Wikipedia, Entziklopedia askea

Gizaki

Gizakiak: gizona eta emakumea.

Gizakia (pertsona ere esaten zaio) Homo sapiens espezieko kidea da. Iraganean, hamabost bat espezie izan ziren Homo generokoak, baina gaur egun Homo sapiens (gure giza espeziea) da geratzen den bakarra. Biologiaren sailkapenean, gizakia primateen ordenan kokatuta dago, tximinoak, txinpantzeak edo gorilak bezala. Txinpantzeak omen dira gizakiaren ahaide bizirik hurbilenak. Nolanahi, primateen arbaso komunak duela 63 milioi urte inguru bizi izan ziren.

Gizakien ezaugarririk aipagarrienak honako hauek dira:

  • Animalia sozialak dira, hau da, taldeka bizi ohi dira. Elkarri laguntzen diote eta elkar babesten dute. Seme-alabak zaintzen dituzte.
  • Bi hankatan ibiltzen dira.
  • Oso burmuin konplexua dute, beste tximino biziena baino askoz handiagoa.
  • Hizkuntza erabiltzen dute, ideiak osatzen dituzte eta emozioak sentitzen dituzte.
  • Burmuin horrek, eta besoak ibiltzeko beharrezkoak ez izateak, tresnak erabiltzeko aukera ematen die gizakiei. Gizakiek beste edozein espeziek baino askoz ere tresna gehiago erabiltzen dituzte.
  • Kontinente guztietan aurkitzen dira. Gaur egun, 11 mila milioi pertsona baino gehiago bizi dira Lurrean.

Nolakoak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiek garatzeko eta heldu-adinera iristeko denbora luzea behar izaten dute jaio ondoren. Haien bizitza ez dago instintu edo senaren mende, beste animaliekin gertatzen den bezala, baina bai ikastearen mende. Gizakiek beste ugaztunek baino gutxiago garatuta dute burmuina jaiotzen direnean; hori dela eta, haurtzaro oso luzea izaten dute, eta, ondorioz, familia-bizitza oso garrantzitsua da. Arrazoi on bat dago jaiotzean garuna gutxiago garatuta edukitzeko: garunak hobeto garatuta egonez gero, handiagoak izango lirateke, eta horrek asko zailduko luke erditzea; izan ere, jaiotzean, leku estu samarretik pasatu behar du haurtxoaren buruak, amaren pelbisean barrena.

Animalia askok zeinuak eta soinuak erabiltzen dituzte elkarrekin komunikatzeko. Baina gizakiek sistema konplexuagoa dute: hizkuntza. Hitzak erabiliz, gai dira pentsamenduak osatzeko, ideia abstraktuak egiteko eta besteei jakinarazteko. Hau da, hizkuntzaren bidez, bertan ez dauden gauzak adieraz ditzake gizakiak, edo une horretan gertatzen ari ez diren gertaerez hitz egin dezake. Gauzak beste nonbait egon daitezke, eta gertaerak beste leku edo denbora batean ere gerta daitezke. Animalia ezagunek ez dute giza hizkuntza bezain komunikazio-sistema landua. Hitzen bitartez, gizakiek komunitate konplexuak egiten dituzte, lege, tradizio eta ohiturekin. Gizakiei inguruko mundua ulertzea gustatzen zaie; hori dela eta, gauzak mitoen, zientziaren eta filosofiaren bidez azaltzen saiatzen dira. Gauzak ulertu nahiak aurkikuntza garrantzitsuak egiten lagundu die gizakiei.

Gizakiak dira gaur egun sua erabiltzen dakiten, janaria prestatzen eta arropa janzten duen espezie bakarra. Beste edozein animaliak baino teknologia gehiago erabiltzen dute. Bestalde, gauza ederrak ere gustatzen zaizkie, eta artea, literatura eta musika asmatu dituzte horretarako.

Gizakien jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak animalien erreinuaren parte dira. Ugaztunak dira, eta horrek esan nahi du kumeak erditzen dituztela, narrastiak edo hegaztiak bezalako arrautzak errun beharrean, eta emeek amaren esneaz elikatzen dituzte ume txikiak. Gizakiak primateen ordenakoak dira, gorilak eta orangutanak bezala. Gizakien hurbileko ahaide biziak txinpantze espezie biak dira: txinpantze arrunta eta bonoboa. Zientzialariek gizakien eta txinpantzeen geneak aztertu dituzte, eta haien DNA alderatu dute. Ikerketek erakutsi dute gizakien eta txinpantzearen DNA %95etik %99ra berdinak direla.

Gizakien eta beste tximinoen arteko antzekotasuna azaltzeko, biologoek arbaso komun batetik datozela esaten dute. 2001ean, hominido baten burezurra aurkitu zuten Txad izeneko herrialdean, Afrikan. Burzurrak 7 milioi urte inguru ditu, eta Sahelanthropus tchadensis izenarekin sailkatu dute. Garezur horrek erakutsi dezake gizakiak ientzialariek lehenago pentsatu baino 2 milioi urte lehenago hasi zirela beste primate batzuetatik eboluzionatzen (modu desberdinean garatzen).

Gizakiak Homininino deritzon subfamilia baten parte dira, hominidoen edo tximino handien familiaren barruan. Aspaldi, beste hominino mota batzuk ere bazeuden Lurrean. Gizaki modernoak bezalakoak ziren, baina ez berdinak. Homo sapiens da gaur egun bizirik dagoen hominino bakarra. Homo generoko lehen fosil ezagunei Homo habilis (gizon praktikoa) deitu izan zaie. Homo habilisen lehen fosilak Tanzanian aurkitu zituzten. Uste da duela 2,2 eta 1,7 milioi urte bitartean bizi izan zirela Homo habilisak.

Gizaki modernoaren arbaso izan litekeen beste giza espezie bat Homo erectus delakoa da. Homo generoko beste espezie batzuk galduta daude gaur egun. Horietako asko, seguru asko, gure lehengusuak ziren, gure arbasoek ez bezala garatu baitziren. Saharako ponpa izeneko teoria bat erabili da azaltzeko nola landare eta animalia espezie batzuk Afrikatik Ekialde Hurbilera lekualdatu ziren, hasieran, eta gero beste leku batzuetara; lehen gizakiak ere modu berean mugituko ziren Afrikatik munduko beste leku batzuetara.

Afrikatik nola zabaldu zen?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mapa honek gizakia nola zabaldu zen erakusten du.

Lehen gizaki modernoak duela 200.000 eta 130.000 urte bitarte agertu zirela dirudi. Lehen gizaki hauek geroago Afrikatik kanpora zabaldu ziren. Horrela, antza denez, duela 90.000 urte inguru, Eurasiara eta Ekialde Hurbilera iritsi ziren. Eremu horretan bizi izan ziren Neandertalak (350.000 urtez, gutxienez).

Duela 42 eta 44.000 urte inguru, Homo sapiensak mendebaldeko Europara iritsi ziren, Britainia Handia barne. Europan eta mendebaldeko Asian, Homo sapiensek neandertalak ordezkatu zituen duela 35.000 urte inguru. Ez da oso ondo ezagutzen zergatik gertatu zen hori.

Garai bertsuan iritsi ziren Homo sapiensak Australiara ere. Aldiz, askoz geroago iritsi ziren Ameriketara, duela 15.000 urte inguru. Gizaki modernoaren aurreko talde horiek guztiak ehiztari-biltzaileak ziren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus beste artikulu hauek: