Yeismo
Yeismoa (gaztelaniazko yeísmo izenetik dator; hizkuntza hartan, i greko letrak bi izenok ditu: i griega —i grekoa— eta ye) esaten zaio /ʎ/ eta /ʝ̞/ fonemak ahoskatzean ez bereizteari; alegia, hizkuntza batzuetan <ll> grafiaz idazten den <l> bustia /ʎ/ ahoskatu beharrean, <y> (/ʝ̞/) ahoskatzeari. Bereizketa hori galdutakoan, hiztunak bi fonemen arteko aldea neutralizatu egiten du, sistematikoki /ʝ̞/ bakarrik eginez. Neutralizazio fenomenoa oso ohikoa da hizkuntzetan: ahoskatzerakoan oso hurbil dauden bi fonemaren arteko ezberdintasuna modu sistematikoan galtzean datza.
Egungo Hego Euskal Herriko euskaldun askoren mintzoan nabari da, gaztelaniaren eraginez: izan ere, hizkuntza hartan hiztun gehienek berdin esaten dituzte calló ("isildu zen", "isildu zuen", berez /ka'ʎo/ direnak) eta cayó ("erori zen", "erori zinen", /ka'ʝ̞o/ ahoskatuak) bezalakoak, guztiak ere /ka'ʝ̞o/ ebakita, eta huya ("alde egin dezadan", "alde egin dezan") eta hulla ("harrikatz, huila") bezalakoak. Hori dela eta, euskarazko yeismoa egiten duten hiztunek Semea bigarren mailan dago eta Semea bigarren mahaian dago esaldiak berdin esaten dituzte, hots, /'s̺eme'a 'bi'γaren 'ma'ʝ̞an da'γo/. Euskal yeismoa, bada, <l> bustia ahoskatu beharrean (hau da, /ʎ/) <y> erdikontsonantea ahoskatzean datza, hots, /ʝ̞/: mutila > *mutiya; mila > *miya; abila > *abiya; biribila > *biribiya... eta abar.
Euskalki askotan, Hego Euskal Herrian bereziki, <i> bokalaren osteko /l/ fonemaren atzetik beste bokal bat datorrenean, ia beti palatalizazioa gertatzen da: mutilla, milla, abilla, biribilla... ahoskatu izan da /ʎ/ fonema (baina pila /'pila/ da, "bateria" esan nahi duenean, eta /'piʎa/, "kopuru handia" bada): horrelako /l/-dun salbuespenak gorabehera (filamentu, filantropo, filosofia, ileo, kilo, lila, milonga, Nilo, pileo, xilofono...), palatalizazio horren ordainetan <y> erdikontsonantea ebakitzen duenak yeismoa egiten du. Kokaleku berean, antzeko sabaikaritzea (/n/ > /ɲ/ bilakatzea, alegia) gertatzen da usu Hego Euskal Herriko euskalki horiexetan, /n/ fonema <i> bokalaren ondoren eta beste bokal baten aurretik doanean: mina ("oinazea"), fina, dinat, arina, adibidez, /'mi'ɲa/, /`fi'ɲa/, /di'ɲat/, /a'ɾi'ɲa/ ahoskatzen dituzte hiztun gehienek, eta egin, egina, eginik, eginda bezalakoak /'e'γin/ (edo /'e'γiɲ/ sabaikariduna), /e'γi'ɲa/, /e'γi'ɲik/ eta (berriz ere, egina bezalaxe), /e'γi'ɲa/ ahoskatzen dituzte, salbuespenak dauden arren: mina (/'mi'na/, "lehergailua"), inauguratu, txinatar, minigona bezalako maileguak.
Beste zenbait hizkuntzatan ere fenomeno fonetiko-fonologiko bera nabari da: katalanez, portugesez, italieraz, galizieraz... bai eta hungarieraz ere, hizkuntza hartan /ʎ/ soinu sabaikaria, <lj> digramaz irudikatzen dena, dialekto batzuei baitagokie, eta hungariera estandarrean galdua da, /ʝ̞/ soinuak ordezkatuta. Hizkuntza horiek ere albokari bustiak, albokari hurbilkariak-eta dituzte (hizkuntza erromanikoetan, honelako soinuak atzeman daitezke: ([ʝ̞]~[ɟ͡ʝ]~[ʤ]~[ʒ]~[ʃ]).
Euskaltzaindiaren gomendioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaltzaindiak, 87. arauan,[1] euskarazko ahoskera zainduaz honako hau esaten du:
| « | VII. <il, in> letra bilkura hauek <(i)ll> eta <(i)ñ> (hala nola: mila milla edo mailua mallua, bina biña edo baino baño) ahoskatzen diren euskalkietako hiztunengan bustikuntza hori ahoskera zainduan ere egoki da (ahoskera zaindua <ll> —milla— da eta ez <y> — miya—). Bustikuntza hori ez duten euskalkietako hiztunengan, noski, bustidurarik gabea izango da ahoskera zaindua ere (hala nola: mila mila edo mailua mailua, bina bina edo baino baino). VIII. <j> letraren euskarazko ahoskera oinarrizkoa <y> da eta hori da hizkera zaindurako hobesten den ahoskera oro har. Halaz ere eta beraz:
|
» |
—Euskaltzaindia. 87. araua[1] | ||
Euskaltzaindiak, beraz, ahoskera zainduan yeismoa saihesteko aholkua ematen du: «ahoskera zaindua <ll> —milla— da eta ez <y> —miya—».
Ikus, halaber
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Euskaltzaindia. 87. araua: Euskara Batuaren ahoskera zaindua. (kontsulta data: 2019-05-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |