, Aurignac kultura ordezkatu zuena.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

.