Edukira joan

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Linguae vasconum primitiæ liburuaren azala. Latinez adierazten da liburuaren egilea Bernart Etxepare dela, sancti michelis veteriseko erretorea, San Migel Zaharreko erretorea, hau da, Eiheralarre herriko erretorea.

Linguae Vasconum Primitiae euskaraz inprimatu zen lehen idazlan luzearen izenburua da. Liburua osorik euskaraz idatzita dago, baina liburuaren azala, izenburua, azken esaldia eta editorearen oharra latinez daude. Izenburu horrek Euskaldunon Hizkuntzaren Hasikinak esan nahi du euskaraz, hau da, euskara idatziaren lehen agerraldia edo antzeko zerbait adierazi nahi du.

Bernart Etxeparek XVI. mendeko Nafarroa Behereko euskara erabiltzen zuen, bere eskualdeko Garazi aldeko euskara. Liburua 1545. urtean argitaratu zen eta badakigu Bordelen inprimatu zutela. Uste da edizio bi egin zirela: lehenengoa 1545. urtean eta bigarrena XVII. mendean. Hala ere, bigarren edizioko ale bakar bat ere ez zaigu heldu.

Liburuaren egilea, Bernart Etxepare, Garaziko eskualdeko herri txiki bateko erretore edo apaiz katolikoa izan zen, Eiheralarre izeneko herrikoa, hain zuzen.

Bernart Etxeparek bazekien euskaraz ez zegoela inolako libururik argitaratuta bere garaian; argi eta garbi uzten du hori bere testuan. Garai hartan inprimatzeko makina bera asmakizun modernoa zen. Bernart Etxeparek pentsatu zuen berak zeuzkan poema batzuk liburu batean inprimaturik argitaratzeko modukoak zirela.

Hartu zituen bere 15 poema eta Bordeleraino joan zen. Ez dakigu nola joan zen, baina 223 km-ko distantzia dago Eiheralarretik hara. Bordelen, moldiztegi edo inprimategi bateko nagusi batekin tratua egin zuen eta bere liburua inprimaturik ikusi zuen.

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Linguae Vasconum Primitiae liburua eta Bernart Etxepare lantzen dituen bideoa.
   Ba al dakizu   
XIX. mendeko folklorista batzuk ibili ziren Ipar Euskal Herrian barrena, herriz herri, abesti zaharrak batzen eta koadernoetan abesti zaharren testuak eta doinuak apuntatzen, eta geroago ikusi zen, liburua agertu zenean, bildutako abesti horietako batzuk Bernart Etxeparek idatziak zirela.

Edukia eta forma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Linguae vasconum primitiae idazlana berezia da, gero etorri ziren euskal idazlanen aldean. Erabiltzen dituen gaiak ez dira erlijiosoak bakarrik, profanoak ere badaude, alegia, erlijiosoak ez direnak: adibidez, euskararen omenezkoak edo emakumeak gorestekoak.

Hori egin ahal izan zen Trentoko Kontzilioa baino lehen idatzi zelako. 1545-1563 bitartean egin zen kontzilio edo Elizaren batzar horretan, katolikoentzat arau zorrotz asko jarri zituzten.

Garai hartan, euskaldunen kultura ahozkoa zen, ahoz aho irauten zuen, eta Etxeparek erabaki zuen ahozko kantu edo kopletako metrika erabiltzea bere poemetan, jendeak kantatzeko moduan. Hala egin bazuen ere, autoreak nahi zuen bere poesiak itxura formala izatea.

Horregatik, idazteko orduan, bertso-lerro luzeak erabili zituen, hizkuntza erromantzeetan egiten zen bezala. Hori, benetan, mozorro moduko bat da, bere poemek herriak erabiltzen zituen koplen egitura dutelako.

Liburuko pasarte bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuan dauden 15 poemetatik ziur aski ezagunenak azken biak dira: "Kontrapas" eta "Sautrela". Izenburu horiek doinu edo dantza batzuen izenak ei dira. Abesteko idatzi ohi dira poemak.

Horra "Kontrapas" horren 3 bertsio. Lehenengo bertsioa Etxeparek moldiztegitik atera zuen liburuaren argazkia da, ezkerreko zutabean, gaur egungo grafiara hurbildutako bertsio bat, eta eskuinean gaur egungo euskara batura ekarritako beste bertsio bat[1].

Etxepareren Kontrapas olerkia, edizio originalean
KONTRAPAS

(gaur egungo grafiara ekarria)

Heuskara, jalgi adi kanpora!

Garaziko herria
benedika dadila!
Heuskarari eman dio
behar duien thornuia.

Heuskara,
jalgi adi plazara!

Bertze jendek uste zuten
ezin eskriba zaiteien.
Orai dute phorogatu
enganatu zirela.

Heuskara,
jalgi adi mundura!

Lengoajetan ohi intzan
estimatze gutitan.
Orai aldiz hik behar duk
ohoria orotan.

Heuskara,
habil mundu guzira!

Bertzeak orok izan dira''
bere goihen gradora.
Orai hura iganen da
bertze ororen gainera.

Heuskara!

Baskoak orok preziatzen,
heuskara ez jakin harren.
Orok ikasiren dute
orai zer den heuskara.

Heuskara!

Oraidano egon bahiz
inprimitu bagerik,
hi engoitik ebiliren
mundu guzietarik.

Heuskara!

Ezein ere lengoajerik,
Ez frantzesa ez bertzerik,
orai ezta erideiten
heuskararen parerik.

Heuskara,
jalgi adi dantzara!

KONTRAPAS

(gaur egungo euskara estandarrera ekarria)

Euskara, atera hadi kanpora!

Garaziko herria
benedikatua izan dadila!
Euskarari eman dio
behar zuen aukera.

Euskara,
atera hadi plazara!

Gainerako jendeek uste zuten
ezin idatzi zitekeela.
Orain egiaztatu dute
tronpatuak zirela.

Euskara,
atera hadi mundura!

Mintzairetan ohi hintzen
estimu gutxikoa;
orain, aldiz, hik behar duk
ohorea guztien artean.

Euskara,
habil mundu guzira!

Beste guztiak izan dira
bere goien gradura igoak.
Orain hura igoko da
beste guztien gainera.

Euskara!

Guztiek estimatzen dituzte euskaldunak,
euskaraz ez jakin arren.
Guztiek jakingo dute
orain euskara zer den.

Euskara!

Oraindaino egon bahaiz
inprimatu gabe,
aurrerantzean ibiliko haiz
mundu guztian barrena.

Euskara!

Inongo hizkuntzarik,
ez frantsesa ez besterik,
ez da aurkitzen orain
euskararen parean.

Euskara,
atera hadi dantzara!

  1. Hemendik kopiatu dugu LVP liburuko pasarte hau: «Linguae vasconum primitiae / Euskaldunon hizkuntzaren hasikinak (Patxi Salaberri Muñoaren edizioa)» Booktegi (Noiz kontsultatua: 2022-07-04).
   Ba al dakizu   
Liburuaren ale bakarra gorde zen, oso-osorik, Frantziako Liburutegi Nazional nagusian, Bordeleko Inprentako arduradunak bere garaian igorria. Inprenta guztietako arduradunek ale bat bidali behar zuten garai hartan Parisen zegoen Biblioteque Royal-ekoei. Ikusi liburu azaleko zigilua. Ale bakar hori gorde izan ez balitz, ez genuke liburuan zegoen testu osoa ezagutuko. Baina agian ahoz aho transmititutako pasarte batzuen bertsio batzuk ezagutuko genituzke.

"Etxepare RAP" Imanol Epelde Pagola irakasleak XXI. mendean egindako egokitzapena:

Imanol Epelde Pagolaren eskutik LVP liburuaren hasierako eskaintza entzuteko aukera (Etxepare Rap proiektuko abesti bat) >>>>

      Entzun!

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Linguae vasconum primitiæ