Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Frantses

     Hizkuntza ofiziala da, baina ez biztanle gehienen jatorrizko hizkuntza      Bigarren hizkuntza da      Gutxiengo baten hizkuntza da

Frantsesa hizkuntza erromantze bat da; hau da, latinetik sortutakoa. Jatorriz, Frantziako hizkuntza da, baina beste herrialde askotan ere hitz egiten da:

Gainera, frantsesa oso hizkuntza garrantzitsua da nazioarteko instituzioetan, hala nola NBE, NATO eta Europar Batasunean. Mundu osoan, 250 milioi pertsona inguruk hitz egiten frantsesa, eta haietatik 125ek dute frantsesa ama hizkuntzatzat.

Beste hizkuntza erromantzeen moduan, latinean du jatorria; izan ere, antzinaroan, erromatarrek Europako zati handi bat konkistatu zuten, gaur egungo Frantzia barne, eta beren hizkuntza nagusitu zen lurralde horietako askotan.

Hala ere, beste hizkuntza batzuek ere izan dute eragin handia gaur egungo frantsesaren osaeran. Adibidez, antzinako erromatarren garaian, Galia izenarekin ezagutzen zen gaur egungo Frantzia, eta zeltak bizi ziren hango lurralde gehienetan. Zelten hizkuntzak hainbat ezaugarri utzi zituen frantsesean; adibidez, zenbakiak hogeinaka zenbatzea, euskaran bezala. Gainera, frankoen hizkuntzak ere eragin txiki bat izan zuen frantsesean (frankoak herri germaniko bat ziren; haiengandik dator Frantzia izena, hain zuzen ere).

Frantsesaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Inperioa erori ondoren, V. mendetik aurrera, latina aldatzen joan zen. Erdi Aroko Frantzian, bi hizkuntza ezberdin sortu ziren: langue d’oc edo okzitaniera hegoaldean, eta langue d’oïl iparraldean. Iparraldeko aldaera izan zen gaur egun frantsesa deitzen dugunaren sorburua.

Frantsesez idatzita iritsi zaigun lehenengo testua 842. urtekoa da; Estrasburgoko Zina deitzen den dokumentu bat da. Frantsesa 1539tik aurrera hasi zen erabiltzen administrazioan, Frantzisko I.a erregearen erreinaldian. Frantziako iparraldean erabiltzen zen soilik; baina, denbora igaro ahala, beste leku batzuetara zabaldu zen, beste lekuetako hizkuntzen erabilera debekatu ondoren (adibidez, euskara) eta eskoletan frantsesa bakarrik baimendu ondoren. 1635ean, Frantziak Frantses Akademia sortu zuen, hizkuntza arautzeko eta estandarizatzeko. Akademia horrek frantsesaren arauak ezartzen jarraitzen du gaur egun ere. XVII. mendetik aurrera, frantsesa Europako aristokraziaren hizkuntza bilakatu zen.

Antzinako frantsesak eragin handia izan zuen ingelesaren garapenean, normandiarrek Ingalaterra konkistatu zutelako XI. mendean. Erdi Aroan, frantses normandiarra zen Ingalaterrako gorteak erabiltzen zuen hizkuntza, hau da, erregeak eta aristokraziak erabiltzen zutena; hala ere, herriak, saxoiera hitz egiten jarraitzen zuen, jatorri germanikoko hizkuntza. Dena den, denbora igaro ahala, herriaren hizkuntza gero eta gehiago indartu zen eta frantsesa desagertu zen azkenik. Hala eta guztiz ere, saxoi hizkuntzak antzinako frantsesaren eragin handia jaso zuen, baita idatzitako testuetan erabiltzen zen latinarena ere. Horrela sortu zen gaur egungo ingelesa: badu jatorri saxoiko lexikoa, baina baita latin eta frantses jatorrikoa ere.

Ilustrazioa deitzen den garaian, frantsesa diplomaziaren eta kulturaren hizkuntza bilakatu zen. Entziklopedia argitaratzea oso erabilgarria izan zen Europako zientzialariek lingua franca bezala erabiltzeko, lehen latinarekin egiten zen eta orain ingelesarekin egiten den moduan.

Frantziako Iraultzaren ondoren, frantsesa ez beste hizkuntza guztiak baztertu ziren. Gobernu frantsesak Estatuko hizkuntza izendatu zuen frantsesa, eta gainontzeko hizkuntzak “ezjakinen hizkuntzak” bihurtu ziren; horren eraginez, hezkuntzatik, bizitza publikotik eta administraziotik desagertu ziren. Horrela lortu zuten XX. mendean ia herrialde osoak frantsesez hitz egitea.

Bestalde, XIX. mendean zehar, Frantzia eta Belgikak Iparraldeko, Erdialdeko eta Mendebaldeko Afrikako zati handi bat kolonizatu zuten; kolonizatzaileek frantsesa hizkuntza ofizial bezala ezarri zuten leku horietan; hau da, administrazioan, eskoletan eta hedabideetan erabiltzen zen hizkuntza bakarra zen. Leku horiek independentzia lortu zutenean (XX. mendeko bigarren erditik aurrera), estatu afrikar askok frantsesa erabiltzen jarraitu zuten hizkuntza ofizial bezala. Hori dela eta, badaude herrialde afrikar asko frantsesa hitz egiten dutenak, haien berezko hizkuntzez gain.

Entzun frantses pixka bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen duzu bideo labur bat frantsesez:

Frantsesa.
Nola esaten da?
un
deux
trois
quatre
cinq
six
sept
huit
neuf
dix
cent
mille

Esaldi erabilgarriak

[aldatu iturburu kodea]
Kaixo!: Salut
Zer moduz?: Comment ça va?
Ondo, eskerrik asko: Bien, merci
Nola duzu izena?: Comment vous appelez-vous?
Mesedez: S'il vous plaît
Bai: Oui
Ez: Non
Aio: Au revoir!
Egun on: Bonjour!
Arratsalde on: Bonsoir!
Gabon: Bonne nuit!
Gero arte: A tout à l'heure
Maite zaitut: Je t'aime