Uholde-lautada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gasteizko Lopida herriaren inguruan Zadorra ibaiak gainezka egiten duenean sortutako uholdeen itzulerako denbora tartea.
Gorriz, 100 urteko itzulera: 100 urtean behin ur azpian geratuko dela aurreikusi den eremuaren muga.
Laranjaz, 500 urteko itzulera: 500 urtean behin ur azpian geratuko dela aurreikusi den eremuaren muga.
Urdinez, Zadorra ibaia.

Uholde-lautada[1] ibaien alboetan dagoen eremu laua da, uholdeek urperatzen dutena. Lautadaren sortzaileak uholdeetan jalkitako sedimentuak izaten dira. Uholde-lautada oso leku garrantzitsua da, emankortasun handikoa delako, basabizitzarentzat habitat garrantzitsuak eskaintzen dituelako, eta, ur-goraldietan ura hartzen duenez, ibaian behera gerta litezkeen kalteak murrizten dituelako. Lautadaren lur-erabileraren kudeaketari dagokionez, hainbat urtetako (100, 500, 1.000) errepikatze-denbora duten uholdeek estaltzen duten zabalera hartzen da kontuan.[2] Batzuetan, argi eta garbi identifikatutako ibaietako gainezkatze-puntuak aurreikusi behar dira, urak isurtzeko lekuak eginez, dikeak kontrolik gabe hausteko arriskuak murrizteko eta ezohiko gertaeren ondorioak jasan beharrean maneiatzeko.

Alubioi lautada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak gainezka egin eta ura alboetara barreiatzen denean, ur-lasterraren abiadura mantsotzen da eta jalkinak pilatzen dira. Oro har, alubioi lautada urtean behin gertatzen da urpeturik, euri jasen sasoian.

Ibaiak gainezka egiten du eta ibilgu nagusitik irteten den ura –ur geruza mehe bat– astiro-astiro higitzen da. Uraldiak atzera egin eta ur maila beheratzen denean urak jalkin geruza mehe bat uzten du. Batez ere ibaiaren bazterretan pilatzen dira jalkinak, ibilgutik gainezka egiten duenean urak mazeletan galtzen baitu lastertasuna gehiena.

Jalkinok bazterretan pilatzen dira batez ere eta malda apaleko dike naturalak edo ezpondak eratzen dituzte denboraren poderioz. Eta ezpondak eratzen direnean, gainezka egin duen uraren parte bat ibilgura itzuli ezinik geratzen da uraldia beheratzean.

Ur horrek, ibarreko malden eta ezponden artean harrapaturik, aintzirak eta zingirak eratzen ditu aldi baterako; haietan pilatzen dira jalkin meheenak, eta baita ibaiak nahasturik daramatzan materialetatik hauspeatzen diren gaiak ere. Denboraren poderioz, alubioi lautada ibaiaren ohiko ur maila baino gorago geratzen da, eta jalkinen proportzioa gutxitzen doa pixkana-pixkana. Bada meandroaren barrualdean jalkinak metatuz sortzen den beste egitura bat ere: hondarpila meandroaren araberako bihurgune bat eratuz metatzen da. Hondar gehiago metatzean, ibaia baino gorago geratzen da hondarpila, landaredi iraunkorrak finkatua gero. Ibaiak bere ibilguaren alde ganbila janez jarraitzen du eta beste hondarpila bat eratzen du.

Lehenengo hondarpila ibaiaren ordokiaren baitan geratzen da. Gero, pixkana-pixkana, uholdeek utzitako jalkinen pean geratzen da, alde bat behintzat.

Alubioi lautadak igarotzen dituzten ibaiek meandroak edo ibilgu bihurgunetsu eta lauak eratzen dituzte. Alubioi lautadetan, jalkinak aise higatzen baitira, bihurgune zabal eta lauak eratzen dira. Meandroak, beraz, kanpoaldetik higatuz eta barrualdetik jalkinez betez doazen ibai bihurguneak dira.

Bihurgunea estutu egiten da pixkanaka, harik eta erabat itxi eta bi muturrek elkar ukitzen duten arte. Ibaiak bere bideari segitzen dio eta aintzira bat –oxbow aintzira– uzten du alde batean lehengo ibilguaren aztarna gisa; aintzira pixkanaka lehortzen da.

Alubioi lautada bat beteko bada, urak gainezka egiten duenean eremu zabal bat urpetzeko adinakoa izan behar du ibar hondoak, ibaiaren higadurak edo bestelako jalkinek eratua. Hondo zabaleko ibar bat ibaiak egindako eta gutxituz-gutxituz joandako higadura lan luze baten emaitza izaten da. Ibarraren historiaren une batean, malda apalenak zelaitzean, alubioiak metatzen hasiko ziren, eta, denboraren poderioz, alubioi lautada zabaldu ahala sakonera jakin batean metatuko ziren. Orain dela gutxi arte, ibarren hondoa zabaltzea batez ere ibaiak egiten duen higalanaren ondorio zela uste zen. Hala ere, ibar zabal batzuetan, noizbaiteko delta jalkinen gainean metaturik gelditu dira alubioiak. Bai ibarra zabaltzea bai deltako metatzea alubioi lautada bete aurrekoak ziren segur aski; ibarra zabaltzea normalagoa izaten da ibaiaren ibilbidearen erdian, eta deltako metatzea, berriz, behe-beheko aldean.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Lurralde Antolamendua Hiztegia] [2021] eta [Arkitektura hiztegia] [2020]
  2. Euskalterm: [Ingurumena Hiztegi Entziklopedikoa] [2009]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Geologia Artikulu hau geologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.