Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Petroleo-isurketa bat, itsasontzi baten istripuagatik.

Itsas kutsadura itsaso eta ozeanoetan gertatzen den fenomeno kaltegarri bat da. Zaborra eta hondakinak (kimikoak, industriakoak, nekazaritzakoak edo etxeetakoak) isurtzerakoan gertatzen da, baina baita zarata (kutsadura akustikoa) eta organismo inbaditzaileen (kutsadura biologikoa) ondorioz ere.

Giza jarduerak sortzen dituen kutsagarri ohikoenetako batzuk honako hauek dira: pestizidak, herbizidak, ongarri kimikoak, detergenteak, hidrokarburoak, ur zikinak, plastikoak eta beste solido batzuk.

Zergatik gertatzen da?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeanoen mugagabetasuna eta sakontasuna direla eta, orain dela gutxira arte jendeak pentsatzen zuen zaborra eta substantzia kimikoak mugarik gabe botatzeko erabili zitzakeela, eta horrek ez zuela inolako ondoriorik izango. Hala ere, ikerketa askok frogatu dute itsasoaren egoera, bereziki kostaldean, nabarmen txartzen ari dela. Kausa nagusiak industria-isuriak eta kostaldeko hirietako eta nekazari jardueretako hondakinek kutsatutako uren isurketak dira.

Zer ondorio ditu?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasoan isuritako kutsagarrietako asko ozeanoaren sakonean pilatzen dira, eta bertan, itsas-organismoek irensten dituzte; horien bidez, kutsagarri horiek munduko kate trofikoan sartzen dira. Zientzialariek ikusi dute gure gorputzak ez dituela guztiz prozesatzen hartzen ditugun botika eta sendagaiak eta jaten dugun arrainean bukatzen dutela.

Izurdea plastikozko poltsa batekin trabatuta.

Ozeanoetan dauden kutsagarri asko ingurumenean askatuak izaten dira kostaldera iritsi baino askoz lehenago. Adibidez, nekazaritzan erabiltzen diren eta nitrogeno asko duten ongarriek ibai eta lurpeko uretan bukatzen dute, eta hortik itsasora joaten dira. Ongarriek urean elikagai gehiegi pilatzea eragiten dute eta algak gehiegi haztea eragin dezakete. Kontrolik gabe hazten direnean, algek ureko oxigeno guztia hartzen dute eta itsas bizitzarik egon ezin den edo ia ez dagoen eremuak sortzen dituzte. Zientzialariek kausa horrengatik hilik dauden 400 eremu aurkitu dituzte planeta osoan.

Itsasoaren kutsadura sortzen duten beste hondakin mota bat ozeanoetara lurretik edo itsasoan dauden itsasontzietatik isuritako hondakin solidoak dira (poltsak, plastikozko ontziak eta beste hondakin batzuk). Itsas ugaztunek, arrainek eta hegaztiek askotan janaria dela pentsatu eta jan egiten dituzte, eta horrek ondorio ezin txarragoak izaten ditu maiz. Urteetan zehar noraezean geratzen dira arrantza-sareak, eta arrain eta ugaztun askok horietan nahaspilatuta amaitzen dute. Planetako leku batzuetan, itsaslasterrak zabor pilaketa erraldoiak sortzen dituzte deskonposatzen ari diren milioika plastiko-objektu eta beste hondakin batzuekin. Horietako bat Ozeano Barearen iparraldean dago eta Ozeano Bareko zabor orbana deitzen da. Haren tamaina Iberiar penintsularen halako bi da. 2010eko hasieran Ozeano Atlantikoan beste zabor-uharte erraldoi bat aurkitu zuten.

Zer egin dezakegu?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekintza txiki ugari egin ditzakegu itsasoen eta ozeanoen kontserbazio hobeari laguntzeko. Kostaldeko hiri batean bizi bazara, edota batzuetan hondartzara joaten bazara itsasoa ez kutsatzeko aholku erraz hauek jarraitzea gomendatzen dizugu:

Ez eraman plastikorik hondartzara.

1. Plastikozko produktu gutxiago erabili: plastikoa mehatxu nagusietako bat da ozeanoarentzat. Itsasoa ez kutsatzeko plastikozko botilak alde batera utzi eta termoak erabiltzen has zaitezke, baita erosketak eramateko oihalezko poltsak ere.

2. Ez bota zaborrik hondartzetan: garrantzitsua da zure oporretan sortzen dituzun hondakinen kopurua ahal bezainbeste murriztea eta, zure bidean zaborrik aurkitzen baduzu, jaso dezakezu. Ekintza erraz horren bidez uretan dagoen hondakin kopurua murrizten eta kutsaduraren ondorioak saihesten laguntzen ari zara.

3. Erabili produktu biodegradagarriak hondartzetan: badira itsas espezieei minik egiten ez dieten eguzkitako krema biodegradagarriak; saia zaitez horrelako produktuak erosten, etiketan adierazita dute ingurumenari ez dietela kalte egiten eta itsasoa kutsatzen ez duzula ziurtatuko zara.

4. Itsasoan erantzukizunez bidaiatu: itsasoan egiten diren jarduerak edo kirolak egiten badituzu, ez bota ezer uretara eta kontuan izan zure inguruan itsas bizitza dagoela. Itsas bidaiaren bat egingo baduzu, aukeratu ingurumenarekin errespetuzkoena den aukera.

5. Ez erosi itsas-bizitzan eragina duten produkturik: ez erosi itsas ekosistema kaltetzen duten produktuak, hala nola koral- edo maskor-bitxiak edo karei dortokaz edo marrazoz egindako osagarriak. Itsasoa ez kutsatzeko modu on bat bertatik datozen produkturik ez erostea.

Ikus dezakezunez, ekintza oso errazak, dira baina eragin handia izan dezakete. Guztiok ekintza txikiekin laguntzen badugu, itsaso eta ozeanoetako uraren kutsadurak dakartzan ondorioen agerpena atzeratu ahalko dugu. Horren esku dago naturaren fenomenoak eta horien barne dagoen biodibertsitatea babestea.