Aleman
Alemana[1][2] (Deutsch) indoeuropar hizkuntza bat da, germaniar hizkuntzen taldekoa. Alemania, Austria, Liechtenstein eta Suitzan hitz egiten da batez ere, eta mundu osoko 11. da, hiztunen kopuruari bagagozkio, 120 milioi hiztun baititu. Europar Batasuneko mintzatuena da, 100 milioi hiztunekin. Hizkuntza horren euskal izenak alamanen germaniar tribuan du jatorria.
Banaketa geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemana nagusiki Alemania (herrialde horretako biztanleriaren % 95ek baino gehiagok ama hizkuntza du), Austria (% 89) eta Suitzako (% 65) hizkuntza da. Luxenburgo eta Liechtenstein herrialdeetako hizkuntza ofiziala ere bada.
Alemanezko hiztunen komunitateak dituzten beste europar herrialde batzuk honako hauek dira: Italiako iparraldean, Bolzano-Hego Tirolgo probintzia); Belgikako alemaniar hiztunak dituzten ekialdeko kantoiak; Frantzian, Alsazia eta Lorrenako lurralde historikoetako departamentuetako hainbat udalerri; eta, azkenik, Danimarkan, Hegoaldeko Jutlandian hainbat udalerri ere baitaude.
Bestalde, badira alemanierazko hiztunen komunitateak Txekiar Errepublika, Eslovakia, Hungaria, Polonia, Errumania, Serbia, Errusia, Kazakhstan eta Namibian ere.
Aldaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aleman estandarra: hizkuntza batua, modu arautu modernoan abiatuta 1876an.
- Dialektoak:
- Behe saxoiera: Belgikako iparraldean eta Herbehereetan.
- Goi alemana: erdialdekoa (Belgikako ekialdean, Herbehereetako hego-ekialdean, Frantzian eta Luxenburgon) eta goienekoa (Alsazia, Austria eta Suitzan). Yiddish hizkuntza ere aleman garaiaren aldaera da.
- Amana alemana: Iowan (AEB).
- Belgrano alemana: Buenos Airesen (Argentina).
- Namibiera beltzaren alemana: Namibian.
- Unser alemana: Papua Ginea Berrian.
- Pennsylvaniako alemana: Estatu Batuak eta Kanadako Pennsylvania, Ohio, Indiana eta Ontario hitz egiten da.
- Plaut alemana: Kanada eta Amerikan orokorrean.
- Lagunen alemana: Txilen.
Dialektoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alemanak germaniar hizkuntzen familiako mendebaleko adarra osatzen du, eta germaniar hizkuntzen familia indoeuropar hizkuntzen multzoaren barnean dago. Germaniar dialektoak usadioz bi talde nagusitan banatzen dira: goi-alemana eta behe-alemana.
Alemanaren dialektoen arteko ezberdintasunak bistakoak dira. Hala, bada, dialekto mugakideen artean baizik ezin dute elkar ulertu hiztunek, maiz. Dialekto batzuk ulertezinak zaizkie aleman estandarraz baizik mintzatzen ez diren hiztunei. Dena dela, alemanaren dialekto guztiek continuum bat eratzen dute.
Behe-alemanezko hitza | Goi-alemanezko hitza | Euskarazko esanahia |
ik | ich | ni, nik |
maken | machen | egin |
Dorp | Dorf | herrixka |
tussen | zwischen | artean |
op | auf | gain / gainean |
Korf | Korb | saski |
dat | das | hori |
Appel | Apfel | sagar |
Alderdi historiko, sozial eta kulturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aleman moderno estandarra mendebaldeko germaniar hizkuntza da, batez ere Erdi Aroan Alemaniako erdialdean eta hegoaldean hitz egindako barietate guztien ondorengoa. Konbentzionalki, alemanez idatzitako testuak hiru alditan banatzen dira:
- Antzinako goi alemana VIII. mendetik 1050. urte arte.
- Goi aleman ertaina 1050. eta 1350. urteen artean.
- Goi aleman modernoa 1350etik aurrera, batzuetan goi aleman moderno goiztiarra (1350-1650) eta goi aleman modernoa (berezkoa) bereizten direlarik. Kontuan izan behar da goi aleman moderno hori erdiko goi alemanaren eta goiko goi alemanaren artean banatzen dela.
Aleman estandar modernoa, nagusiki, goi aleman goiztiarrean oinarritutako forma da, nahiz eta ahoskeran eragina izan Alemania iparraldeko hiztunek (gehienak behe-alemanez hitz egiten zutenak) idatzizko estandarra ahoskatzeko hartu zuten modua.
Hizkuntzaren estandarizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historikoki, hizkuntza bat estandarizatzen hasten den unea funtsezkoa da hizkuntza ofizial gisa erabiltzeko. XV. mendea baino lehen, eskualde bakoitzean, gehienbat, tokian tokiko barietatea erabiltzen zen. Egungo Alemaniako iparraldean, XVI. mendea arte, ospe handiko hizkuntza behe-alemana izan zen (antzeko barietateez osatutako talde bat eta hizkuntza estandarraren oinarrian dagoen goi alemana sorrarazi zuena). XV. eta XVI. mendeetatik aurrera, dokumentazio ofiziala, nagusiki, latinez idazteari utzi zitzaion eta, ekialde-erdialdeko alemana mintzatzen zen eskualdean, eskualdeetako barietateen arteko konpromisoa irudikatzen zuen alemana erabiltzeko saiakera sortzen hasi zen. Artean hasi zen agintarien eta hiztunen arteko adostasuna eratzen, idatzia eta mintzatua nolakoak izango ziren zehazteko, nahiz eta horrek ez eragotzi eskualdeetan bestelakoa izatea. Adostasun hartatik abiatuta, hizkuntza estandarra prestigio-barietate gisa ikusten hasi zen, eta irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza nagusi gisa irakasteko modua arautzeko neurriak hartu ziren, baita bigarren hizkuntza edo atzerriko hizkuntza gisa irakastekoa ere. Ekialde-erdialdeko alemanezko legezko testuak eta Luteroren Biblia (1522-1534) aleman hizkuntza estandar modernoa eratzeko abiapuntu izan ziren[3]. Gai horri buruz esan ohi da:
« | Bibliatik alemanera egindako itzulpenarekin, eta lehenengoa izan ez arren, Luterok, gaur egun alemanaren aberastasun eta normalizazioari dagokionez (gaur egun goi aleman berria bezala ezagutzen dena, zehatzago esateko), merezi zuen indarrean dirauen aitorpena. Eta hori nabarmen gelditzen da Luterok, bere itzulpenean, ez zuelako bere dialektoko hiztegia (erdialde-ekialdeko alemana) aukeratu kontuan hartuta, baizik eta garai hartan alemaniar lurraldeetan hedatuen zegoena. Horrekin, Luterok nazio-arazo bihurtu zuen hizkuntza. Alemana ez zen dagoeneko hizkuntza bat gehiago, hizkuntza nazionala baizik[4]. | » |
Hizkuntzaren estandarizazio hori eskualde-modu alternatiboen arteko arauak hautatzean datza. Haren kasuan, XVIII. mendearen erdialdea arte ez zen ezarri gutxi gorabehera behin betiko estandar idatzi bat eta, XIX. mendean zehar, ahoskera estandarra ere finkatu zen. Prusiaren bateratzea eta Aduana Batasuna (Zollverein) hizkuntza estandarrerako bultzada bat izan bazen ere, jatorriz, Prusiako hizkuntza nagusia behe-alemana zen, nahiz eta hezkuntzan goi alemana oinarri zuen estandar hasiberria sustatu. Aleman estandar hori ez zen hizkuntza ofizial gisa onartu 1902 arte, Bigarren Konferentzia Ortografikoak aleman estandarrerako lehen arauak ezarri zituenean. Aldi berean, eskualdeetako hizkuntzak gaur arte oraindik ere erabiltzen dira, batez ere gai informaletan eta beti eskualde berekoen artean.
Ortografia Rat für deutsche Rechtschreibung erakundeak ("Alemaniar Ortografi Kontseiluak" arautzen du[5].
Inguruko hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ekialdean, poloniera, sorbiera, txekiera, eslovakiera eta hungariera.
- Mendebaldean, frantsesa eta nederlandera.
- Hegoaldean, italiera, esloveniera, friuliera, ladinoa eta erromantxera.
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikusi: Alemanezko literatura.
Gramatika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gramatika aldetik, nahiko hizkuntza konplexua da:
- Hiru genero daude: maskulinoa, femeninoa eta neutroa. Ez dago hitzak sailkatzeko arau zehatzik. Adibidez, der Sohn ("semea", maskulinoa), die Frau ("emakumea", femeninoa) eta das Mädchen ("neskatoa", neutroa).
- Izenen hasierako letrak beti letra larriz idazten dira, aurreko puntuko adibideetan bezala.
- Hizkuntza nahiko flexiboa da, bai artikuluek, bai adjektiboek eta bai izenek zenbakian, kasuan eta generoan komunztadura egiten dute.
- Preposizioek ondoren datorren hitzarekin kasu gramatikalean komunztadura egiten dute:
- Ich gehe zu dem Arzt / Ich gehe zum Arzt: Medikuarengana noa.
- Ich mag ins Kino gehen: Zinemara joatea gustatzen zait.
Artikuluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zehaztuak (bestimmter Artikel) |
Singularra (euskarazko -a artikulua) |
Plurala (euskarazko -ak edo -ek artikuluak) |
Zehaztugabeak (unbestimmter Artikel) |
Singularra (euskarazko bat artikulua) |
der (maskulinoa) | die (maskulinoa, femeninoa eta neutroa) | ein (maskulinoa) | ||
die (femeninoa) | eine (femeninoa) | |||
das (neutroa) | ein (neutroa) |
Hitzen pluralak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dago arau finkorik hitzen plurala osatzeko: hortaz, hizkuntza ikastean, hitz bakoitzaren plurala ikasi beste irtenbiderik ez dago. Adibidez:
- Der Sohn / Die Söhne ("semea" / "semeak"), Die Schwester / Die Schwestern ("alaba" / "alabak") edo Das Haus / Die Häuser ("etxea" / "etxeak").
Deklinazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz edo latinez bezala, alemanezko izenak, artikuluak, adjektiboak eta izenordeak deklinatzen dira. Lau kasu ditu: nominatiboa, akusatiboa, datiboa eta genitiboa.
Deklinazioa | Alemanez | Euskaraz |
Nominatiboa (subjektua) |
Der Mann ist hier | Gizona hemen da |
Die Frau ist hier | Emakumea hemen da | |
Das Kind ist hier | Umea hemen da | |
Akusatiboa (objektu zuzena) |
Ich sehe den Mann | Gizona ikusten dut |
Ich sehe die Frau | Emakumea ikusten dut | |
Ich sehe das Kind | Umea ikusten dut | |
Datiboa (nori, zehar objektua) |
Ich sage das dem Mann | Gizonari hori esaten diot |
Ich sage das der Frau | Emakumeari hori esaten diot | |
Ich sage das dem Kind | Umeari hori esaten diot | |
Genitiboa (noren) |
Der Hund des Mannes | Gizonaren txakurra |
Der Hund der Frau | Emakumearen txakurra | |
Der Hund des Kindes | Umearen txakurra |
Izenordeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ich = ni, nik
- du = hi, hik (lagunartekoa)
- Sie = zu, zuk; zuek (begirunezkoak)
- er (maskulinoa) / sie (femeninoa) / es (neutroa) = bera, berak / hura, hark
- wir = gu, guk
- ihr = zuek (lagun artekoa)
- sie = haiek
Aditza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orainaldia | Lehenaldia | Etorkizuna |
Ich bin (Ni naiz / nago) | Ich war (Ni nintzen / nengoen) | Ich werde sein (Ni izango naiz / egongo naiz) |
Du bist (Hi haiz / hago) | Du warst (Hi hintzen / hengoen) | Du wirst sein (Hi izango haiz / egongo haiz) |
Er / Sie / Es ist (Bera da / dago) | Er / sie / es war (Bera zen / zegoen) | Er / sie / es wird sein (Bera izango da / egongo da) |
Wir sind (Gu gara / gaude) | Wir waren (Gu ginen / geunden) | Wir werden sein (Gu izango gara / egongo gara) |
Ihr seid (Zuek zarete / zaudete) | Ihr wart (Zuek zineten / zeundeten) | Ihr werdet sein (Zuek izango zarete / egongo zarete) |
Sie sind (Haiek dira / daude) | Sie waren (Haiek ziren / zeuden) | Sie werden sein (Haiek izango dira / egongo dira) |
Orainaldia | Lehenaldia | Etorkizuna |
Ich habe (Nik dut) | Ich hatte (Nik nuen) | Ich werde haben (Nik izango dut) |
Du hast (Hik duk / dun) | Du hattest (Hik huen) | Du wirst haben (Hik izango duk / dun) |
Er / Sie / Es hat (Berak du) | Er / sie / es hatte (Berak zuen) | Er / sie / es wird haben (Berak izango du) |
Wir haben (Guk dugu) | Wir hatten (Guk genuen) | Wir werden haben (Guk izango dugu) |
Ihr habt (Zuek duzue) | Ihr hattet (Zuek zenuten) | Ihr werdet haben (Zuek izango duzue) |
Sie haben (Haiek dute) | Sie hatten (Haiek zuten) | Sie werden sein (Haiek izango dute) |
Aditz "ahulak": iraganean, -te atzikia eransten zaie; partizipioan, ge- aurrizkia dute eta -t atzizkia:
Wählen = aukeratu
Ich habe gewält = Aukeratu dut
Du hast gewält = Aukeratu duzu
Er / Sie / Es hat gewält = Aukeratu du
Wir habe gewält = Aukeratu dugu
Ihr habt gewält = Aukeratu duzue
Sie haben gewält = Aukeratu dute.
Esaldia: Ich habe heute mein neues Auto gewält = Nik neure auto berria gaur aukeratu dut.
Aditz "indartsuak":
Verstehen = ulertu
Ich habe verstanden = Ulertu dut
Du hast verstanden = Ulertu duzu
Er / Sie / Es hat verstanden = Ulertu du
Wir habe verstanden = Ulertu dugu
Ihr habt verstanden = Ulertu duzue
Sie haben verstanden = Ulertu dute
Esaldia: Ich habe diese Sprache nicht verstanden = Nik ez dut hizkuntza hau ulertu.
Oinarrizko esaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Guten Tag (formala) = Egun on.
- Hallo! (lagunartekoa) = Epa! / Aupa! / Kaixo!
- Tschüss! (lagunartekoa) = Aio!
- Auf Wiedersehen (formala) = Ikusi arte.
- Wie geht’s? / Wie geht es dir? = Zer moduz?
- Danke, gut = Ongi, eskerrik asko.
- Wie heißt du? / Wie heißen Sie? = Zein da zure izena? / Nola duzu izena?
- Ich heiße Jürgen = Jürgen izena dut / Jürgen deitzen naiz.
- Bitte = Mesedez.
- Bitte sehr! = Ez horregatik!
- Ja = Bai.
- Nein = Ez.
- Hilfe! = Lagundu!
- Sprichst du Baskisch? = Euskaraz hitz egiten al duzu?
- Gibt es hier jemanden, der Baskisch spricht? = Ba al da hemen inor euskaraz mintzatzen dena?
- Ich komme aus Bilbao = Ni Bilbokoa naiz.
- Ich kann nicht [so gut] Deutsch sprechen = Ez dut alemanez [hain ongi] hitz egiten.
- Ich verstehe (das) nicht = Ez dut ulertzen.
- Ich weiß nicht = Ez dakit.
- Ich möchte... / Ich will... = ...nahi dut.
- Wo ist die Toilette? = Non dago komuna?
- Guten Morgen = Egun on.
- Guten Abend = Arratsalde on.
- Gute Nacht = Gabon.
Gramatikak eta hiztegiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Duden: Die Grammatik. Mannheim: Dudenverlag ⁸2009 (alemanez).
- Duden: Die deutsche Rechtschreibung. Mannheim: Dudenverlag ²⁵2009 (alemanez).
- Rubio, E.M.: Wörterbuch Hiztegia euskara alemana. Donostia: Elkarlanean 2005.
Ikasketak gaiari buruz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- George O. Curme, A Grammar of the German Language, New York 1922.
- Fausto Cercignani, The Consonants of German: Synchrony and Diachrony, Milan 1979, ISBN 88-205-0185-6.
- W. B. Lockwood, German Today: The Advanced Learner's Guide, Oxford 1987, ISBN 0-19-815850-5.
- Anthony Fox, The Structure of German, Oxford 2005, ISBN 0-19-927399-5.
- Wolfgang Krischke, Was heißt hier Deutsch? – Kleine Geschichte der deutschen Sprache, München 2009, ISBN 978-3-406-59243-0.
- Peter von Polenz, Geschichte der deutschen Sprache, Berlin 2009, ISBN 978-3-11-017507-3.
- Ruth H. Sanders. German: Biography of a Language, Oxford 2010.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2011-09-04).
- ↑ J. A. Hawkins, 2009
- ↑ Maestro Cano, Ignacio C. «Protestantismo, pensamiento y cultura en Alemania». Biblio3W. Revista bibliográfica de geografía y ciencias sociales. Consultado el 27 de enero de 2019.
- ↑ (Alemanez) «Startseite» www.rechtschreibrat.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu. |
Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak | ||
---|---|---|
Alemana · Bulgariera · Daniera · Errumaniera · Eslovakiera · Esloveniera · Estoniera · Finlandiera · Frantsesa · Gaelera · Gaztelania · Greziera · Hungariera · Ingelesa · Italiera · Letoniera · Lituaniera · Maltera · Nederlandera · Poloniera · Portugesa · Suediera · Txekiera |