Urbanizazio (prozesua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Urbanizazioaren tamaina munduan 2015ean.

Urbanizazioa hirien kopurua, tamaina eta biztanleria handitzeko prozesu historikoa da. Prozesu horretan, biztanleak eta jarduera ekonomikoak hirietan kontzentratzen dira, eta, horren ondorioz, hirien kopuru eta tamaina ere handitu egiten dira.

Nola hasi zen urbanizazio prozesua?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurreko gizakiak ez ziren hirietan bizi. Ehiztariak eta biltzaileak ziren eta, beraz, leku batetik bestera mugitu behar izaten zuten etengabe janaria aurkitzeko; hau da, bizimodu nomada zuten. Duela 10.000 urte inguru, ordea, gizakiek landare elikagarriak nola ugaldu ikasi zuten; nekazaritzaren hasiera izan zen. Horri esker, ez zuten hainbeste mugitu behar janaria aurkitzeko, eta, bide horretatik, lehen herrixka edo bizigune finkoak sortu ziren, beti ere erreka edo ibaietatik hurbil, edateko eta lurra erregadiatzeko ura lortzearren. Sedentarismoa deitzen denaren hasiera zen.

Nekazaritzaren teknikak hobetu zirenean, janari-soberakinak lortzen hasi ziren; hau da, familia edo gizatalde bakoitzak bizirauteko behar zuen baino janari gehiago lor zezakeen, bai beraientzat eta baita beraien abereentzat ere. Era horretan, ez zen beharrezkoa mundu guztia nekazaritzan edo abeltzaintzan jardutea; beste ogibide batzuk jaio ziren, eta soberakinen eta beste ogibide horien produktuen salerosketarekin, merkataritza sortu zen. Horrek denak komenigarri bihurtu zuen biziguneak eta haien biztanle-kopurua handitzen joatea.

Lehen hiriak Neolito garaian (duela 7.500 urte) sortu ziren, ibai handien ondoko haranetan Mesopotamian, Tigris eta Eufrates ibaien artean; Indian, Indus ibaiaren ondoan; Egipton, Nilo ibaiaren aldamenean; eta Txinan, Ibai Horiak zeharkatutako haranetan.

Hirietako biztanleen kopurua handituz joan zen etengabe, landaguneetan bizi ziren pertsonen etorrerarekin. Hirietan bizitzea seguruagoa izaten zen kasu askotan, hiriak hobeto babestuta egoten zirelako; gainera, hiriak handitu ahal izateko ere gero eta lan-esku gehiago behar izaten zen, lan eta aukera gehiago egoten zirelako herrietatik iritsitakoentzat.

Urbanizazio-prozesua gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urbanizazio-prozesuaren bilakaera eremu desberdinetan.

XIX. mendearen hasieran, munduko biztanle guztien % 2a besterik ez zen bizi hirietan; gaur egun, aldiz, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago bizi da hiriguneetan; eta badirudi XXI. mendearen erdialderako, % 70eraino iritsiko dela. Prozesu hau herrialde guztietan gertatzen ari da, baina ez da berdin gertatzen ari herrialde aberatsetan eta herrialde pobreetan:

  • Herrialde aberatsetan, biztanle gehienak hirietan bizi dira jada, duela 200 urte inguru industria-iraultzarekin hasitako urbanizazio-prozesuaren ondorioz. Herrialde hauetan, hirietako garapen ekonomikoaren ondorioz, landa-eremuetan bizi ziren biztanle asko hirietara joan ziren bizitzera eta lan egitera. Gaur egun, Amerikak eta Europak % 70etik gorako urbanizazio-maila dute. Herrialde hauetako hirietako biztanle-kopuruak handitzen jarraitzen du, baina nahiko erritmo motelean. Urbanizazio-prozesu hori, gainera, nahiko ondo antolatu eta arautu ahal izan da, eta hiri horiek etxe eta zerbitzu egokiak eskaintzen dizkiete biztanleei, modu duinean bizi ahal izateko.
  • Herrialde pobreenetan, berriz, urbanizazio-prozesua askoz berriagoa eta azkarragoa da. Bi arrazoirengatik gertatzen ari da: hazkunde demografiko orokorragatik eta landa-eremuetako immigrazio}} handiagatik. Bi arrazoirengatik gertatu da: hazkunde demografiko orokorragatik eta landa-eremuetako immigrazio handiagatik. Asian eta Afrikan munduko urbanizazio-mailaren bataz bestekoaren azpian daude, baina maila hori oso azkar ari da igotzen; horrenbestez, 2020/2030 bitarterako biztanleriaren % 50era iritsiko dela espero da. Bestalde, herrialde hauetan, askotan, antolaketarik eta arauketarik gabe ari da gertatzen urbanizazio-prozesua. Horren eraginez, hiri hauetako zati asko kalitate oso txarreko etxolez edo "infraetxe" deitzen direnez beterik daude, ia inolako zerbitzurik gabe. Horren guztiaren ondorioz, herrialde pobreetako hiri hauetako biztanleek arazo handiak dituzte bizimodu duina edukitzeko.

Urbanizazioaren alde onak eta txarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manila hiriko txabola-auzo bat.

Urbanizazioak izan ditzake alde on batzuk:

  • Lagungarria izaten da herrialdeen ekonomia orokorrerako.
  • Biztanleek bizi-kalitate handiagoa izan eta zerbitzu hobeak lor ditzakete.
  • demografiaren gehiegizko hazkundea moteltzen lagun dezake (ugalkortasun-tasa eta heriotza-tasa txikiagoak izaten dira hiriguneetan).
  • Onuragarria izan daiteke landaguneen garapenerako ere.

Baina, aditu askoren ustez, bereziki gutxi garatutako herrialdeetan duten urbanizazio-prozesu azkarrak ondorio oso txarrak ditu:

  • Eragin oso kaltegarria izaten ari da ingurumenean eta biztanleen bizi-kalitatean.
    • Megahiriek ur-behar ikaragarri handiak izaten dituzte.
    • Energia-kontsumo handiak izaten dira.
    • Birtziklatzen ez diren hondakin kopuru oso handiak eragiten dituzte.
  • Hirietako pobrezia handitzen ari da.
  • Desberdintasun sozial handiak gertatzen ari dira eta horrek delinkuentzia eta kriminalitatearen igoera eta bestelako arazo sozial ugari eragiten ditu.