Hizkuntza ofiziala herrialde baten legeetan edota erakunde baten jardueran estatus berezia duen hizkuntza da; horrek esan nahi du herrialde horretako gobernuak edo erakunde horrek bere jarduera guztietarako ofizialki erabiltzen duen hizkuntza dela. Herrialdeen kasuan, hizkuntza ofiziala da herrialde horretako erakunde politikoek erabiltzen dutena eta eskoletan irakasten dena. Batzuetan, herrialde edo Estatu horren konstituzioan ematen zaio ofizialtasun maila hori hizkuntza horri.
Herrialde batek hizkuntza ofizial bat baino gehiago izan dezake; Suitzak, adibidez, hiru ditu: alemaniera, frantsesa eta italiera. Erakundeen kasuan, Europar Batasunak 24 hizkuntza ofizial ditu; horrek esan nahi du hizkuntza horiek denek lege-maila edo balio berbera dutela eta, esate baterako, EBren jarduera eta dokumentazioa 24 hizkuntza horietan egin behar dela. Hala ere, askotan hizkuntza gehiago izaten dira benetan erabiltzen direnak.
Euskara hizkuntza ofiziala al da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bai, Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan eta Nafarroako Foru Komunitateko iparraldean; baina ez ipar Euskal Herrian. Dena dela, EAEn eta Nafarroako iparraldean euskaraz gainera gaztelania ere da ofiziala; horregatik esaten da gaztelania eta euskara koofizialak direla. Eta Iparraldean, frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.
Aldiz, euskara ez da hizkuntza ofiziala EAEtik eta Nafarroako iparraldetik kanpo; horrek esan nahi du gaztelania dela Espainiako hizkuntza ofizial bakarra. Baina Espainian badira hizkuntza koofizialak, euren lurraldeetara mugatuta:
- Euskara: Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako eremu euskaldunean
- Katalana: Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentziako Erkidegoan (azken honetan valentziera izenarekin).
- Galiziera: Galizian.
- Aranera (okzitanieraren aldaera): Katalunia osoan, baina Arango haranean bakarrik mintzatzen da.