Yersiniosi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Yersiniosi
Deskribapena
Mota infekzio bakteriano primarioa
Espezialitatea infektologia
Arrazoia(k) Infekzio
Sintoma(k) sukarra, beherakoa
tripako mina
Honen izena darama Yersinia
Identifikatzaileak
DiseasesDB 14218
MeSH D015009
Disease Ontology ID DOID:3300
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Yersiniosia Yersinia enterocolitica bakterioak eragindako hesteetako patologia da (enterokolitisa), zoonosi bat dena (animaliengandik gizakiengana transmititzen den gaitza). Ur edo janari kutsatuen bidez (pasteurizatu gabeko esnea, ostrak eta -batez ere- txerri haragia edo txerrikien bidez) harrapatzen da [1].

Europan yersiniosi kasuak areagotzen ari dira azken urteotan. Belgikan eta Alemanian, esaterako, Yersinia enterocoliticak Shigellak baino gastroenteritis gehiago sortzen ditu. Yersiniosiaren kasuak ugariagoak dira lurralde hotzetan beroetan baino (Europako iparraldean, adibidez) [2], bakterio eragilea hobeto hazten baita tenperatura bajuetan.

Yersiniosiak ume txikiak -batik bat- jotzen ditu.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yersinia enterocolitica animalien digestio-aparatuan bizi ohi da. Gizakia kutsatzen da animalien okela edo esnea hartzerakoan (pasteurizatu gabeko esnea edo sukaldean oso gutxi kozinaturiko haragia jaterakoan). Txerrien okela, batez ere, arriskutsua da oso gordin jaten denean.

Infektatzen duenean, Yersinia enterocolitica erraz atxikitzen da heste-epiteliora, eta enterotoxina bat ekoizten du, termoegonkorra, sindrome diarreikoa eragiten duena. Antza, bakterioak plasmido bati zor dio bere birulentzia (plasmidodunak ez diren anduiak ez baitira patogenoak).

Sintoma klinikoak eta tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umeengan bakterio patogenoak beherakoak, sukarra eta sabeleko mina eragiten ditu (gorozkiak odoltsuak izan daitezke). Mina oso bortitza da batzuetan, eta apendizitis batekin nahas daiteke. Hainbat kasutan bakteriemia, adenitis mesenterikoa eta poliartritis erreaktiboa agertzen dira [3].

Gaitza berez sendatu ohi da eta gehienetan ez du antibiotikorik behar. Bakteriemia, adenitis mesenterikoa edo beste konplikazioren bat agertuz gero tratamendu antibiotikoa, aldiz, ezinbestekoa da (doxiziklina).

Gizabanako eramaileak (bakterio patogenoa haien heste lodian dutenak gaitzaren sintomak eduki gabe) oso arriskutsuak dira janariak manipulatzen dituztenean, eta yersiniosi kasu batzuen jatorrian daude (beste hainbeste gertatzen da Salmonella bakterioaren eramaileekin ere)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ingraham, J. eta Ingraham, C. Introducción a la Microbiología vol. 1, Ed. Reverté, 565 orr.
  2. Bourgeois, CM; Mescle, JF; Zucca, J: Microbiologia alimentaria", vol. 1, 122-127 orr, ed. Acribia
  3. Basaras, Miren; Umaran, Adelaida: "Mikrobiologia Medikoa" EHUak argitaratutakoa IBSN: 84-8373-658-6, 198 orr.