Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Pirritx, Porrotx eta Marimotots Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez aktoreek osaturiko pailazo hirukotea da. 1987ko abenduaren 24an sortu zen, Lasarte-Orian.

Pailazo taldeak bilakaera izan du. Gaur egun Pirritx, Porrotx eta Marimotots izenarekin ezagunak badira ere, bere garaian Takolo, Pirritx eta Porrotx bezala hasi ziren. Hasieran hiru pailazoak mutilak ziren eta gaur egun hirutik bi, neska dira.

Entzun Pirritx, Porrotx eta Marimototsen informazioa
Pirritx Porrotx Marimotots

Zer egiten dute?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
   Ba al dakizu   
2010. urtean Pirritxen seme-alabak jaio ziren, Pupu eta Lore izeneko bikiak.

Urtero Euskal Herriko hiri eta herrietara joaten dira euskarazko ikuskizunak eskaintzera. Euskara eta alaitasuna batuz, urtero gai jakin bati lotutako antzerki-ikuskizun berri bat sortzen dute. Antzerkiarekin batera, kantua eta dantza erabiltzen dituzte ikusleei transmititu nahi dizkieten balioak adierazteko.

Gidoiak sortzerako orduan, gizartea kontuan hartzen dute, gai sozialak landu nahi dituztelako. Lantzen dituzten gaien artean elikagaien kalitatea eta jatorria, ekologia, kultur-aniztasuna, etorkinen egoera eta familia-ereduak aurki ditzakegu. Mezu baikorrak eta eraikitzaileak proiektatzen dituzte lantzen dituzten gaien inguruan, hori baita haien lanaren helburua.


Zer eskaintzen dute?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzeneko antzerki-ikuskizunez gain, baliabide desberdinak erabiltzen dituzte haien lana eta mezua transmititzeko. Haurren aisialdirako materialak sortzen dituzte umeek bakarka, familiartean edota lagunartean denbora atsegina pasatzeko asmoarekin.

DVDa

Musika-diskoa eta DVD

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtero musika-disko bat prestatzen dute. Disko hau aukeratutako gaiarekin bat dator, eta antzerkiarekin lotutako ipuinak eta abestiak biltzen ditu. Adibide batzuk, Kuikui, Musua, Bizi Dantza, Amaren Intxaurrak eta Ez gara jaitsiko dira.

Halaber, DVD bat kaleratzen dute egiten dituzten antzerkiekin eta landu duten gaiarekin zerikusia duen erreportajeren batekin. Honen adibide Ongi etorri Pupu eta Lore, Maite zaitut, Zazpikoloroa eta Eskerrikasko dira.

Familien karta jokoa


Ipuinak eta jolasak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur txikientzako ipuinak ere egiten dituzte. Kartoizkoak izaten dira, eta familia, sexualitatea, eskuzabaltasuna, maitasuna eta laguntasuna bezalako gaiak lantzen dituzte. Hauetako batzuk Piratak, Gure familia eta Irri dantza dira.

Horrez gain, Pirritx Porrotx eta Marimototsen mahai-jokoak ere badaude. Familian edo lagunartean aritzeko karta jokoak eta puzzleak daude, hala nola animalien bikote kartak, familien kartak eta hainbat puzzle.


Irrien Lagunen Kluban parte hartu nahi duzu?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen antzerkia

Pupu eta Loreren jaiotzarekin, Irrien Lagunen Kluba sortu zuten. Bertan Euskal Herriko haurrek Pupu eta Lore hezten laguntzea nahi zuten. Hortaz, hezteko hurrengo balioak sustatu nahi zituzten: osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna. Balio bakoitzarentzat pertsonai bat sortu zuten: Tiritatxo medikua, Largabista basozaina, Mari Kalanbre eta amona Mari Txinparta, Martin Bertso, Ane Pirata eta Patakon.

Ekimen honek Irria[1] izeneko aldizkaria sortu du, 2 eta 8 urteko haurrei zuzenduta dagoena. Haurrentzat interesgarriak diren gaiak biltzen ditu eta kolorez beteta dago. Bere helburua euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta umeak balore aurrerakoietan heztea da.

  1. «Aldizkaria» Irrien Lagunak (Noiz kontsultatua: 2022-12-23).