Welwitschia mirabilis
Welwitschia mirabilis | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Familia | Welwitschiaceae |
Generoa | Welwitschia |
Espeziea | Welwitschia mirabilis |
Banaketa mapa | |
Welwitschia mirabilis gimnospermoen espezie bat da, Welwitschia generoan dagoen bakarra[1]. Jatorriz, Hegoaldeko Afrikakoa da, zehazki Namib basamortukoa, (Angolan eta Namibian). "Fosil biziduna" kontsideratzen da[2].
Zaila da landarearen adina zehaztea baina 1.000 urte inguru hartu ohi dute[2] eta 2.000 urtetik gora dituzten landareak ere izan daitezkeela pentsatzen da.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1859an Friedrich Welwitsch botanikari austriarrak aurkitu zuen eta bertako izena n'tumbo izanik botanikariak berak Tumbo izena proposatu zuen eta ingelesez "tree tumbo" ere esaten zaio[3]. Welwitschen oharrak eta Thomas Bainesen irudiak hartuta 1862. urtean Linnean Society of London elkarteko Joseph Dalton Hookerrek deskribatu zuen landarea eta Welwitschen izena eman zion[4].
Basamortuko leinuek beste izen batzuk ere ematen dizkiote, kharos edo khurub nameraz, tweeblaarkanniedood afrikaansez, nyanka damaraz, eta onyanga hereroeraz.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie mototipikoa da eta bi azpiespezie ditu: angolarra eta namibiarra[1].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basamortura egokituriko landarea da Welwitschia. Enbor labur eta lodia du eta bi hosto soilik ateratzen zaizkio. Hazia hizoten denean ateratzen zaizkion kotiledoiak dira, 25-35 mm hartzerakoan hosto bihurtu eta etengabe hazten doazenak 4 metro inguru hartu arte[5]. Hostoen puntak zatikatzen doaz haizearen eraginez hazten doazen heinean[6]. Hostoetan dituen egitura bereziei esker ihintzeko ura xurgatzen du[3].
Landareak ez du 1'5 metrotik gorako altuera hartzen baina hostoek hondarraren gainean hartzen duten azalera 8 metroko diametrokoa izatera iristen da[7].
Sustraiak nahiko azalekoak izaten dira eta hostoei jarraitzen diete lurpean.
Ugalketa eta landaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare dioikoa da, hau da, landare emea eta landare arra daude. Pinaburu itxurako estrobiloak ditu eta euliek eta hemipteroek polinizatzen dute. Probergrothius angolensis da Welwitschiatan gehien ikusten den intsektua baina ez da frogatu polinizatzailea denik. Jakina da emeek eta arrek sortzen duten nektarrak erakartzen dituela intsektuak[8].
Hazi bidez ugaltzen da. Haziak hezetasun maila txikiarekin eta tenperatura baxutan gorde behar dira, bestela usteltzeko arriskua egon baitaiteke. Behin ereinda hezetasuna eman behar zaio aurreneko bi astetan, harik eta ernetzen den arte.
Sarritan haziak Aspergillus niger onddoaren esporekin kutsatuta egoten dira eta hazia hozitu ondoren usteltzen hasten da[9].
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Namib basamortuaren barnean dagoen Kaokoveld kostaldeko eremuan aurkitzen da Welwitschia, Bentiaba ibaiaren (Angola) eta Kuiseb ibaiaren (Namibia) artean. Kostaldetik 100 kilometro barnerantzko zatian aurkitzen da[6]. Kostalde hau oso lehorra da, ia 0 mm prezipitazio izaten dira urtean. Ur iturri bakarra goizetako ihintza izaten da[10].
Kontserbazioa eta babesa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Welwitschia mirabilis-en populazioa nahiko egonkor mantentzen da gaur egun. Angolan Namibian baino babestuago daude lurreko mina ugari baitaude inguruetan eta biltzaileak uxatzen baitituzte[11].
Dena dela baldintza oso zehatzak behar dituzte eta nitxo ekologiko murritza eta zaurgarria dute. Welwitschiaren biriraupen luzea abantaila handia da ugaldu ezin den garaiak jasateko baina gainlarratze eta gaixotasunen aurrean ez du babesik ematen. Onddoek ere emeen konoak erasotzen dituzte.
Beste mehatxu batzuk errepidez kanpo dabiltzan ibilgailuak, landare biltzaileak eta zebra, errinozero eta etxabereak dira[12].
Sinboloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Namibiako sinboloa da eta haren armarrian agertzen da[13]. Aurrez Hego-mendebaldeko Afrika (Hegoafrikako administrazioaren menpeko Namibia, 1915-1990) izan zenaren armarrian ere agertzen zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Angiosperm Phylogeny Website» www.mobot.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
- ↑ a b A. Lewington & E. Parker. (1999). Ancient Trees: Trees that Live for a Thousand Years. Collins & Brown Ltd. ISBN 1-85585-704-9..
- ↑ a b «Welwitschia mirabilis (tree tumbo) | Plants & Fungi At Kew» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
- ↑ Welwitsche, Frederick. (1861). Extract from a letter, addressed to Sir William J. Hooker, on the botany of Benguiela, Mossameded, &C, in Western Africa. Journal of the Proceedings of the Linnean Society. Botany. 5 (20):, 182–186 or..
- ↑ (Ingelesez) Singh, V. P.. (2006). Gymnosperm (naked seeds plant) : structure and development. Sarup & Sons ISBN 978-81-7625-671-1. (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).
- ↑ a b Bornman, Chris. (1978). Welwitschia. Cape Town: Struik ISBN 0-86977-097-7..
- ↑ Bornman, C.H., J.A. Elsworthy, V. Butler eta C.E.J Botha. (1972). Welwitschia mirabilis: Observations on general habit, seed, seedling, and leaf characteristics. Madoqua Series II 1:, 53-66 or..
- ↑ Wetschnig W, Depisch B. (1999). Chrysomya albiceps Pollination biology of Welwitschia mirabilis HOOK. f. (Welwitschiaceae, Gnetopsida). Phyton: Annales Rei Botanicae. 39:, 167 or..
- ↑ Cooper-Driver, G.A., C. Wagner and H. Kolberg. (2000). Patterns of Aspergillus niger var. phoenicis (Corda) Al-Musallam infection in Namibian populations of Welwitschia mirabilis. Hook. f. Journal of Arid Environments 46:, 181-198 or..
- ↑ Henchel, J.R. eta M.K. Seely. (2000). Long-term growth patterns of Welwitschia mirabilis, a long-lived plant of the Namib Desert (including a bibliography). Plant Ecology 150:, 7-26 or..
- ↑ «Welwitschia mirabilis (tree tumbo) | Plants & Fungi At Kew» web.archive.org 2016-03-04 (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
- ↑ «Plants & Fungi: Welwitschia mirabilis (tree tumbo) - Species profile from Kew» web.archive.org 2013-06-12 (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
- ↑ «Namibian Coat of Arms» www.crwflags.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-25).