Wikipedia, Entziklopedia askea

Iraupeneko nekazaritza

Eduki-taula

Bangladesheko nekazari bat arroza landatzen.

Iraupeneko nekazaritza batez ere nekazariek beraiek behar dituzten elikagaiak ekoitzen dituen nekazaritza-sistema tradizional bat da. Sistema honetan, produktibitatea ez da handia izaten eta, gainera, baldintza fisikoen mende egoten da (eguraldia, lurraren emankortasuna, etab.). Hori dela eta, uzta guztia nekazariaren familiarentzat izaten da, soberakinik ez da egoten, eta beraz lortutako produktuak ez dira merkatuan saltzeko izaten.

Nekazaritza-sistema tradizional hau familia-nekazaritzaren barruan sartzen da, eta autokontsumora bideratuta dago gehienbat; hau da, familiak ekoizten dituen elikagaiak familiaren beharrak asetzeko izaten dira. Lursail txikietan praktikatzen da, polilaborantza eginez, hau da, hainbat produktu landuz, makinarik erabili gabe, kasu gehienetan.

Nekazaritza-mota hau Afrika, Asia eta Iberoamerikan praktikatzen da batez ere, garapen gutxiagoko eskualdeetan.

Iraupeneko nekazaritza trazizionalaren barruan, hiru sistema aurkitzen dira munduan:

  • Errausketa bidezko nekazaritza ibiltaria: nekazariek landaretza erretzen dute lantzeko lurrak lortzearren, eta nekazariek esku-lanabesak erabiltzen dituzte. Errautsak ongarri gisa erabiltzen dira. Urte gutxiren ondoren, ordea, lur horrek emankortasuna galtzen du eta elikagai gutxiago ematen du; hori gertatzen denean, nekazariak beste leku batera joaten dira beste lursail bat lortzera. Horregatik deitzen zaio "ibiltaria". Hego Amerikan, Afrikan, eta Asiako leku batzuetan aurkitzen da nekazaritza-sistema hau.
  • Lehorreko nekazaritza estentsiboa: ureztatzeko sistema artifizialak erabiltzen ez diren lekuetan topatzen da nekazaritza-mota hau, klima tropikala duten lurraldeetan. Sistema tradizional honetan, nekazariek laboreak txandatu egiten dituzte, zati batean zereala jarriz batez ere, eta beste bat landatu gabe utziz, lurrak emankortasuna berreskuratzeko. Ondoko urtean, alderantziz egiten dute, aurrekoan landutako lurra lugorri (landu gabe) uzten dute, eta lehenago landu gabe utzitako zatian landatzen dute.
  • Arroz-soro ureztatuak: nekazaritza intentsiboan lantzen da arroza, Asiako hego-ekialdean batez ere. Soroak urez estalita egoten dira, belar txarrik ez egoteko (arrozak oso ondo jasaten du ura, baina belar txarrek ez), eta, horri esker, ez da herbizidarik erabili behar. Nekazaritza-sistema tradizional honek langile asko behar ditu eta produktibitate handia izaten du. Arrozak bi uzta izaten ditu urtean, bata udan eta bestea neguan.