Vicente Quesada
Vicente Quesada | |||
---|---|---|---|
1834ko martxoa - | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Habana, 1782ko irailaren 19a | ||
Herrialdea | Espainia | ||
Heriotza | Hortaleza, 1836ko abuztuaren 15a (53 urte) | ||
Familia | |||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | ofizierra | ||
Zerbitzu militarra | |||
Gradua | jeneral | ||
Parte hartutako gatazkak | Iberiar Penintsulako Gerra Napoleondar Gerrak Lehen Karlistaldia |
- Artikulu hau Espainiako militarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Quesada».
Vicente Genaro Quesada Arango (Habana, 1782ko irailaren 19a – Hortaleza, Madril, 1836ko abuztuaren 15a), Moncayoko markesa, militar espainiarra izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nikaraguako gobernadorearen semea zen eta Habanan jaio zen 1782an. Karrera militarra egin zuen eta 1808an frantsesen aurkako borrokan sartu zen, Extremadurako Juntaren agindupean. Azaroan zauritu eta preso hartu zuten Burgosen. Frantziako hainbat presondegi ezagutu zituen, eta hiru aldiz ihes egitea lortu zuen. 1811ko irailean penintsulara iritsi eta Espainiako tropekin bat egin zuen.
Fernando VII.ak brigadier izendatu zuen Independentziako Gerran izandako merezimenduengatik, eta Kadizko Konstituzioaren alde egiteagatik erbesteratuak edo zigortuak izan ziren militar liberalen artean ez egoteagatik. Santandergo gobernadore izendatu zuten halaber.
Hirurteko Liberalean Frantziara ihes egin zuen, Urgeleko Erreginordetzako eta Egia jeneralaren konspiratzaileekin bat eginez. Armada errealistako burua izan zen Nafarroan, eta han Tomas Zumalakarregi ezagutu eta bere aginduetara izan zuen. Liberalak menderatu eta Fernando VII.a errege absolutu bezala agintera itzuli ondoren, teniente jeneral izendatu zuten.
Hurrengo urteetan jarrera itxienetatik aldentzen joan zen. 1833an, Maria Kristinak Erreginaren Guardiako infanteriako komandante jeneral izendatu zuen, militar errealistak eta Don Karlosen jarraitzaile izateko susmagarriak zirenak gorputz horretatik kanporatzeko zereginarekin. Erregin gobernatzaileak Moncayoko markes titulua eman zion.
Valdésen ordez jarri zuten Iparraldeko armadako buru, baina, bere aurrekoak bezala, porrot egin zuen euskal lurraldeak baketzeko ahaleginetan. Zumalakarregi jeneral karlistaren anaia Migel Antonioren bidez hura Don Karlosen armada uzteko konbentzitzen saiatu zen, trukean gatazkako lehen hilabeteetan izandako jarreragatik inolako zigorrik jasoko ez zuela aginduz. Quesadaren eta Tomas Zumalakarregiren arteko gutun bidezko harremana gaizki bukatu zen, liberalak bere azken gutuna "Zumalakarregi bidelapurren buruzagiari" zuzendu ondoren. Oldarraldi ezin gogorragoa hasi zuen Quesadak orduan, epaiketa sumarioen ondorengo fusilamenduak aginduz, eta borroka errukigabe bati ekinez.
1834ko ekainean Quesadaren ordez Rodil jarri zuten Iparraldeko armada liberaleko buru, eta Quesada Madrilera bidali zuten Erreginaren Guardiako komandante jeneral eta Gaztela Berriko kapitain jeneral izendatuta. 1835eko abuztuan Madrilgo Hiri Milizien altxamendua zapuztu zuen. Handik urtebetera beste altxamendu bat egon zen La Granjan, eta orduko horretan ez zuen matxinada zapuzterik lortu. Ihes egin zuen Madrildik, baina atxilotu egin zuten Hortalezan. Han preso zela, jende olde bat iritsi zen eta ordura arte eragin handiko militar eta politikaria izandako Vicente Quesada bertan hil eta txiki txiki egin zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. ON SEBASTIAN INFANTEA. Gipuzkoakultura.[Betiko hautsitako esteka] CC-BY-SA lizentziapean eginiko lana.