Yvan Colonna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Yvan Colonna
Yvan Colonna painted portrait DDC7903 (cropped).jpg
Bizitza
JaiotzaAjaccio1960ko apirilaren 7a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzaKorsikera
frantsesa
Heriotza15th arrondissement of Marseille (en) Itzuli2022ko martxoaren 21a (61 urte)
Hobiratze lekuaQ110334846 Itzuli
Familia
AitaJean-Hugues Colonna
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Korsikera
Jarduerak
Jarduerakartzaina eta militante politikoa
KidetzaKorsika Askatzeko Nazio Frontea
MugimenduaKorsikar nazionalismoa
Izengoitia(k)Berger de Cargèse

Yvan Colonna (Ajaccio, 1960ko apirilaren 7a - Marseilla, 2022ko martxoaren 21a)[1] Korsikako militante independentista zen. A Cuncolta Naziunalista alderdi politikoko militantea izan zen, eta militantzia polikotik urrundu zen, Korsika Askatzeko Nazio Frontea bitan zatitu zenean eta independentisten arteko hilketak gertatu zirenean. 1998an Claude Érignac prefeta hiltzea leporatu zioten, eta klandestinitatean bizi izan zen 1999tik 2003ra arte. Betiko kartzela-zigorrera kondenatu zuten.[2] 2022ko martxoan hil zen, kartzelan jasan zuen eraso baten ondorioz.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yvan Colonna irakasle bikote baten semea zen. Aita, Jean-Hugues Colonna, Frantziako Alderdi Sozialistako diputatua izan zen, Itsas Alpeak departamenduan. Ama, Cécile Riou, Bretainiakoa zen. Gaztea zela, Nizara joan zen gurasoekin, gurasoak hara joan zirelako lanera. Kirol irakasle izateko ikasketak hasi zituen, baina 1981ean Korsikara itzuli zen, aitaren sorterrira, Cargesera. Han, ahuntzak zaintzen hasi zen.

Militantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A Cuncolta Naziunalista alderdiko kide egin zen, eta Cargese eskualdeko taldeko arduradunetako bat izan zen. Talde hura omen zen erradikalenetakoa[3]. 1990eko hamarkadan, FLNC eta A Cuncolta Naziunalista alderdiaren arteko zatiketa gertatu zenean, mugimendutik pixka bat aldendu zen, bere eskualdeko gehienak bezala. Oso gaizki bizi izan zituzten militanteen arteko hilketak (FLNC Ohiko Kanala eta FLNC Kanal Historikoa talde armatuei dagokienez, eta MPA eta A Cuncolta, talde politikoei dagokienez)[3].

Anonimoen taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997ko uztailean izenik gabeko talde armatu batek Pietrosellako jendarmeriaren kontrako atentatua egin zuten. Atentatu hartan lapurtu zuten geroago Claude Erignac hiltzeko erabiliko zuten arma. Colonnari atentatu hartan parte hartzea leporatu zioten, eta 2001eko uztailaren 20an kondenatu.

Talde hark Claude Erignac Korsikako prefeta hil zuen 1998ko otsailaren 6an, Ajaccion. Atentatu hark lurrikara eragin zuen Korsikan eta Frantzian. Atentatua bere gain hartu zuen talde anonimoak Korsikako mugimendu politikoa astindu nahi izan zuten, aurreko urteetako elkarren arteko gatazka eta hilketak geldiarazteko asmoz.

Klandestinitatea eta atxiloketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poliziak urte bat baino gehiago eman zuen jakiteko zein izan ziren Pietrosellako jendarmeriaren eta Erignacen kontrako atentatuen egileak. Hainbat lagun atxilotu zituzten 1999ko maiatzaren 21ean, Cargese eskualdean. Atxilotutako batzuek adierazi zuten Yvan Colonna izan zela prefetari tiro egin ziona. Colonnak, artean atxilotu gabe zegoela, telebistari eskainitako elkarrizketa batean ukatu zuen akusazio hori, eta handik berehala ihes egin zuen. Frantziako hedabideek eta poliziak ustezko hiltzaile gisa aurkeztu zuen. Lau urtez klandestinitatean egon ondoren, 2003ko uztailaren 4an atxilotu zuten, Olmeto herrixkatik gertu, ahuntzak zaintzen ari zela.

Epaiketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colonnak hasieratik ukatu zuen Pietrosellako jendarmeriaren eta Erignacen kontrako atentatuetan parte hartu izana. Erignacen hilketan parte hartzea bere gain hartu zuten kide batzuek eman zuten haren izena hasieran, nahiz eta gero atzera egin zuten. Hori izan zen Colonnaren aurkako akusazioaren oinarri bakarra, baina horri heldu zioten Colonna kondenatzerako orduan.

Colonna hiru aldiz epaitu zuten atentatu harengatik. Lehen auzian bizi osorako kartzelara kondenatu zuten. Colonnak jarritako bi helegiteetan ere kondena hori jarri zioten. Hil arte aldarrikatu zuen errugabea zela.

Kartzelan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003tik zegoen preso Colonna, 1998an Claude Erignac prefeta hiltzea leporatuta, eta bereziki zaindutako presoen DPS estatusa zeukan. Iaztik baldintzapean aske gelditzeko aukera zuen. Colonnaren abokatu Stella Canavak 2021ean adierazi zuen bere bezeroaren kasuko erabakiak «politikoak» zirela[4].

Frantziako Justiziak Colonnak Arlesko (Okzitania) kartzelan jipoi bat jaso ostean «osasun arrazoiengatik» eten zioten zigorra 2022ko martxoaren 16an.

Frantziako legearen arabera, kartzelaldia eteteko aukera bada, baldin eta presoa hil ala biziko egoeran baldin bada[5].

Colonnaren hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko martxoaren 2an, Colonna ospitaleratu behar izan zuten, egoera oso larrian, Arlesko kartzelan erasotua izan baitzen, bertan zegoen beste preso baten partetik.[6] Hurrengo egunean, Marseilla iparraldeko ospitaleko medikuak aditzera eman zuen Colonna koman zegoela.[7]

Frantziako epaitegi antiterroristako prokuradorearen arabera hauxe gertatu zenː Kirol-gelan egin zion eraso Franck Elon Abé presoak, itotzen saiatuz. Zortzi minutuz jipoitu zuen Colonna, eta horren ondoren kartzelazainei abisatu zien, Colonna “ondoezik” zegoela esanez. Bertan erreanimatu egin behar izan zuten, eta handik erietxera eraman. Frantziako Gobernuaren arabera, Franck Elon Abék, Colonna erasotu zuen korsikarrak Mahoma profeta ez zuelako begirunez tratatu.

Martxoaren 21ean, erasoa jazo eta hiru astetara, Colonna Marseillako ospitalean hil zela jakinarazi zen.

Protestak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colonnaren aurkako erasoak samina sortu zuen Kortsikan eta protesta eta istilu nabariak gertatu ziren irlako hainbat herritan, tartean 10.000 eta 15.000 lagun bildu zituen manifestazioa Cortin eta Bastian, hurrenez hurren.[8][9][10][11]

Istiluak gertatu ziren manifestazioan, eta poliziak ere gogor erantzun zuen. 24 manifestari, horietako batzuk larri, eta 4 polizia zauritu zirela esan zuen Korsikako prefeturak. Istiluen aurrean, Gilles Simeoni Korsikako kontseilu exekutiboko lehendakariak esan zuen manifestazioak emozioa, pena, eta baita haserrea ere erakusten zituela, eta gobernuak ez zuela horiek inola ere baretzeko saiakerarik egin.

Colonnak jasandako erasoaren berria jakin eta berehala zabaldu zen haserrea, Ajaccioko Polizia prefeturaren aurrean ehunka manifestari bildu ziren ostiral gauean eta ateari su eman zioten. Beste hainbat mobilizazio ere egin zituzten.

Martxoaren 6an, uhartera bidalitako hainbat militar eta polizia frantses zekartzan Corsica Ferries konpainiako itsasontzi bati porturatzea ukatu zioten STC sindikatuko hainbat kidek. Korsikarren haserrearen aurrean Paristik bidalitako errefortzuak ziren. Zortzi orduz egon zen ferrya geldirik, Touloneko porturantz buelta hartu aurretik.

Astelehen goizean ere jarraitu zuten protestek, eta hainbat lizeo itxi zituzten ikasleek, Colonnarekiko elkartasunez ateen aurrean barrikadak eginez.

Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiak kanpainako ekitaldia egin behar zuen igandean, baina egoera dela-eta atzeratu egin behar izan zuen[12].

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autonomia Korsikarako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuinguru horretan, Gerald Darmanin, orduko Frantziako Barne ministroa, Kortsikari autonomia estatutu bat ematearen inguruan hitz egiteko prest agertu zen, istiluak bukatzeko aurrebaldintzarekin, betiere.[13]

Korsikako mugimendu nazionalistak zuhurtzia handiz hartu zituen Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak irlaren estatusaz eta beste hainbat auziz esandakoak. Darmanin uhartean zen, eta horretan landu nahi zituen aldarrikapen historikoetako batzuk; batez ere, autonomia estatusa emateaz eta preso korsikarrak hurbiltzea. Alderdi autonomistek eta independentistek, ordea, zehaztasun falta egotzi zioten, eta, are, engaiamenduen zintzotasuna zalantzan jarri zuten. Atzoko bilera «Gaurko prozesu historiko baten lehen pausoa izan behar da. 50 urteko ziklo bat itxi behar du», esan zuen Simeonik atzo, Darmaninekin izandako bilkuraren ostean:

Aipaturiko prozesuaz, Korsikako gobernuburuak azaldu zuen, besteak beste, honako auziez aritu zirela: batetik, Yvan Colonna presoarentzat «egia eta justizia» behar dela; bigarrenik, Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi Korsikako presondegi batera hurbildu behar dituztela, eta «preso dauden gainontzekoak askatu» beharra dagoela; eta, azkenik, Korsikako herriaren aitortza.

«Problematika guztiak landu beharko dira, kulturatik hizkuntzara. Dokumentu batean islatu behar dira gaur harturiko konpromisoak», eskatu zion Simeonik Frantziako Gobernuari[14].

Korsikako preso politikoen hurbilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022ko martxoaren 22an, Frantziako Gobernuak jakinarazi zuen Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi presoak Korsikara hurbilduko zituztela, Borgoko presondegira. Matignonek azaldu zuenez, lekualdatzea beranduenez apiril erdialdean egingo zuten[15].

Yvan Colonnaren kontrako erasoaren ondoren sorturiko testuinguruak erabakiak hartzera behartu zuen Frantziako Gobernua, eta, egoera baretze aldera, Jean Castex Frantziako lehen ministroak DPS bereziki zainduriko presoen estatusa kendu zien bi preso horiei, hilaren 11n.

Biek ala biek 2017tik eskatu ahal dute baldintzapeko askatasuna, baina ezezkoa jaso zuten DPS estatusa izateagatik. Hortaz, ikusteko dago zer gertatuko den apiriletik aurrera; Korsikako mugimendu nazionalistak horiek askatzea ere eskatu izan du.

Alessandri eta Ferrandi 1999an atxilotu zituzten, eta 2003an bizi osoko zigorra ezarri zieten, Claude Erignac prefetaren heriotzarekin zerikusia izan zutelakoan. Harrez geroztik, Frantzian betetzen ari dira kartzelaldiak, Paris inguruan[16].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Berria. «Yvan Colonna preso korsikarra zendu da» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-21).
  2. Jean-Claude Kross & Dominique Paganelli. (2009). Mes convictions intimes. Pygmalion.
  3. a b (Frantsesez) «Yvan Colonna s'est éteint, le symbole demeure» Corse Matin 2022-03-22 (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  4. https://www.berria.eus/albisteak/211129/yvan-colonna-preso-korsikarra-zendu-da.htm
  5. https://www.berria.eus/albisteak/210955/colonnaren-kondena-etetea-erabaki-du-frantziak-laquoosasun-arrazoiengatikraquo.htm
  6. Berria. «Yvan Colonna korsikar presoa oso larri dago, espetxean jipoitua izan ondoren» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
  7. Berria. «Colonna preso korsikarra koman dago» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
  8. Berria. «Korsikan 10.000 lagun kalean Colonnaren alde» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
  9. Lartzanguren, Edu. «Istiluak beste egun batez Korsikan, Colonnaren aurkako erasoarengatik» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
  10. Berria. «Colonnaren aurkako erasoa dela eta, istiluak Korsikan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
  11. Teyseyre Koskarat, Oihana. «15.000 lagun bildu dira preso politiko korsikarren egoera salatzeko manifestazioan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).
  12. https://www.argia.eus/albistea/haserrea-korsikan-yvan-colonna-preso-politikoaren-hilketa-saiakeraren-ostean
  13. Garmendia, Jon Ordoñez. «Paris prest dago Korsikaren autonomiaz hitz egiteko, Darmaninen arabera» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).
  14. https://www.argia.eus/albistea/yvan-colonna-preso-korsikarra-hil-da
  15. https://www.gouvernement.fr/partage/12747-communique-de-presse-du-premier-ministre-jean-castex-sur-alain-ferrandi-et-pierre-alessandri
  16. https://www.berria.eus/albisteak/211180/alessandri-eta-ferrandi-presoak-beranduenez-apiril-erdialderako-hurbilduko-dituzte-korsikara.htm

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]