Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lurraren etorkizuna

Eduki-taula

Lurra erreta, Eguzkia erraldoi gorri bat bihurtu ondoren.

Lurraren etorkizuna Eguzkiaren etorkizunari loturik dago. Hau da, Eguzkian miloika urte barru gertatuko diren aldaketek Lurreko bizitza-forma guztien amaiera ekarriko dute lehendabizi eta, gero, gure planetaren desagerpena.

Zientziak planeta eta izarrei buruz ikasi duenari esker, ziurtasun osoz dakigu gure Eguzkia justu bere bizitzaren erdian dagoela eta beste 5 mila milioi urtez jarraituko duela aktibo.

Zientzialariek izarren bizitzari eta iraupenari buruz dakitenaren arabera, Eguzkiak 5.000 milioi urte barru agortuko du barnean duen hidrogenoa, fusio nuklearra mantentzeko erregai bezala erabiltzen duena.

Lurrak izango duen lehen arazo nagusia Eguzkiaren argitasuna % 10 handituko dela izango da; hori 800 milioi urte barru gertatuko omen da. Hortik aurrera, tenperatura igotzen joango da Lurrean eta erradiazioa ere gero eta handiagoa izango da; horren eraginez, landareek ezingo dute fotosintesia egin eta gaur egun ezagutzen ditugun landare-bizitza guztia desagertu egingo da.

Lurburu edo poloetan geratuko dira bizitzaren azken hondarrak, baina, poliki-poliki, biosferako izaki bizidun guztiak hil egingo dira, Eguzkiaren aktibitatearen eraginez. Hau da, bizitza bera ahalbidetu zuen izarrak berak ekarriko du bizi-forma guztien amaiera.

Gauzek honela jarraituko dute beste 4.000 milioi urtez, eta geroago Eguzkiari erregai guztia agortu egingo zaio. Ordurako, Lurra erabat erreta egongo da, laba-itsaso bat bihurtuta, 2.000 gradu zentigradotan.

Orduan, Eguzkia erraldoi gorri bat bihurtu eta bere tamaina asko handituko da, orain duena baino 250 aldiz handiagoa izan arte. Horrek esan nahi du Eguzki-sistemako barne-planetak –Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte– irentsi egingo dituela.

Ezin da jakin gizakien etorkizuna nolakoa izango den eta, zehazki, gizakion ezagutza tekniko eta zientifikoa aski izango ote den gure galaxiako beste leku bizigarriren batera joateko, gure Eguzkitik ihesi. Ez baitago zalantzarik Eguzkia bera eta gure Eguzki-Sistema noizbait desagertzera kondenatuta daudela.