Wikipedia, Entziklopedia askea
Ingurumen-arazoak.

Ingurumen arazoak ekosistemen kontserbazioari kalte egiten dioten edo izaki bizidunen bizitza mehatxatzen duten fenomenoak dira. Fenomeno hauek naturalak izan daitezke, baina askotan gizakiek eragiten dituzte; munduko biztanleria gero eta ugariagoa denez eta hirien kopurua eta tamaina ere etengabe handitzen ari direnez, gero eta handiagoa da mota askotako baliabide naturalen eskaria, ur, energia, elikagai, mineral eta abarren eskaria, alegia.

Askotan ingurumen-arazoak ez dira oso nabarmenak izaten ondorioak oso agerikoak egiten diren arte, hau da, hondamen naturalak edo tragedia ekologikoak gertatzen diren arte, eta izaki bizidunen osasuna arriskuan jartzen edo mehatxatzen duten arte.


Ingurumen arazoen adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Uraren kutsadura. Industria batzuek erabiltzen dituzten gai kimikoek hondakin toxikoak sortzen dituzte, horiek ibaietara, aintziretara eta ozeanoetara iristen dira, eta ura kutsatzen dute eta arrainei eta beste izaki bizidunei kalte egiten diete. Nekazaritzan ere produktu kimikoak erabiltzen dituzte uztak handitu eta hobetzeko, baina produktu horiek lurrean sartu eta lurpeko uretara iristen dira. Kutsatuta dagoen ura arriskutsua da izaki bizientzat.
  • Basogabetzea edo deforestazioa Planetaren herena basoz eta oihanez estalita dago, eta horri esker berritzen da etengabe oxigeno kopurua atmosferan. Hala ere, etenik eta kontrolik gabeko mozketaren ondorioz ingurumen-oreka arriskuan jartzen ari da, eta hondatzen ari dira animalia- eta landare-mota askoren habitatak.
  • Ozono-geruzaren suntsipena. Fenomeno honen ondorioz, atmosferako ozono-geruza murrizten ari da, hau da, Eguzkiaren erradiazioa iragazi eta desbideratzen duen geruza. Fenomeno hau orain dela hamarkada batzuk oso ondo dokumentatzen hasi zen, gasen askapenaren ondorioz atmosferaren kutsadura oxigenoan dagoen ozonoaren deskonposizioa (altueretan normalean astiro gertatzen den fenomenoa) bultzatzen hasi zenean. Berriki, aditzera eman dute ozono-geruza pixka bat bere onera etorri dela.
  • Zaborrak eta hondakinak. Mundu osoan egunero tonaka sortzen dira biodegradagarriak ez diren zabor eta hondakinak, hau da, era naturalean deskonposatzen ez direnak. Horixe gertatzen da, hain zuzen ere, erabiltzen dugun plastiko kopuru izugarriarekin. Hondakin eta zabor horiek ehunka urte behar izaten dituzte deskonposatzeko, beraz, gero eta zabor gehiago pilatzen ari gara. Gainera, hondakin horietako asko, ingurumenean kontrolik gabe uzten dira eta ingurunean kutsadura eta degradazioa eragiten dute.
  • Klima-aldaketa. Zientzialariak aspalditik ari dira salatzen gizakion ekintzak Lurraren klima-aldaketa eragiten ari direla, eta horrek ondorio izugarri kaltegarriak ekarri ditzakeela: planetako txoko askotan tenperaturak gora egiten ari dira, eta horren ondorioz, leku batzuetan klima gero eta beroagoa izaten ari da, eta beste batzuetan, ordea, geroz eta euritsuagoa. Horrek eragin nabarmenak ditu jada giza populazioetan, eta etorkizunean kalte eta hondamen handiak eragin ditzake. Klima-aldaketaren ondorio larrienetako bi honako hauek dira:
    • Basamortuak hedatzea. Munduko basamortu eremu asko gero eta gehiago hedatzen ari dira lehortearen, basogabetzearen eta berotze globalaren ondorioz.
    • Poloak urtzea. Munduko tenperaturek gora egitearen ondorioz, lurreko poloetako izotza gero eta gehiago urtzen ari da. Poloetako izotza urtzean, ozeano guztietako uraren mailak gora egin du eta uraren tenperatura aldatzen ari da. Horrek guztiak kontinenteetako kostaldeetan kalteak eragin ditzake, munduko klima aldatu, bai eta itsas espezie askoren bizitza arriskuan jarri ere.

Irudi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]